DARWIN ETA GU

Maitasunik gabe

Jose Mari Pastor -

2018ko irailak 29
Zinema bezain dirdiratsua izan daiteke —eta bada, batzuetan— amodioa. Pantaila erraldoian hainbat maitasun istorio azaldu dira zazpigarren artea sortu zenetik, gehienetan ohiko erlazio heterosexualen ildokoak, happy end batekin: boy finds girl edo girl finds boy, baina mutilari sinetsarazi dio neska berak aurkitu duela. Eta aurrera.

Bat egiten dugu maite-garrez, dramaz eta umorez ondo dosifikatutako argumentuetako pertsonaien poz eta sufrimenduarekin. Bizitza irrealeko pertsonaiak bizitza errealaren parte izatera iristen dira, gure ondasun emozionalen erreferentzia. Buruan ditugu amodiozko film ezagunenetako bikoteak: Clark Gable eta Vivien Leigh, Humphrey Bogart eta Ingrid Bergman, Kate Winslet eta Leonardo DiCaprio, Meryl Streep eta Clint Eastwood. Haien glamourraren izpiak gure ortzietan lehertzen dira, iluntasuna txinparta biziz koloreztatzeko.

Glamour hori gogoan apaindua dago Donostiako hotel bat. Urtero gogorarazten dit Zinemaldiak. Gela barruko zein kanpoko hormetan hainbat aktoreren argazkiak daude: Bette Davis, Joan Fontaine, Gregory Peck, Al Pacino, Catherine Deneuve... Eta Richard Gere eta Julia Roberts. Pretty Woman.

Hotelaren webgunean galdera erakargarri hau jarri dute: Zein izarrek lagunduko dizu zeure ametsetan? Marketin ederra, alde makurra izan dezakeena: hormako izarraren argiak oheko maitaleak itsutzea, itzaltzea. Zer sentitu jardunean hasten bazara aktore baten zeluloidezko begiak so dituzula? Morboa, lotsa eragin diezazuke. Traba edo pizgarria izan daiteke. Behin Mel Gibson-en poster baten azpian egitea egokitu zitzaidan. Mel Gibson Mel Gibson zen garaietan, ez Mel Gibsonen karikatura —Lethal weapon pelikularen garaietan, alegia—. Neska hark aktorearen poster handi bat zuen logelan, oheburuaren atzeko horman. Tarteka burua altxatu eta hor ikusten nuen Mel, azterketa gaindituko ote nuen begira. «Ondo ari naiz?». «Ez dago gaizki; segi horrela, baina erritmoa apur bat moteldu».

Maitasunaren ereduen ispilua izan daitezke filmak. Zer egin lagun ezagutu berriak esaten badizu Pretty Woman duela pelikularik gustukoena? Harekin bat etorri ala zure aukera Dersu Uzala dela bota, intelektual pureta aspergarria zarela pentsatu eta alde egin dezan? Dena den, Pretty Woman filmeko erlazioa aztertzeko modukoa da. Istorioak dituen hainbat ezaugarri sexista alde batera utzita, beste irakurketa bat egin daiteke, tartean prostituzioaren gaia badago ere: harreman afektiboen bideak ez du zertan beti modu bakarrean garatu. Sexu hutsetik maitasunerantz joan daiteke. Dena ez da izarren argiaren azpian maitemintzea, batak besteari bihotz gardena eskaintzeko gure zeruetako lorategian. Beste aukera batzuk ere badaude, eta uste baino sarriago zabaltzen dira. Amodio fisikotik ohiko maitasun harremanerantz abiatzen dira, pixkanaka-pixkanaka.

Lagun bat dut, emakumezkoa, nerabezaroan Bizkaiko herri batera joan zena sexu librea aldarrikatzera. Hitzaldi bat eskaini zuen bertako Emakumeen Sustapenerako Zentroan proposamen iraultzailea egiteko: «Emakumezkook maitasunik gabe egin behar dugu larrutan. Gizonezkoek bezalaxe». Hiru hamarkada igaro dira. Lagunak zabaldu nahi zuen aukera orduan baino hedatuago dago egun. Ezin jakin, ordea, zenbateraino.

Gauza batzuk ez dira aldatu, baina. Gure beldurrek eta zalantzek bizi-bizirik segitzen dute. Duela gutxi azaldu zidaten adibide hau: Bilboko neskato batek bere ikasgelako nesken erdiak baino gehiago, 14 urtekoak, jadanik ez direla birjinak esan zion amari. «Eta nik noiz egin behar dut?». Amak «momentua» helduko zaiola erantzun zion. «Nigatik balitz, 18 urte dituzunean, baina badakit gaur oso zaila izango dela. Ez egin mutil batek nahi duenean edo beste nesken edo lagunen presioagatik. Soilik zuk hala erabakitzen duzunean. Eta kondoia erabilarazi beti». Amak azken aholku hau eman zion: «Lehen aldia izango da. Saia zaitez alproja ziztrin batekin ez egiten». Maitasunarekin edo maitasunik gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna