Maidaneko protesten urteurrenean gobernu koalizioa adostu dute

Ukrainako Parlamenturako bozetan ordezkaritza lortutako bost alderdi europazaleek osatuko dute gobernua.

NATOn sartzea eskatuko dute
Petro Poroxenko, atzo, protestetan hildakoen omenaldian.
Petro Poroxenko, atzo, protestetan hildakoen omenaldian. S. DOLZHENKO / EFE

Adrian Garcia -

2014ko azaroak 22
Mendebalderantz pauso erabakigarria eman du Ukrainak Maidaneko protestak hasi eta urtebetera. Akordio historiko bat, egun historiko batean. Izan ere, Petro Poroxenko presidenteak ezarritako Ohorearen eta Askatasunaren Eguna ospatu zuten atzo Ukrainan, Viktor Janukovitx orduko presidentearen agintaldiarekin amaitu zuten protestak oroitzeko. Urteurren hori baliatu dute koalizio gobernuaren berri emateko. Urriaren 26ko hauteskundeetan parlamentuan ordezkaritza lotu zuten bost alderdi europazaleek osatuko dute koalizioa. EB Europako Batasunean eta NATOn sartzea lehentasuna izango du.

Ia hilabete baten ondoren erdietsi dute akordioa. Hilaren 27an izenpetuko dute akordioa, parlamentuko lehen saioan. Poroxenkoren Blokea, Fronte Popularra, eskuin muturreko Alderdi Erradikala,Samapomitx (Autolaguntza) eta Batkivstxina (Aberria) alderdiek osatuko dute gobernua. Oposizioaren Blokea alderdi errusiazalea da koaliziotik at geratu den parlamentuko indar bakarra. Svoboda (Askatasuna) alderdi neonazia ere koaliziotik at geratu da, ez baitzuen parlamenturako bozetan %5eko langa igaro. Halere, izango du ordezkaritza parlamentuan, sei barrutitan bozak irabazi baitzituen.

Poroxenkoren Blokearen eta Fronte Popularraren arteko desadostasunek luzatu dituzte negoziazioak. Okerrik ezean, Arseni Jatseniuk Fronte Popularreko hautagaiak lehen ministro karguari eutsiko dio, Poroxenkok haren hautagaitza babestu baitu. Azken asteetan eginiko adierazpenetan, Jatseniukek bere gobernukideen alde egin du. Stepan Poltorak Defentsa ministroa, Pavlo Klimkin Atzerri ministroa eta Arsen Avakov Barne ministroa mantentzearen alde egin du. Hamar egunen buruan osatuko dute gobernua.

Gehiengo osoa izango dute koalizio gobernuko alderdiek; inoiz baino europazaleagoa izango da parlamentua. 450 eserlekutatik, 289 beteko dituzte. Legebiltzarreko 29 eserleku hutsik geratuko dira, Krimean eta Luhanskeko eta Donetskeko hainbat barrutitan ez baitzuten bozkatzerik izan.

Hala eta guztiz ere, erronka handiei aurre egin beharko dio koalizioak. Ekonomia hondoa jota dago, Mendebaldeko maileguen menpe, eta suspertzeko erreforma estrukturalak egin beharko ditu. Dagoeneko iragarri dute energia sektorean eta defentsa eta justizia alorrean aldaketak.

Baina ekialdeko matxinoen aurkako gerrak xurgatzen du aurrekontuaren zati handi bat. Su-etena ez da errespetatzen, egunero daude borrokak, eta Kieven eta matxinoen jarrerak ezin adiskidetuzkoak dirudite. Atzo bertan, Ukrainako armadako bozeramaile Andrei Lisenkok Errusiak eraso egin izana salatu zuen. «Minskeko protokoloa sinatu genuenetik [irailaren 5ean] lehen aldiz Errusiak gure lurraldearen aurka su egin du».

Koalizioaren lehentasunen artean dago EBn eta NATOn sartzea. Aliantza militarrean sartzeko, baina, lehenengo Ukrainari neutraltasun estatusa kendu beharko diote.

Joe Biden Kieven

Orain urtebete piztutako protestetan du jatorria Ukrainako gatazkak. Orduko gobernuak, Janukovitxen gidaritzapean, EBrekin elkartze akordioa sinatzeari uko egin zion, eta Maidaneko protestak hasi ziren. Orduan oposizioan zeuden alderdiak babesten zituzten manifestariek, baina liskarretan, eskuin muturreko alderdien jarraitzaileak nabarmendu ziren. Ekialdeko errusiazaleen arabera, estatu kolpe faxista izan zen hura.

Hildako ugari izan ziren manifestarien eta Poliziaren arteko liskarretan. Otsailean bakarrik, hiru hilabeteko protesten ostean, ehun lagun hil zituzten. Poroxenkok biktima guztiei ohore-domina eman zien atzo. Joe Biden AEBetako presidenteordearen bisita jaso zuen Kieven. Maidaneko mugimenduaren aldeko hitzak izan zituen AEBetako mandatariak. «Herri aparta zarete, ausarta. Balia ezazue une hau merezi duzuen demokrazia eraikitzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna