Sei hilabete Euskaraldirako: egingo dugu!

Arrate Illaro Etxebarria eta Kike Amonarriz Gorria
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Egun batetik bestera birus ikusezin batek mundua hankaz gora jar dezakeela ikasi dugu hilabeteotan. Duela sei hilabete gaur non eta nola egongo ginen galdetu izan baligute, inor gutxik esango zuen mundua astindu duen pandemia baten zurrunbiloan egongo ginenik. Eta, egia esan, ezin dugu ziurtatu hemendik sei hilabetera non eta nola egongo garen. Baina Euskaraldia antolatzen dugun eragile eta erakunde guztion asmo sendoa da sei hilabete barru ahobizi eta belarriprest gisa hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala egiten egotea.

Hizkuntz ohiturak ez akaso, baina geu aldatu gara hilabeteotan. Gutxien espero genuenean ziurgabetasunek, gaixotasunek, lan arazoek eta beldurrek harrapatu gaituzte. Eta birusaren ondorioak osasunean, alor sozioekonomikoan, harremanetan eta pertsonen bizi baldintzetan ikusten ari gara, oro har.

Bai, geure ahotan dabil euskarak ere pairatu dituela krisi honen ondorioak. Zalantzarik ez dugu larrialdi honi erantzuteak eta erabakiak hartzeak zer-nolako buruhausteak eta kezkak eragiten dituzten. Euskalgintzari dagokionez, gainera, eragileen arteko zaintza sentitu dugu, eta poz handiz ikusi ditugu hainbat eragile euskara erabiltzeko zailtasunak dituztenentzako laguntza sareak antolatzen, egitasmoak egoera berrira egokitzen edo elkarri babesa eskaintzen. Baina, era berean, euskaltzaleok kezkaz ikusi ditugu alarma eta urgentzia garaiotan zenbait erakundek, eragile sozialek, alderdi politikok eta bestelako entitatek hizkuntzaren erabileran egin dituzten hautuak.

Duela zenbait urte, atxikimendu garaitik urrats praktikoen garaira pasatu beharra adierazi genuen, eta ildo horretan proposatu genuen Euskaraldia. Inertziak astindu eta hizkuntz ohiturak aldatzeko ariketa praktikoa dela aldarrikatu izan dugu sarritan, herritarren portaeretan aldaketa eragin nahi duena. Eta, egungo testuinguruan ere, argi ikusi dugu Euskaraldiak eskatzen dituen gisako urrats praktiko eta atzeraezinak emateko garaia dela.

Euskaltzaleek sortutako herri batzordeak eta euskalgintzako sareak martxan daude, gehienak koronabirusa gurera heldu baino lehenagotik. Mota guztietako entitateek, gainera, beren eremuetako praktikak aldatu eta euskararentzako gune askeak sortu eta babesteko aldeko giroa izango dute. Izan ere, Euskaraldiaren baitan tokian tokiko zein lurralde mailako enpresa eta elkarteei deia egin genien iazko azaroan, herritarrak euskaraz aritu daitezen gune babestuak sortzeko. Bide horretan, asko dira jadanik ariguneak osatzeko lanean ari diren eta krisi honen erdian ere lanean jarraitu duten entitateak. Ondorioz, aurten ere, nahiko genituzkeen baldintzetan izango ez bada ere, hizkuntz ohiturak aldatzen eta finkatzen jarraitzeko aukera izango dugu.

Euskaraldiaren praktika eguneroko harremanetan oinarritzen da, eta konfinamenduan ikusi dugu zeinen beharrezkoa dugun elkarrekin hitz egitea, pantailaren bestaldean bada ere. Beraz, ahobizi eta belarriprest gisa inertziak aldatzeko premia eta aukera hortxe izango ditugu azaroaren 20tik abenduaren 4ra ere. Ingurukoekin egingo dugu ariketa, aurrez aurre zein online.

Herritarren nahia da arrazoirik sendoena, baina bada beste bat ere: euskaraz bizitzeko bidean azken urteotan lortu dugunari eutsi behar diogu. Euskararen bidegurutzean geundela genioen, eta euskalgintzan aurrera begirako lankidetza, plangintza estrategiko eta proiektu ilusionagarriak ikusten hasiak ginen birus hau heldu aurretik. Eta, batez ere, milaka herritarrek eguneroko hizkuntz ohiturak aldatzeko emandako urratsei jarraibidea eman behar diegu. Bidegurutze honetan, noranzko zuzena hartzen jarraitu behar dugu.

Argi dugu: COVID-19ak eragin duen txikizioari erantzuteko lehentasunezko lanak euskaraz egin nahi ditugu. Birusaren eragina murriztea lortzen dugun egunean hizkuntzari dagokionez ere orain baino osasuntsuago egon nahi dugulako. Eta horixe delako geure erantzukizuna, Euskaraldia sustatzen dugun entitate publiko eta sozialena, besteak beste. Eragile eta erakunde askoren arteko elkarlanari esker atera zen aurrera lehen Euskaraldia. Krisi honetatik oinarri sendoekin atera eta bigarren Euskaraldi indartsua antolatzekotan, era horretako elkarlana ere ezinbestekoa izango da. Bakoitzak bere alorrean eraginez, krisi honi aurre egin eta gizarte elkartuago, trinkotuago, euskaldunago eta justuagoa egin dezakegu.

Helburu hori lortzera bidean, Euskaraldia tresna ona dela erakutsi zigun lehen edizioak. Beraz, zailtasunak zailtasun, sei hilabete barru hizkuntz ohiturak aldatzeko bigarren ariketa sozial masiboa egingo dugu. Ez dakigu zenbat herritar eta entitate aktibatuko diren edo aktibatu ahal izango diren, baina parte hartzen duten lagun guztiek euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzea nahi genuke. Eta ariguneak sortzen dituzten entitate guztiek euskararentzako espazioak irabazi eta babestea nahi genuke, urrats sendo eta atzeraezinak eman ditzatela.

Jarrai dezagun azken txanpan lanean, herriz herri eta elkarrekin. Animatu egin nahi zaituztegu, ahobizi eta belarriprest guztiak, Euskaraldiaren antolaketa lanetan jarraitzera, zuen entitateetan ahal dituzuen urratsak egitera, aukera ikusten duzuen lekuetan ariguneak sortzera, eta ariketa sozialerako ahalik eta girorik egokiena zabaltzera. Euskaraldi sendo bat behar dugu, euskararen erabilera suspertzeko bultzada ahalik eta sektore eta entitate gehienetara iritsi dadin, eta euskararen aldeko dinamika soziala Euskal Herri osoan zehar zabaldu eta indartu dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.