Arriolak argitu du alokairu politikak «ereiteko» aurrekontuak dituela

Etxebizitza hutsak merkaturatzeko diru saila 4,5 milioi euro handitu dute. Aurten alokairuko 720 etxebizitza egiten hastea aurreikusita dago

Jon Rejado.
Gasteiz
2017ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
EAEko Etxebizitza Legeari erantzuteko, alokairu publikoko 18.000 etxebizitza beharko dira zortzi urtean. Bada, etxebizitza eskubidea bermatzeko zeresan zuzenena duen sailak alokairu politikak «ereiten hasteko» moduko aurrekontu proiektua prestatu du 2017. urterako. Hala hausnartu du Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurralde Politika eta Ingurumen sailburuak: «Ezin dugu parekatu gure alokairu politika beste herrialde batzuetakoekin; ez daramagu horrenbeste denbora, eta, egin dugunean, tarteka izan da».

Arriolaren sailak 191,8 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du, 2016koa baino %7,2 handiagoa: 12,9 milioi euro gehiago. Hazkundeak, baina, ez dio sail osoari eragingo. Diru hori etxebizitza politiketara zuzenduko dela jakinarazi zuen atzo sailburuak, Eusko Legebiltzarreko Aurrekontu Batzordean eginiko agerraldian —aurrekontuen inguruko xehetasunak ematen ari dira sailburuak egunotan—. Areago, hazkunde horren herena diru sail bakar batek hartuko du: Bizigune programari dagokiona.

Jabe pribatuen etxebizitza hutsak merkaturatzen ditu Bizigunek, Eusko Jaurlaritzaren bermearekin. Programa horrek 19,5 milioi euro jaso zituen iaz, eta, 2017ko zirriborroan, 24 milioira igo dute diru sail hori. Bultzadaren atzean dago Jaurlaritzaren alokairu publikoko etxebizitza falta. Hala, etxebizitza legeak sortutako premiak programa horren bitartez asetzen saiatuko da. Bizigune 5.100 etxebizitza kudeatzera heldu zen, baina egun 4.500 ditu esku artean. Jaurlaritzak 5.200era igo nahi du alokairu kopurua. Horretarako, gehieneko alokairua handituko du, jabeentzat erakargarriagoa izan dadin: hilean 450 eurokoa da egun, eta 525era igoko du.

Bestalde, Arriolak iragarri du 2017rako aurreikusten duela alokairuzko 720 etxe eraikitzeko tramiteak abiaraztea. 250 Etxebizitza Sailarenak izango dira; 220, Visesa elkarte publikoarenak; eta 250, udalek sustatutakoak. Ekinbide pribatuko sustatzaileek 80 alokairuzko etxe egingo dituzte, baina erosteko aukerarekin.

Eraikitzeaz gain, sailburuak azaldu du etxebizitza politiketara bideratutako hiru eurotik bat zaharberritzera bideratuko dutela.

Aurrekontu desorekatua

Etxebizitzan lehentasunak jarri izanak eragindako desoreka kritikatu diote legebiltzar taldeek Arriolari. Ingurumenari dagokion azken hamar urteetako aurrekontu txikiena prestatu izana leporatu diote. Areago, zenbait alor desagertzetik gertu egotera arte urritu dituztela zehaztu dute. Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak diru sail zehatz bat aipatu du, klima aldaketari dagokiona: 2016ko aurrekontuetan 300.000 euro izan zituen; aldiz,2017ko aurrekontu proiektuan 10.000 euroan utzi dute. Arriolak erantzun dio Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak hainbat diru sail dituela klima aldaketaren aurkako politikak abiarazteko.

Horrez gain, Iñaki Arriolak hainbatetan errepikatu du aurrekontu handiagoa izan nahiko lukeela, politika gehiago martxan jartzeko. Ordea, esku artean dituen baliabideekin lehentasunak ezarri behar dituela gaineratu du, eta, alde horretatik, etxebizitza politikek pisu handiena hartu dutela berretsi du.

Azkenik, lurraldea antolatzeko gidalerroak berritzeko prozesuarekin jarraituko duela azaldu du. 2016an aurkeztutako testua administrazioei bidali dietela jakinarazi du, horien ekarpenak jasotzeko. Hartara, urte amaieran Euskal Hiria batzarrean behin-behineko testua aurkeztu eta onartu ahal izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.