Alemaniak hiru findegi nazionalizatu ditu

2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Errusiarekin dituen energia loturak hausteko beste urrats bat egin du Alemaniako Gobernuak. Nazionalizatu egin ditu Rosneft Errusiako konpainiak Alemanian zituen hiru petrolio findegi: PCK (Schwedt), MiRO (Karlsruhe) eta Bayernoil (Vohburg). Hiruren artean Alemaniako petrolioaren %12 fintzen dute, eta, kontrolpean hartuta, Alemaniako Gobernuak ziurtatu nahi du Errusiak ezingo duela esku hartu bere politika energetikoan. «Aspaldi ohartu ginen Errusia ez dela energia hornitzaile fidagarria. Horregatik da garrantzitsua ahal duguna egitea Alemaniaren energia hornidura bermatzeko», justifikatu du Olaf Scholz kantzilerrak. «Errusiarekin dugun mendekotasuna hausten ari gara».

Nazionalizazioaren beste helburua da PCK findegiaren porrota eragoztea. Izan ere, findegi horrek Errusiatik jasotzen zuen petrolio gehiena, Druzhba oliobidearen ondoan baitago. Harentzat beste hornitzaile bat lortzen saiatu da Alemania, baina Rosneftek akzioen %54 edukitzeak mugimenduak zaildu ditu.

Schwedt hiriko findegia oso garrantzitsua da, handik hornitzen baitira gasolinaz, gasolioz eta kerosenoz Berlin eta haren ingurua. Mugimendua orain egitea espero zen, abenduan jarriko baitu indarrean Europako Batasunak Errusiako petrolioaren bahimendua. Berlinen asmoa da petroliontzien bidez hornitzea PCK, oliobide batek lotzen baitu Rostockeko portuarekin.

Uniper gas inportatzaile nagusia eta beste batzuk ere nazionalizatzeko asmoa du Scholzek gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.