Iker Zabala. Santurtziko entrenatzailea

«Goiz da guk liga irabazteko»

Eusko Label ligan irabazitako bere lehen banderaren jabe da Santurtzi igandetik, eta hirugarren sailkapenean. Iker Zabala entrenatzaileak begirada zintzoa eman dio orain arteko lanari, oinei lurrean eutsiz.
MARISOL RAMIREZ / FOKU

Aitor Manterola -

2019ko uztailak 3
Bazkari legea eginda dago Iker Zabala (Bermeo, Bizkaia, 1979), berriz ere lanera sartzeko prest. Eta, lantegiko lanaldia bukatzean, lanera berriro, baina Santurtziko arraun elkartera, Sotera traineru mitikoaren entrenatzaile den aldetik. Hirugarren denboraldia du, eta arrakastaz arrakasta dabil: lehen urtean, Eusko Label ligara igo zen; iaz, bosgarren bukatu zuen, eta Kontxarako sailkatu; eta, aurten, liga nagusiko bandera bat irabazi du jada.

Egun batzuk igaro dira, baina oraindik bihotza saltoka duzu?

Zierbenako estropadaren ondoren, duela aste eta erdi, ondorio batzuk atera nituen, eta traineruan gauza batzuk aldatzea erabaki nuen joan den astean. Aldaketak eragin ona ari ziren izaten, eta lasai joan nintzen Lekeitiora, trainerua lehen baino azkarrago zihoalako. Larunbatean, Santanderren, beste Santurtzi bat ikusi genuen, arraunkera aldatuta, eta igandean ere gauza bera egin nahi genuen. Baina kezka zen ohorezko txandan, oilarren ondoan jarrita, gai izango ote ginen edo ez haiei eusteko; eta, eutsi bakarrik ez, gainditu ere egin genituen.

Zergatik erabaki zenuen Zierbenako estropadaren ondoren arraunkera aldatzea?

Han ikusi genuen presaka egin genuela arraunean, oso erritmo bizian, eta arraunean motz eginez. Ez zen bidea gure errendimendu onena emateko. Hala ere, lasai geunden, neguko estropadetan oso ondo aritu baikinen, eta ligako lehen estropadan, Bilbon, bigarren izan baikinen. Zierbenakoa istripu txiki bat izan zen [zazpigarren egin zuen Santurtzik], eta zazpi egun geroago ikusi zen guk gurea ematen badugu trainerua oso azkar joaten dela.

Hemendik aurrera Santurtzi arraunkera luzearekin ariko da beti, ala itzuliko zara lehengora ere?

Estropada bakoitza mundu bat da, eta zure burua aurrean ikusten duzunean errazagoa da zure onena ematea, hazi egiten baitzara, eta aurkariak makaldu. Burua hotz izatea da gure helburua estropada guztietan, aurrean ibili edo ez, eta ea noraino heltzen garen. Badugu zer hobetu, eta aurkariek ere bai.

Hasi bakarrik egin da liga, azken batean.

Gauzak gordetzea baino gehiago da gauzak finkatu gabe daudela oraindik. Neurriak, adibidez, ez ditugu erabat zehaztu, eta, beste arlo batzuetan, taldea oraindik urduri dabil, hasiera delako. Hori dena finkatzeko, beste estropada batzuk ikusi behar dira oraindik. Taldeak ez gaude finkatuta, eta normala da gorabeherak izatea denok ere.

Igandean irabazteko moduak zenbateko indarra du? Izan ere, bezperako taldean aldaketak egin zenituen, ohi bezala.

Hiruzpalau aldaketa bakarrik egin nituen, eta aurreko asteburuan, zazpi edo zortzi. Gutxiago aldatzea erabaki nuen, larunbatean taldea oso ondo ikusi bainuen, eta hobeto baitzen gauza gutxi aldatzea. Ohorezko txandan ondo aritzea nahi nuen, eta dena ondo atera zen. Baina horrek ez du ziurtatzen datorren asteburuan emaitza bera izango duenik erabaki berak hartzeak; Galiziara joan, eta sekulako zaplaztekoa har dezakegu.

Igandean, zeure burua utzi zenuen kanpoan. Zergatik?

Arraun egitea merezi duten arraunlariak daudelako eta, nik ere urte asko daramatzadanez arraunean, uste dudalako ordua dela neure buruari ere opari batzuk egiteko. Pixkanaka utziz joan behar dut. Gainera, ikusi dut ni gabe ere gai direla irabazteko, eta poz handia ematen dit horrek.

Lehorrean gehiago egongo zara orain?

Ikusiko dugu zer egin. Entrenamendu guztietan barruan izaten naiz, barrutik askoz gauza gehiago ikusten baitira. Baina garbi daukat ni gabe taldea azkarrago badabil, hemendik aurrera kanpoan izango naizela entrenamendu eta estropada askotan. Dena dela, goiz da oraindik gauza hauek esateko.

Nolako taldea da Santurtzi?

Oinarri ona daukagu. Gainera, gazteak eta beteranoak ondo uztatu ditugu, eta denok dugu sekulako ilusioa. Langai ona daukat, eta erraza da emaitza onak lortzea horrela. Motor ona dugu, eta oso lan txarra egin behar da gauzak ez ateratzeko. Kalitate oneko taldea gara, eta oso langilea.

Entrenamenduetan lehia handia izango duzue traineruan lekua lortzeko asteburuan, eta lehiakortasun hori ere oso lagungarria da, ezta?

21 arraunlari dauzkat, eta estropada bakoitzean zortzi geratzen dira kanpoan, oso onak. Aldaketak eginda ere, trainerua oso azkar doa, eta sekulako altxorra da niretzat. Neurria hartu behar zaie hauei entrenamenduetan, dena nahi baitute, eta ikasi behar dute garaia heltzen denean eman behar dutela onena.

Zer eman dio Juan Mari Lujanbio patroiak taldeari?

Beteranoa da, eta asko daki arraunaz, baina neguan ez zuen ondo pasatu, ez baitzuen bere burua gai ikusten ontzia ondo eramateko. Baina eman dio buelta; konfiantza hartu du, eta ikusten ari gara zer ematen dion taldeari. Ea hemendik aurrera ere hobetzen segitzen duen.

Cristian Garma ekarri berri duzue, beste patroi bat. Zergatik?

Arriskutsua da patroi bakarrarekin ibiltzea. Oraindik entrenatzen soilik ari da, eta ikusiko dugu lehiatzen den edo ez.

Lehia bizi-bizian da Eusko Label liga; zein da zure azterketa lehen lau estropadak jokatu ondoren?

Orio oso egonkor dago goian, eta besteok eduki dugu egun txar bat gutxienez. Baina hasi besterik ez da egin, eta denok izango ditugu gorabeherak. Gure nahia da akatsik ez egitea, eta goian mantentzea, ohorezko txandan.

Liga irabaztea utopia da Santurtzirentzat?

Bai, goiz da. Banderak irabaztea bera da zaila; bada, liga, atera kontuak. Iazko bosgarren postua hobetu nahi dugu,. Hirugarren gara, eta helburua betez goaz.

Harrituta zaude zure herriko taldearen emaitzekin, Urdaibairekin?

Bai. Badakit nolako taldea duen, eta gehiago ibiltzeko gai da. Edozein unetan azalduko da, eta goian ibiliko da. Baina liga galdua du, hori esatea gogorra bada ere.

Asteburuan Coruñako eremu ikusgarrian ariko zarete. Zer espero duzu?

Bizkaian eta Gipuzkoan badira eremu txarragoak kaleen arteko aldeetan. Arriskutsua da itsaso txarrarekin, inbutu itxura baitu, Pedreñako Ribamontan eremuaren antzera. Han, zortea izan genuen itsasoarekin, eta ea berdin gertatzen den Coruñan. Kostaldea gertu dago, eta, traineruak ihes eginez gero, kontuz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna