Koronabirusa

«Gurekin ez dira akordatzen»

Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek iragarriak zituzten hiru greba egunetako lehenengoa egin dute. Sektorean lan baldintza eskasak dituztela salatu dute, eta lan hitzarmen propioa aldarrikatu. Izurriak are gehiago okertu ditu lehendik zituzten gabeziak.

Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileen giza katea, atzo, Gasteizen. J.FONTANEDA/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Pandemiak azaleratu egin ditu gure lan baldintza prekarioak. Prekaritateak hil egiten du dio esamoldeak, eta gure kasuan, tamalez, hala da». Hitzok David Alonso ELAko ordezkari eta Gasteizko Caser zahar etxeko langilearenak dira. «Gogaituta gaude, eta greba egitea dugu irtenbide bakarra». ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek Arabako zahar etxe pribatuetan eta etxebizitza komunitarioetan deitutako hiru greba egunetatik lehenengoa izan zuten atzo langileek—azaroaren 11rako eta 25erako ere deitu dute grebara—. «Zainketen prekaritatea» eta sektoreko lan baldintza «eskasak» salatzeko atera ziren atzo kalera. Greba egunarekin batera, eguerdian langileek eta dozenaka lagunek giza katea osatu zuten Gasteizko Plaza Berritik Arabako Foru Aldundiaren egoitzaraino, eta arratsaldean manifestazioa egin zuten. Sindikatuek salatu dute %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituztela egoitzetan.

2019ko urtarriletik ari dira borrokan Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak, eta mobilizazioak gogortu egin dituzte orain. «Lan karga izugarria daukagu, eta soldata oso eskasa: 997 euro gordin. Hori kobratzea esklabotasuna da». Adinekoen egoitzetako lan baldintza eskasen berri eman du Nuria Lopez de Uralde LABeko ordezkariak. Azaldu du Arabako zahar etxeetako langileek Bizkaikoek eta Gipuzkoakoek baino 200 ordu gehiago lan egiten dutela urtean, batez beste. Lan hitzarmen propiorik ez daukate, eta Espainiakoa dago indarrean Arabako egoitza pribatuetan. «Hemen ez dugu patronalik, eta ezin dugu ezer negoziatu. Ez dugu solaskiderik, eta horrek zaildu egiten du, nabarmen, lan baldintza duinak negoziatzea».

Orain arte ,huts egin dute egoitzak kudeatzen dituzten enpresen eta sindikatuen artean negoziazio mahai bat eratzeko ahaleginek, eta Arabako Foru Aldundiak ez du inolako irtenbiderik jartzen, Lopez de Uraldek salatu duenez. Diputazioa zahar etxeetako afera konpontzeko erakusten ari den «pasibotasuna» salatu du LABeko ordezkariak.

Koronabirusaren pandemiak okertu egin ditu, nabarmen, adinekoen egoitza pribatuetako beharginen baldintzak. «Egoera gero eta kezkagarriagoa da», ohartarazi du Alonsok. Izurriakerakutsi du zahar etxeetako langileena «funtsezko zeregina» dela gizartearentzat, baina «behar adina baliabiderik» ez dutela, ELAko ordezkariaren hitzetan. Egoeraren larritasunaz ohartarazi du: «Egoiliarrak ez ezik, egoitzetako langileok ere kutsatu egiten gara, baina gurekin ez da inor akordatzen». Pandemiaren bigarren olatuan, dagoeneko hamabost pertsona hil dira Arabako egoitzetan, eta 41 langile gaixo baimena hartuta daude koronabirusagatik. «Bajan dauden langileak ez dituzte ordezkatzen, eta lanean daudenek lanaldia bikoiztu behar izaten dute».

Langileen osasuna eta egoiliarren zaintza elkar hartuta daude. Batak huts egiten badu, besteak pairatzen ditu ondorioak. Adibide bat jarri du Alonsok: «Koronabirus kasuak dituen egoitza batean hamar egun jarraian lanean daramatzan langile batek ezin du kalitatezko zaintzarik eman». Langileen ezinegona azaldu du Lopez de Uraldek ere: «Psikologikoki suntsituta daude, eta ezin dute euren lana behar bezala bermatu». Sindikatuek sarritan salatu dute langileen osasun baldintzak ez direla bermatzen, eta, besteak beste, egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako langile guztiei PCR probak egiteko eskatu dute. «Irailaren 1ean beharrean hasi ziren langile askori ez zieten PCR probarik egin hiru-lau egun igaro arte». Kezkatuta mintzo da Alonso, eta irtenbideak eskatu ditu: «Ez dugu heroiak izan nahi, baina ez ditugu arriskuan jarri nahi gure bizia eta egoiliarrena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.