Propaganda, pantaila txikira

Espainiako Datuen Babeserako Lege Organiko berriarekin, alderdi politikoek eskubidea izango dute sarea arakatuz herritarren profil ideologikoak sortu eta hauteskunde propaganda edozein komunikazio bidetatik igortzeko. Neurri horren «arriskuez» ohartarazi dute adituek.
BERRIA

Edurne Begiristain -

2018ko abenduak 8
Sakelako telefonora, posta elektronikora eta sare sozialetara hauteskunde propaganda iritsiko zaie Hego Euskal Herriko herritarrei aurki. Espainiako Senatuak onartu berri duen Datu Pertsonalen Babeserako Lege Organikoak praktika hori egiteko bidea emango die alderdi politikoei, herritarren aldez aurreko baimenik gabe. Propaganda mezuak ez dira komunikazio komertzial gisa hartuko, «interes orokorra» nagusituko delako. Erakundeentzat eta enpresentzat debekatuta dagoen praktika legezkoa izango da alderdi politikoen kasuan, betiere, hauteskunde kanpainetan egiten badute, legeak jasotzen duenez.

Europako Batasunaren araudira moldatzeko legea da Senatuak onartu berri duena. Europak 2016ko apirilean onartu zuen Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, eta, araua Europako Batasuna osatzen duten herrialde guztietan bete beharrekoa bada ere, estatu bakoitzak propio egokitu behar du legea bere ordenamendu juridikora. Espainiak orain egin du.

Europak onartutako erregelamenduaren ezaugarri nagusia da Interneteko erabiltzaileek beren datuen gainean duten kontrola areagotuko dutela, eta, aldi berean, datuak ezabatzeko, ahaztua izateko, datuak transferitzeko eta haien trataera mugatzeko parada izango dutela. Espainiako Senatuak onartu berri duen legeak bere barruan bildu ditu printzipio horiek, baina, aldi berean, leiho bat ireki die alderdiei spam-a bidaltzeko. Izan ere, hemendik aurrera, besteak beste, alderdiek eskubidea izango dute sarea arakatzeko herritarren profil ideologikoak sortzeko. Herritarren baimenik ez dute behar izango posta elektronikora, Whatsappera edo sare sozialetara hauteskunde propaganda bidaltzeko.

Polemika, azken unean

Azaroaren 20an onartu zuen Senatuak legea. Haren tramitazioa ia inor ohartu gabe egin zen, harik eta legearen azken xedapenaren edukia jakinarazi zen arte. Espainiako Hauteskunde Legea erreformatzen duen artikulu batek —58. bis— baimena ematen die alderdiei datu pertsonalak bilduz herritarren iritzi politikoen inguruko profilak osatzeko. Lege egitasmoaren lehen zirriborroak ez zuen jasotzen artikulu hori, baina PSOEk tramitazioan erantsi egin zuen zuzenketa batean, argudiatuta beharrezkoa zela eskubide digitalak garatzea.

Kongresuak ia aho batez babestu zuen lege proposamena, eta Senatura igaro zen testua. Orduan, komunikabideetan oihartzuna izan zuen gaiak, eta polemika ziztu bizian piztu zen. Adituek salatu zuten arriskutsua zela legearen atal hori, eta kezka horrekin bat etorri ziren Unidos Podemoseko, Compromiseko, Nueva Canariako eta EH Bilduko senatariak, aurkako botoa emanda. Nolanahi ere, gainerako taldeen aldeko botoarekin aurrera egin zuen ekinbideak, eta legea adostasun handiarekin onartu zen. Gehiengo zabalak babestu zuen lege berria: aldeko 220 boto jaso zituen, eta aurkako 21.

Legearen 58. bis artikuluak «zalantza asko» sortu zizkion EH Bilduri hasieratik, eta horregatik erabaki zuen Kongresuko bozketan abstenitzea, Oskar Matute diputatuak BERRIAri azaldu dioenez. «Hainbat atal ez zeuden behar bezala araututa, eta beste batzuk, berriz, gehiegi». Kezka hori areagotu egin zen tramitazioak aurrera egin ahala, eta Senatuko azken bozketan aurkako botoa eman zuen Jon Iñarritu senatariak. «Ezin genuen babestu alderdi politikoek estatus pribilegiatu bat izatea», esan du Matutek.

EH Bilduko diputatua kritikoa da oso onartutako legearekin, alderdiek «zigorgabetasun eremu» bat izango dutelako. «Alderdiok jakitun gaude teknologia berriak ezinbestekoak direla herritarrengana iristeko, baina horrek ez du esan nahi, inolaz ere, politikariok eskubide bereziak izan behar ditugunik». Herritarren eskubideak ez ditu errespetatzen legearen artikulu polemikoak, Matuteren ustez. Bermeak falta direla dio. «Herritarrek eraso modura uler dezakete hauteskunde propaganda modu horretan jasotzea».

EH Bilduk ez bezala, EAJk legearen aldeko botoa eman du. Mikel Legarda diputatu jeltzaleak uste du «okerra» dela gaiari buruz zabaldu den informazioa, eta ukatu egin du legeak alderdiei bidea emango diela herritarren profil ideologikoak egiteko, ez eta hauteskunde propaganda «pertsonalizatua» bidaltzeko ere. Legearen defentsa sutsua egin du Legardak, eta alarma pizteko arrazoi oro uxatu nahi izan du.

Uste du «gaizki interpretatu» dela bere edukia, eta zehaztu du datuen bilketak ez duela bermatuko ez«propaganda pertsonalizatuak» bidaltzea, ez profil ideologikoak lantzea: «Alderdiok herritarrei buruzko datu pertso- nalak iturri publikoetatik bildu ahal izango ditugu jakiteko zein gai interesatzen zaizkien, eta, modu horretan, hauteskunde programak eta proposamenak landuko ditugu. Hori baino ez». Azpimarratu du alderdion praktika guztiak Europako araudiaren babespean eta Datuen Babeserako Agentzien kontrolpean egongo direla, eta, beraz, ez dela ahalbidetuko «neurrigabeko» inolako praktikarik.

Sortutako zalaparta ikusita, oharra kaleratu behar izan du Datuen Babeserako Espainiako Agentziak, legeari egindako kritikak alboratuta. Azpimarratu du araua zorrotza dela eta berme guztiak dituela, eta ohartarazi du gertutik «zainduko» duela alderdiek datuen babeserako araudia betetzen dutela.

Cambridge Analytica berria

Adituak, baina, ezkorragoak dira. Askok Cambrigde Analytica auziarekin alderatu dute artikulu polemikoaren edukia. «Alderdiei aukera emango zaie modu erraz eta doakoan Cambrigde Analytica antzeko bat legezko modu batean egiteko», ohartarazi du Jorge Campanillas Teknologietako Zuzenbideko abokatuak.

Gogoratu behar da Cambrigde Analytica auziak lurrikara politikoa sortu zuela Ameriketako Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan. Enpresa horrek Facebook sare sozialeko 87 milioi erabiltzaileren datuak bildu zituela zabaldu zuten The New York Times eta The Guardian egunkariek. AEBetako 2016ko presidentetzarako bozen emaitza baldintzatzea zuen helburu datu bilketak. Gerora jakin zen enpresak harremana zuela brexit-aren aldeko talde batekin, eta zalantzak sortu ziren enpresak eraginik izan ote zuen Europako Batasunetik atzeratzeko erreferendumean ere.

Aurrekari horiek ikusita, gurean ere alarma guztiak pizteko arrazoiak badirela iritzi dio Campanillasek. «Ate bat irekiko du hauteskunde garaian alderdiek herritarron datuak eskuratzeko eta horien tratamendua egiteko, guri baimenik eskatu gabe». Abokatuak uste du inolako bermerik ez duela ematen legeak, eta aukera zabaltzen duela profil ideologikoak eta hauteskunde publizitatea nahieran bidaltzeko. Ohartarazi du benetako «arrisku» bat dagoela, erabiltzaileen datuak hauteskunde kanpainetatik harago erabiltzeko parada emango baitie alderdiei. «Norbaitek uste al du behin datuak bilduta alderdiek horiek ez dituztela erabiliko hauteskunde kanpainetatik kanpo?».

«Arriskuaz» mintzo da, halaber, Matute EH Bilduko diputatua. Uste du herritarren iritziak eta usteak «boteretsuen nahierara eraikitzeko» saiakera bat egon daitekeela legearen atzean. PSOEk eta PPk elkar hartuta onartu dute legea, eta haien interesak beteko ditu, Matuteren iritziz. «Alderdi boteretsuek dirutza inberti dezakete analisten talde informatiko handiak kontratatzeko, eta haien bitartez erabiltzaileen target-ak eta profilak egiteko. Gainerako alderdiek ez dugu aukerarik horretarako». AEBetan Donald Trumpekin edo Brasilen Jair Bolsonarorekin gertatutakoarekin antzekotasunak ikusten dizkio Matutek, hango hauteskunde kanpainetan berebiziko garrantzia izan zutelako sare sozialetan lortutako erabiltzaileen datuek. «Argi dago zein eredutarantz goazen».

Kezkatzeko arrazoirik ez dagoela berretsi du, ostera, Legardak. Azpimarratu du lehen aldia dela Europako erakundeek europar guztien oinarrizko eskubide bat arautzen dutena, eta hori «nahikoa berme» dela herritar guztien eskubideak errespetatuko direla ziurtatzeko. Haren iritziz, Espainiako legearen tramitazioan ere «lan oso teknikoa» egin da erabiltzaileen datuen babesa bermatzeko. Gainera, gogoratu du herritarrei propaganda ez jasotzeko eskubidea bermatzen diela legeak.

58. bis artikuluaren bosgarren atalak jasotzen du aurka egiteko eskubide hori. Zehazki dio hartzaileari «aurka egiteko» eskubidea emango zaiola «modu erraz eta doako batean». Alegia, behin hauteskunde propaganda jasotzen denean, berriro ez jasotzeko eska dezakete herritarrek. Legea babestu dutenek aurrerapausotzat jo dute atal hori, baina adituek ez dute gauza bera pentsatzen. Campanillasek argi du: «Ezezkoa aldez aurretik eman behar da, alderdiek datu basea egiteko aukerarik izan ez dezaten».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Edurne Begiristain

Informazio osagarria