Ekhi Erremundegi Beloki.
Frantziako Asanblearako bozak. Lehen itzulia Iparraldean. ANALISIA

Frantzia eta Euskal Herria

2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Frantziako ezkerrak amestutako jokalekua utzi dute Frantziako Asanblearako bozek. NUPES koalizioak emaitza biziki onak lortu ditu Frantziako Estatuan, eta parekatua gelditu da Emmanuel Macronen Ensemble koalizioarekin. Bien arteko lehia izanen da bigarren itzulian; erabat kontrakoak diren bi proiekturen arteko talka. Lehen itzuliko emaitzen proiekzioak Macroni gehiengo bat eman liezaioke, baina pentsatzekoa da lehen itzulian bozkatzera joan ez den jendea mobilizatuko dela heldu den igandean. Hori izanen da parioa, behintzat. Macronen aldekoak burumakur agertu dira telebistan; Frantziako ezkerrekoak, ilusioz.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan pareko irudia utzi du hauteskundeen lehen itzuliak. Heldu den igandean, Ensemble eta NUPES lehiatuko dira Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan. EH Baik emaitza onak lortu ditu, baina, boz kopuruan emendatu bada ere, ez du kausitu hautagaietako bat bigarren itzulira pasatzeko helburua. 12.778 boz lortu zituen 2017ko bozetan; 16.385 lortu ditu aurten. Igoera nabarmena.

6. hautesbarrutian zuen esperantzarik handiena EH Baik; Peio Dufau bigarren itzulira pasatzeko aukera ikusten zuten. Izan ere, eremu horretan izan dute bilakaerarik onena azken urteetan ezkerreko abertzaleek. 2020ko herriko bozetan hainbat herriko etxe eskuratu zituzten (Urruña, Ziburu, Itsasu, Biriatu) eta departamenduko bozetan garaile atera ziren Hendaiako (Lapurdi) hautesbarrutian. Hautagaiaren soslaiak ere badu garrantzia: Ziburuko (Lapurdi) hautetsia CGT sindikatuko kide ezaguna ere bada; ezkerreko bozak zakuratzeko egokia. Baina ez da aski izan.

Departamenduko bozek erakutsi zuten Frantziako ezkerra prest dela EH Bairi botoa emateko ezkerraren ordezkari bakarra denean. Hala interpreta litezke, behintzat, Peio Etxeberri-Aintxartek eta Leire Larrasak Donibane Lohizuneko hautesbarrutian 2021eko ekainean lortutako emaitzak. Haatik, badirudi Frantziako dinamika gailendu dela oraingoan; Frantziako erronkak Euskal Herrikoen aitzinetik. Ondoriozta liteke, garai bateko mamuak desagertzen ari badira ere, EH Baik ez duela lortu herritarrak proiektu abertzaleaz konbentzitzea.

Euskal Herriko markoa

Alde horretatik, bosgarren hautesbarrutiko emaitzak ere kontuan hartzekoak dira. Boz kopuruan anitz emendatu dira ezkerreko abertzaleak. Orain dela bost urte, 2.675 boz lortu zituen EH Baik; aurten, 4.385. Sandra Pereira NUPESeko hautagaiaren soslaia izan liteke azalpenetako bat: Frantziari begirako diskurtso nazionalista batekin agertu da, tokiko errealitateari muzin eginez: hizkuntza gutxituen irakaskuntzari koadro egonkorrago bat eman nahi zion Molac legearen kontra da, eta Euskal Hirigune Elkargoaren sorrera ahalbidetu zuen Notre legea ezeztatzea defendatu du, besteak beste. Bi gai horietan abertzaleengandik hurbilagoko posizioak ditu EELVk, eta argumentu hori erabili dute PSko zenbait arduradunek ere Frantzia Intsumisoko kidearen kontra egiteko. Pentsa liteke eremu horietatik jaso duela babesa EH Baik, bereziki ekologistetatik.

«Guk mahaigaineratzen ditugun kezkak beste guziek ere hartzen dituzte, [...] eta erakusten du ideietan irabazten ari garela eta aurrerapausoak eman ditugula», adierazi du Peio Dufauk. Egia da: urteetan ezkerreko abertzaleek bakarrik eraman dituzten gai batzuk beste alderdietako hautagaiek bereganatu dituzte, baina agerikoa da Frantziako logika gailendu dela beste behin. Abertzaletasunak aitzina egin dezan, Euskal Herriko markoan finkatu beharko ditu herritarrak EH Baik. Oraindik badute lana ezkerreko abertzaleek.

Alarma gorria

Parte hartze apala izan dute aurten ere Frantziako Asanblearako bozek. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan herritarren kasik erdiak (%48,69) ez dira bozkalekuetara agertu. Baina bada datu bat alarma gorri guziak piztea merezi duena: eskuin muturrak asko ugaritu du boz kopurua bost urtean Ipar Euskal Herrian. 2017an, 8.657 hauteslek egin zuten Le Penen alderdiaren alde; bost urte berantago, Batasun Nazionala eta Errekonkista alderdiek lortutako babesa batuta, 19.496 boz eskuratu ditu eskuin muturrak. Bilakaera oso kezkagarria da, beldurgarria, eta ezinbestekoa da horri begirako gogoeta sakon bat egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.