Badoa Merkel, badator Biden

Amaitu dena suntsitzeen eta krisien urtea izan da; 2021a, hortaz, aldaketena, arriskuena eta eraikitze lanena izango da. Hauteskunde erabakigarriez jositako hamabi hilabete ere izango dira.

Bi polizia urte berriari ongietorria egiteko atondutako Moskuko kaleetako bat zaintzen. MAXIM SHIPENKOV / EFE.
ander perez zala
2021eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Gatazkatsuagoa, polarizatuagoa eta pandemia batek suntsiturikoa izango da aurtengo mundua. Krisiaren ostean aukerak datoz, eta agintariei erabakiak hartzea egokituko zaie: aldaketak beharrezkoak izango dira, arriskuak hartzea saihetsezina eta eraikitze lanak ezinbestekoak, kontuan harturik desberdintasunak handitu egin direla azken hilabeteotan.

Pandemiaz eta horren kudeaketaz haratago, nazioarteko gertakarietan eta harremanetan eragin handia izango duten hamaika gertakari izango dira aurten.

AEB
ZENBATERAINOKO
ALDAKETAK ETXE ZURIAN?

Donald Trumpik gabeko urtea izango da 2021a. Joe Bidenek eta Kamala Harrisek hilaren 20an egingo dute karguen zina, eta haiengan jarritako aldaketa nahiei eta itxaropenei erantzun pisutsuak ematea egokituko zaie. Arriskua zera izango dute: horiek ez betetzea, Barack Obamarekin auzi askotan gertatu zen bezala. Horretan zerikusi handia izango du hilaren 5ean Georgian egingo dituzten Senaturako bozak, goi ganberaren kontrolaren balantza alde batera edo bestera mugituko baitute, eta, hortaz, Bideni agintaldia erraztu edo zaildu.

Etxe Zuriko maizter berrien agintaldiak AEBen boterea egonkortzeko balioko du. Parisko Hitzarmenera itzultzea, esaterako, pauso erabakigarri bat izango da, klima larrialdiaren aurkako borrokan aliatuek begi onez ikusiko baitute erabaki hori. Baina, aldi berean, argitzeko dago, batez ere atzerrian, zenbaterainokoa izango den aldaketa eta Trumpekiko aldea. Azken horrek isolazionismoaren estrategia erabili zuen, eta presidente berriak, berriz, aliatuekiko lankidetzan jarriko du arreta. Horrek, ordea, praktikan aurreko logikara itzultzea dakar: AEBak lider eta nagusi izatea, eta gainontzekoak horien aginduetara egotea.

Subiranotasun estrategikoaren ikuspuntutik, batez ere EB Europako Batasunarentzat izan liteke atzerapausoa; baina bereziki interesgarria izango da Washingtonek Ekialde Hurbilean hartuko duen rola, azken lau urteotan pisua galdu baitu Errusiaren eta Txinaren mesederako hango Alderdi Komunistak 100 urte beteko ditu aurten. AEBak Irango akordio nuklearrera itzultzeak eta martxoaren 23an Israelen egitekoak diren parlamenturako bozen emaitzek paisaia erabat molda dezakete berriz ere. AEBak potentzia gisa itzultzea ala rol hori beste modu batera bideratzea, hori izango da Bidenen zalantza atzerrian.

Etxean, estatuburu berriak erronka handi bat izango du aurretik: polarizaturiko eta bitan zatituriko herrialde bat elkartzea. Iragan azaroko bozek demokraten garaipena ekarri zuten arren, agerian utzi zuten trumpismoa bizirik dagoela, eta kontuan hartu beharreko mugimendu bat izango dela datozen urteetan.

Pandemiak sorturiko egoerari aurre egiteko moduak, desberdintasunak amaitzeko gaitasunak eta barne kohesioari eusteko asmoek emango dute zeresana AEBetan abiatuko den agintaldian; Bideni, gainera, komeniko zaio Alderdi Demokratan ezkerrerago daudenen mobilizazio gaitasunari eustea. Hori, ordea, ez da doakoa izango.

ALEMANIA
BERLINEK ETA BRUSELAK GIDARIA ALDATUKO DUTE


Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren ia hamasei urteko agintaldia aurtengo udan amaituko da, irailaren 26ko hauteskundeen aurretik, eta galdera eta zalantza handiak daude horrek eragingo duen testuinguruaren inguruan, bai Alemanian, baita EBn ere.

Merkelen agurrak hutsune sentsazio nabarmena utziko du kontinente zaharrean, zorabioa eta desegonkortasuna ez esatearren. Oraindik ikusteko dago Alemaniak zer norabide hartuko duen urritik aurrera hasikoduen aro berrian, horretan erabakigarriak izango baitira bere alderdi CDUren primarioak hilaren 16an egingo dituzte: haren norabideari jarraitu, ala haustura eragin, eskuinerago joateko.

Inkestak kontuan harturik, CDUk eta Aliantza 90/Berdeak alderdiak elkarrekin gobernatzeko aukera izango lukete, eta bi alderdietako agintariak horretarako prest agertu dira jada. Baina Merkelen alderdiko buruzagitzan politikari eskuindarrago bat izateak atzera bota litzake ekologistak, SPDko sozialdemokratekin eta Die Linkeko ezkertiarrekin koalizio bat osatzeko; edo, beharrezkoa balitz, FDPko liberalekin. Hainbeste urteren ostean CDU agintetik botatzea lurrikara politikoa litzateke.

Horretaz haratago, Alemaniako kantzilerrak azken hilabeteak ditu agintean bere herrialdea epe luzerako erronkei begira prestatzeko; orain arte, Europako eta inguruko herrialdeen arazoek eta mehatxuek gutxitan izan dute eragina etxeko egonkortasun politikoan, baina Merkelen ordezkoak ez du zertan zorte bera izan.

Bada Europan Berlingo aldaketa aukeratzat ikusiko duten asko, tartean Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, batez ere bere herrialdearen lidergoa sendotzeko talde komunitarioan. Frantziaren eta Alemaniaren arteko aliantza ez da arriskuan egongo, baina Macronek rol garrantzitsuagoa izan nahi du, Europako Batasunaren lidergoa hartu; horrek balioko baitio, besteak beste, 2022ko presidentetzarako bozetarako kanpaina abiatzeko.

KATALUNIA, KORSIKA ETA ESKOZIA
BIDEGURUTZEEN ATARIAN


Katalunian otsailaren 14an egitekoak diren parlamenturako hauteskundeak erabakigarriak izango dira indar orekari begira; bai etxean eta bai kanpoan, Espainiako koalizio gobernuaren gobernabidean. ERC Esquerra Republicanakoen eta Carles Puigdemonten Junts per Catalunyakoen arteko lehia erabatekoa izango da bozen egunera arte, ERCkoak independentismoko lehen indarra bilakatzeko ahaleginetan ari baitira. Hortaz, gakoa urteotan batetik bestera mugitzen aritu diren boto emaileak erakartzean egongo da.

Erreferendumaren eskariari zilegitasuna emateko, subiranistek helburutzat jarri dute botoen erdiak baino gehiago jasotzea, eta batez ere ERC ari da estrategia horretan sakontzen, lehenik «oinarria zabaldu» behar dela argudiatuta. Halere, CUPen proposamenari ez dio ezezkoa eman: 2025erako beste galdeketa bat antolatzea, eta, beharrezkoa balitz, aldebakarrekoa izatea.

Korsikaren kasuan, berez martxo erdi-amaiera aldera egingo dituzte Asanblearako bozen bi itzuliak, baina pandemiaren ondorioz litekeena da ekain bukaerara atzeratzea. Data edozein dela ere, Korsikako nazionalistak euren hegemonia egonkortzeko aukeraren aurrean daude, 2015eko eta 2017ko hauteskundeak irabazi, Frantziako Asanblea Nazionalean hiru diputatu lortu, Senatuan ordezkari bat eta Europako Parlamentuan beste bat eskuratu eta herriko bozetan alkatetza gehiago lortu ostean.

Bide arrakastatsu horretan, ordea, aurtengo bozak izango dira arriskutsuenak. Batetik, Gilles Simeoni Korsikako presidenteak eta Jean-Guy Talamoni Korsikako Asanbleako presidenteak osatzen duten aliantzak ez du lortu aldarrikapen historiko bakar bat ere: autonomia estatusa, presoen amnistia, korsikeraren koofizialtasuna edota egoiliar estatusa. Are, Ajaccioren eta Parisen arteko elkarrizketak etenda jarraitzen du.

Bestetik, mugimendu nazionalistan badira kexak, batez ere Simeoniren estrategiarekin. Hala, aldarrikapenen auzia agenda politikotik kanpo dago, eta horrek zatiketak eragin ditu autonomisten artean; oraindik zehazteke daude hauteskundeetarako zerrenda eta aliantzak, baina litekeena da batasuna erabatekoa ez izatea, ez behintzat aurreko bozetan bezalakoa.

Europa iparraldean, maiatzaren 6rako daude finkatuta Eskoziako Parlamenturako hauteskundeak, eta kanpaina auzi bakarraren ingurukoa izango da: bigarren erreferenduma eta independentzia. Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek aldeko ditu inkesta guztiak; horien arabera, bere alderdi SNPk gehiengo osoa berreskuratuko du, eta, Alderdi Berdearen diputatuak gehituta, independentistek parlamentuaren bi heren izango dituzte.

Indar oreka horrekin, Sturgeonek uste du Boris Johnsonek ezingo diola ezezkoa eman bigarren independentzia galdeketa egiteari. Eskoziako lehen ministroak jakinarazi zuen bozen kanpainaren aurretik emango zuela bide orriaren eta balizko erreferendumaren galderaren berri, eta, hortaz, aurten bi agintarien arteko talkan sakontzea espero da, kontuan harturik Sturgeon geroz eta presio handiagoa jasaten ari dela alderdi barruan. Halere, ez da galdeketarik espero 2021erako.

Eskoziako bozen egun berean, ikusteko dago Galesko Parlamenturakoek zer paisaia politiko utziko duten, eta Plaid Cymru alderdi independentista brexit-aren aurkakoak bere proiektura erakartzeko gai izan den.

LATINOAMERIKA
ETORKIZUN MUGITUA


Urte mugitua izango da 2021a Latinoamerikan, batez ere iragan urteko gertakariek baldintzatuta. Txilen, esaterako, konstituzio berri baten aldeko garaipenak egoera lasaitu du, baina ezin da erabateko egonkortasunik espero, beste lehia politiko bat hasi baita. Aurtengo apirilaren 11n hautatuko dituzte testu berria idatziko duten 155 herritarrak, eta, lan hori amaitzean, printzipioz 2022an egingo dute galdeketa.

Egoera antzekoa izango da Bolivian ere. MASeko Luis Arceren iragan urriko garaipen ikusgarriak urtebeteko krisi politikoa amaitu du herrialde horretan, baina itxaropen handiak daude jarriak harengan, handiegiak agian, eta aurten haiek betetzeko urtea izango du Arcek, pandemiak eragindako krisi ekonomiko eta soziala tarteko. Antzeko egoeran daude Argentina eta Brasil ere, eta Mexikon eta Kolonbian indarkeriaren gorakadak kezka handia eragin du, ez baitirudi aurten joera aldatuko denik.

Gertakari horietaz haratago, bozez jositako urtea izango da Latinoamerikan, maratoi itxurakoa: Ekuadorren, parlamenturako eta presidentetzarako bozak, otsailaren 7an; Perun, presidentetzarakoak eta parlamenturakoak, apirilaren 11n; Argentinan, Kongresuko bi ganberak berritzekoak, urriaren 24an; eta Txilen, presidentetzarakoak, azaroaren 21ean, adibide batzuk aipatzearren.

Kuban, gainera, Alderdi Komunistak apirilaren 16 eta 19 artean egingo du VIII. Kongresua, eta belaunaldi aldaketaren isla izango da: Raul Castrok idazkari nagusi kargua utziko du, eta Miguel Diaz-Canel herrialdeko presidenteak hartuko du postu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.