Biodibertsitatearen rola gure gizartean

Aitor Montes Arrondo
2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Lur planetak bere historia geologikoan zehar garatu izan duen biodibertsitate handieneko garaian gaude. Horrela adierazten du gaur egunera arte dokumentatuden erregistro fosilak. Egun, ordea, baliabide naturalen eskari eta kontsumoa etengabe emendatuz doa, baina aldi berean dibertsitate biologikoa suntsitzen ari gara. Duela oso gutxi IPBES erakundeak informe oso larri bat argitaratu zuen, milioi bat espezie inguru galtzeko arriskuan daudela adieraziz. Biodibertsitatearen degradazioak ekonomia globalean 50.000 milioi euroren galera suposatzen duela ohartarazten du Europako Batasunak, gizartearen ongizatea zalantzan jarriz. Zientzialariek urteak daramatzate arazo larri honen inguruan alarmak pizten. Ingurumen krisi honen testuinguruan, zergatik ote da hain garrantzitsua biodibertsitateari babesa ematea?

Espezieak etengabe lanean gure zibilizazioa garatzen den eszenatokia egokia izan dadin

Lur planetan 3-100 milioi espezie artean bizi dira. Historia ebolutiboan zehar, hautespen naturalak izaki bizidun bakoitzari ezaugarri biologiko jakin batzuk ezarri dizkio, naturan funtzio ezberdinak bete ditzaten. Animalia, landare, bakterio, onddo, protozoo... Bizi-forma barietate ia amaigabe horren ordezkariek funtzio ezberdinak betetzen dihardute naturan etenik gabe, gizartearen ongizaterako gakoak diren prozesu naturalak anitzak, efizienteak eta denboran zehar amaigabeak izan daitezen.

Zientziari esker badakigu bizidunek euren artean ezberdintasunak dituztela baliabide naturalen erabilpenean, ingurumen tolerantzian eta gainontzeko espezieekin dituzten harremanetan. Hortaz, ingurumen desoreka baten aurrean, ekosistemen funtzionamendua egonkortzeko ardura hartzen du dibertsitate biologikoak. Hiri, eskualde eta probintzia mailan naturguneak sustatu eta komunitate biologiko egokiak bultzatzeak garrantzi izugarria dauka, beraz, ingurumenaren funtzionamendu egokian eta egonkortasunean.

Biodibertsitateak ongizatea dakar gizartearentzat

Naturan funtzio ekologiko ezberdinak betetzen dituzten bizidunen lanari esker gizakien ongizaterako garrantzitsuak diren hainbat onura lortzen ditugu. Biodibertsitateak gure kultiboei eraso egiten dieten izurrite eta gaixotasunen erregulazioa betetzen du, elikatzeko eta materialak ekoizteko behar dugun lurzoru emankorra sortzen du, laborantzak arriskuan jartzen dituen muturreko fenomeno meteorologikoak arintzen ditu, arnastu eta edaten dugun aire eta uraren kalitate egokia bermatzen du, uholdeetatik babesten gaitu, negutegi efektua sortzen dituzten gasak airetik ezabatzen ditu, eta abar luze bat.

Beraz, ozono geruza, azken urteetan horrenbeste kezkatu izan gaituen protagonista kaltetu hori ez da hondamendietatik babestu gaitzakeen elementu bakarra. Biodibertsitateak ingurumen desegonkor batek eragindako efektuak leuntzen laguntzen du. Hori dela eta, habitatak eta bertan interakzionatzen duten espezieak gizakiaren biziraupen arrakastaren zimentu osagarriak dira.

Espezie galerak etorkizunera moldatzeko gaitasuna urratu egiten du

Espezie basatien bideragarritasuna zalantzan jartzen dugunean, gizartearen ongizatea baldintzatzen duen ekosistema zerbitzuen egonkortasuna mehatxatu egiten dugu, inguratzen gaituen ingurumena degradatuz eta inpaktu sozio-ekonomiko larriak sortuz, baita osasunean ere. Disfuntzio baten adibide garbia Intsignis pinuan banda marroi gaixotasuna sortzen duen onddoaren kontrolik gabeko zabalkundea izan da. Alde batetik, espezie, ondare genetiko eta funtzio ekologikoen dibertsifikazio faltak sorturiko desoreka ekosistemikoak, eta oinarri zientifiko-tekniko ahulekin hartutako erabakiek bestetik krisira eraman du Euskadiko basogintza sektorea.

Klima aldaketaren efektuak arintzeko beharrei begira, gizakia etorkizuneko jokaleku aldakorrera moldatzeko ahalmena sendotu egiten da biodibertsitateak sortzen dituen funtzionaltasun-sare konplexuei esker, klima aldaketari aurre egiteko eskuragarri dugun baliabide eraginkorrena suposatuz. Erronka berri honi aurre egin nahi badiogu, ekosistema naturalei babesa eskaini eta baliabide naturalen zein nekazal kultiboen kudeaketa jasangarriak bultzatu behar ditugu. Aurkako erabakiekin gaixotasun berrien emergentziak, goseteak, gatazka armatuak edota gizakien migrazioak bezalako mugimenduak sustatzen egongo gara epe labur zein luzera.

Erabaki politikoak ezagutza integratuan hartzeak inoiz ez du hainbesteko garrantzia izan

Gizarte jasangarri bateko apustua egitean, biodibertsitatearen onurak Barne Produktu Gordinaren pareko garrantzia izatea lehentasunezkoa izan beharko luke biztanleen ongizatea bermatu nahi bada. Gizartearen planifikazioa eta garapena, ekosistema naturalak alde batera utzita diseinatzea egun egin litekeen akats handienetariko bat da. Bizidun guztien lan-ekarpenak behar ditugu, ez da nahikoa plastikoen erabilera murriztea edota karbonoaren alternatiba izango diren energia-trantsizioa egitea soilik.

Baimenduriko ekintzak izaten jarraitzen dute Euskal Herrian, esaterako, erraustegi bidezko kutsatzaile arriskutsuen igorpenak, bizidun funtzional onuragarriak ere hilko dituen pozoiekin mendiak fumigatzea, higadura arrisku handidun larreetako abereen gainkarga, arriskuan dauden espezieen kontrolik gabeko ehiza, basogintza eredu suntsitzaileak edota Natura 2000 sarea ez garatzeko intentzio politikoak publiko egitea, Europar Batasunean onarturiko akordioei bizkarra emanez. Oinarri zientifiko eta tekniko ahulekin hartzen diren erabaki hauek interes orokorra bortxatzen dute, klima aldaketa sustatuz aldi berean.

Biodibertsitarean mantentzea gizarte kritikoan indarra hartuz doa urtetik urtera. Gure seme-alaba, iloba edo bilobek kezka handiz bizi dute euren etorkizuna, aldaketa klimatikoaren aurka «Fridays for Future» bezalako ekimenekin protesta egitera ateraz kalera, benetako konpromisoak eskatzera. Hori dela eta, administrazioei gogoratu behar diegu apustua egin dezatela ondare naturala babesteko neurriak hartuz, espezieen gainberarentzat konponbide zentzudunak planteatuz eta herritarren zerbitzura baldin badaude, haien osasunarengatik kezkatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.