Maider Zilbeti.
Hauteskundeak Mexikon. IRITZIA

Parekidetasunetik feminismora

2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Hauteskundeak egingo dituzte bihar Mexikon, eta aukeratuko dituzte presidentea, 500 diputatu, 128 senadore, zortzi gobernadore, eta Mexiko Hiriko gobernuburua eta hiriburuko udaletako ordezkariak. 3.400 kargu guztira. 89 milioi pertsonatik gora daude hauteskundeetara deituta. Iazko abenduan hasi zituzten kanpainaurreak, eta kanpainak etorri ziren ondoren. Munduko Koparen hasierarekin batera, ordea,hauteskundeen inguruko berriak egunkarietako lehen orrialdeetatik eta telebista saioen eztabaida nagusietatik desagertu dira.

Hauteskundeetarako zerrendetan sexu parekidetasuna exijitzen zuen artikulua gehitu zitzaion Mexikoko Konstituzioari 2014an, eta oraingo hauteskundeetan ikusiko da printzipio konstituzional horren eraginkortasuna. Bestalde, gehienetan nazioarteko konbentzio eta akordioek eskatuta, Mexikok hainbat lege eta programa bultzatu ditu azkeneko 11 urteetan, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzearren, eta baita emakumeen aurkako bortizkeria desagerrarazteko ere. Egitura legal eta programatiko honek, ordea, oso zail egiten du bertatik eratortzen diren politika publikoak eraginkorrak izatea. Izan ere, politikoki egokiak diren baieztapenek betetzen dituzte legeen artikuluak, eta ez dute gizartearen egitura, iruditeria sinbolikoa eta bortizkeria desaktibatzeko bezainbesteko indarrik.

Berdintasunerako bidean Mexikok duen erronkarik presazkoena, lehendabizikoa, feminizidioak dira; hau da, emakumezkoa izate hutsagatik erailtzen dituzten emakumezkoak. 2016ko datuen arabera, egunero, batez beste, 7,5 emakumezko hiltzen dituzte Mexikon.

Presidente izan nahi duten hautagaiek zer diote honen aurrean? Hautagaien arteko hirugarren eta azkeneko eztabaidan, emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko zer egingo zukeen galdetu zioten Jose Antonio Meade Todos por Mexico koalizioaren hautagaiari, eta haren erantzuna izan zen Mexikoko futbol selekzioari onena opa ziola hastear zegoen Mundu Kopan. Bere hauteskunde programan, ordea, hainbat neurri aurkeztu ditu emakumeek bizi izaten dituzten diskriminazioen eta bortizkerien aurrean; baina ez du argitu horiek nola eramango dituen aurrera. Hauek dira neurriak: etxean lan egiten duten emakumeentzako gizarte segurantza; soldata bera lan bera egiten duten emakumezko eta gizonezkoentzat; adinduentzako eguneko etxeak; kredituak emakumeek negozio berriak abiaraz ditzaten; egun osoko haurtzaindegiak; eta segurtasuna emakumeak beldurrik gabe bizi daitezen.

Ricardo Anayak Por Mexico al Frente koalizioaren buruak, Meadek bere programan egiten dituen hainbat planteamendu bere egiten ditu, eta feminiziodioak saihesteko estrategia nazionala egitea gehitzen dio. Baina nola egingo du hori? Fiskaltza berezia abiatuko du. Egun, badira fiskaltza bereziak emakumeen aurkako bortizkeria ikertzeko, eta horiek ez dituzte jaitsi feminizidioak eta emakumeek jasaten dituzten bortizkeria moldeen kasuen kopuruak.

Andres Manuel Lopez Obrador Juntos Haremos Historia koaliziaren buruak generoen arteko berditasuna aipatzen du bere programan, jatorri etniko eta ez-etniko desberdinetako pertsonen berdintasunarekin batera; baina gaian sakondu gabe. Bestalde, Femsplaining eskuliburua argitaratu zuen koalizioak ekainaren 1ean. Proposamen honekin, emakumeek jasaten dituzten egoera bortitz eta diskriminatzailei —adibidez, lan espazioan gertatzen diren sexu erasoak— proposamen zehatzen bitartez erantzutea eskatzen dute. Koalizioan lanean ari diren emakume feministek egindako eskuliburua da honako hau, eta, gainontzean hauteskunde programarekin loturarik ez baldin badu ere, aurrerapauso garrantzitsua da. Izan ere, koalizio bakarra da emakume feministak eta beraien aldarrikapenak barne hartzen dituena; esaterako, Marta Lamas antropologoarenak eta Olga Sanchez-Cordero Auzitegi Goreneko epaile ohiarenak. Oraingoan feminismoaren presentzia ezin baldin bada bermatu diputatuen ganberan, senatuan eta botere exekutiboan, beste sei urte itxarotea geratzen zaigu emakumeen eskubideak bermatzen has daitezen aukera izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.