urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Aste beldurgarria

2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Dena leher zitekeen astea izan da. Eta hala ere, eztanda kontrolatua izan da guztia. Iranen aurka gerra hasteko AEBek, Israelek eta Saudi Arabiak daukaten oztopo nagusia geografia da: Teheran inguruan lehen misila jausi eta minutu gutxian Ormuzko itsasartea erabat blokeatu dezakete. Asteartetik asteazkenerako goizaldean lehen misilen berri izan bezain laster, petrolioaren prezioak gorantz hasi ziren. Egin kontu, egunero mundu osoa hornitzeko Persiar golkoan dabiltzan petroliontzirik gabeko egun bakar baten eragina. Biderkatu hori Iranek eskueran daukan blokeo batekin.

Hala eta guztiz, gertatuko dena aurreikusterik ez den eskualderik bada, Ekialde Hurbila da hori. Siriako eta Yemengo gerrak, Libiako borrokak, Egiptoren, Saudi Arabiaren eta Arabiar Emirerri Batuen momentuko politika, Qatar edo Turkiaren jarrerak eta aliantzak, irakiarren protestak, irandarren nekea eta haserrea, eta Palestinako egoera beti hor atzean. Eragile eta aldagai gehiegi ezelango aurreikuspenik egiteko, unean unekoa aztertzeaz haratago.

Urteetako gatazkak gaur egungo aliantza, interes eta mugimenduekin gurutzatzen diren eskualde horretan, kanpoko aktore burugabe bezain boteretsua sartuz gero alarma guztiak pizten dira. Ekintzen erreskada gogora badakargu, Iranen aldeko 25 miliziano hil zituen bonbardaketak ekarri zituen urte amaieran AEBen Bagdadeko enbaxadaren aurkako protestak. Hileten ostean, Irakeko hiriburuko Gune Berderaino joan ziren manifestariak, segurtasun indarren konplizitatearekin noski, eta sua, harrikadak eta bestelako irudi ikusgarriak ikusi bagenituen ere, kalkulatutako protesta baten tankera izan zuen: urritik ehunka lagun hil dituzte hain leku estrategikoetan gertatu ez diren protestetan, eta ustez enbaxadari eraso nahi zioten manifestarien kasuan, 24 orduren ostean kanpalekua altxa eta alde egin zuten. Umiliazio diplomatikoari erantzun behar ziolakoan, baina, aukeretan gogorrena aukeratu Donald Trumpek: Qassem Soleimani jeneral ahalguztiduna hiltzea, haren hurbileko agintari militarrekin batera —tartean, Irakeko milizia xiiten buruak—.

Iranek mendekua agindu, eta asteazken goizaldeko misilak ordainetan. Inork gerrarik gura ez, nonbait, baina testosterona erakustaldia egin behar. Oharkabean hegazkin zibil bat bota eta 160 lagun hiltzea, inork aitortu gura ez duen albo-kaltea. Gerra-jolasen ondorena. Jolas arriskutsu eta burugabeetan ezkutatu nahi dituzte miseriak, eta hori oso beldurgarria da. 2020 hasi berria da; oso luzea izango da Trumpentzat. Impeachment-aren epaiketa hastear dela, beharrezko du arreta beste nonbait egotea; azaroko bozetara arte, olatu patriotiko militarista bat beti izango da botoak erakartzeko izango dituen kartetako bat. Horrek ez luke egoeraren analisi sinplerik ekarri beharko, horratik. Persiar nazionalismoaz batasun itxura eman gura izan du Teheranek, zigor ekonomikoek eta erregimen itogarri batek ahitutako biztanleen haserrea ezkutatzeko. Iraken hilabeteak protestan daramatenak kalera itzuli ziren ostiralean, «ez Amerika ez Iran» oihuka.

Horregatik guztiagatik, utzidazue gaurko artikuluaren amaiera lagun bati ematen. Bilbotarra da Maryam Fathi; Mariwanen, Iranen menpeko Kurdistanen jaiotako bilbotarra. Euskarazko murgiltze eredua nahi, eta gure agintariek B eredura bideratu zioten familia, jadanik espainolez bazekitela eta. Ondo ezagutzen du erregimen teokratikoa, haien aurka egin du borroka eta gurean ere baden agenda islamista salatu izan du berdintsu, Europako ezkerraren bolizko dorrearen itsutasuna azpimarratzeko. Halaxeegin zuen oihu herenegun, eta baimena eman dit hona ekartzeko: «Irango herrian eta persiar nazioaz hitz egiten dutenean, baztertu eta ezabatu egiten dituzte Kurdistan, Balutxistan, Khuzestan, Azerbaijan, Lorestan eta Irango beste hainbat nazio eta etnia. Beharbada, Soleimani heroi bat da zuentzat, baina guretzat hiltzaile bat baino ez zen!

Krimenez betetako curriculuma dauka, ez siriarren eta irakiarren aurka soilik, baita Irango herrien aurka ere, Balutxistanen eta Kurdistanen batez ere. Balutxistanen egindako krimen horiengatik hainbat sari eman zizkion Ali Khamenei Irango aiatolak.

Haren hilketa estatu terrorismoa izan da zalantzarik gabe; botere borroka dago AEBen nazioarteko inperialismoaren eta Iranen eskualdeko inperialismoaren artean. Baina horrek ez du justifikatzen kriminal bat heroi antiinperialista bihurtzea. Entzun itzazue, mesedez, Irakeko kaleetan dauden pertsonen ahotsak. Jende horiek bai AEB bai Iran euren herrialdetik irten daitezela ari dira eskatzen. Jende horiek zuek guztiak bezala nahi dute bakean bizi. Beharrezkoa da hirugarren jarrera bat, estatu kriminalen alde egon gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.