Joxe Manuel Odriozola.

Zer izan nahi dugun

2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Barkatuko ahal didate besten arteko eztabaida batean muturra sartu izana. Ibai Iztuetaren eta Julen Zabaloren artekoaz ari naiz. Zilegi bekit nolanahi ere nire arreta piztu duten bizpahiru punturen inguruan jardutea. Isilik egoteak zenbat balio duen ohartarazi zigun poetak, baina...

Julen Zabaloren galderak hartuko ditut akuilu nire iritzia azaltzeko. Haren artikuluan begiz jo ditudan ideien artetik, hona lehendabizikoa: «Ausartuko litzateke inor nazio baten erdigunea halabeharrez hizkuntza dela esatera? Ausartuko litzateke inor ikuspuntu zientifiko batetik euskara ezinbestean euskal herriaren elementu zentrala dela esatea?».

Ez dakit eskakizun «zientifiko» hori zertara datorren, baina, tira, hona hemen lagin bat: «Gure herriaren ardatza, muina, odola eta gako bakarra (bakarra, bai) euskara da». Ez dut uste Txillardegi bakarrik dagoenik tesi horren alde. Dezente gara iritzi bertsukoak auzi horretan.

Gurea bezalako nazio batean, hots, nazio arazoa eta hizkuntza arazoa aldi berean dauzkan herrialde batean besterik da noski arazo horiek gabeko testuinguru nazional batean, hizkuntza ez bada nazio arazo nagusia, zein ote da? Gainera, hizkuntzaren patuak determinatzen ditu gaineko auzi nazional guztiak onerako edo txarrerako. Kulturaren arazoa bera hizkuntza arazoa da, euskararena konpondu gabe ezin delako euskal kulturarena bideratu; orobat, euskal hizkuntzaren eta kulturaren arazoak konpondu gabe ez dago lurralde batasunik, hizkuntza eta kultura erreferentziak partekatu gabe ezin delako partaide izatearen sentimendu euskaldunik sozializatu; azkenik, beste horrenbeste gertatzen da memoria historikoarekineta iruditeria kolektiboarekin.

Euskal identitatearen garapenean euskara da gainerako nazio dimentsioak artikulatzen dituen motorra, hizkuntzaren dohaina delako komunikazioaren eta sozializazioaren ehundurak jostea. Hizkuntzak batu egiten gaitu barrurantz, eta bereizi kanporantz. Euskarak erabilerari dagokionez logika komunikatibo nazionalean funtzionatuko balu, nazio bat eraikiko luke, kultura bat taxutuko luke, lurralde bat zedarrituko luke, eta historia bat kontatuko luke. Oraingoz ez dago horren aztarnarik: izan ere, gure botere autonomikoak naziogintzatik daukan ia guztia zentzu eta logika sozial espainolean sortzen eta birsortzen du.

Zabaloren bigarren galdera andanak honako hau du mami: «Esan genezake, hortaz, Euskal Herria euskalherriagoa zela 1818an euskararen ehunekoa gaurkoa baino handiagoa zelako? Bazuten, hasteko, herri izatearen kontzientzia kolektiborik? Eta biziki kezkatzen nauena: 2018an euskalherri gutxiago gara, euskal herritar ahulagoak? Absurdora eramanda, euskararen ehunekoak markatuko ote digu, besterik gabe, euskal herritartasunaren neurria?».

Orain dela berrehun urte ere etnozidioaren (hizkuntzaren, kulturaren eta identitatearen ordezkapena eta heriotza) aldeko politikan Espainiako eta Frantziako estatuak bereak eta bi egiten ari ziren. Berrehun urte hauetan, besteak beste, Bilbo erdaldundu zaigu: «Bilbao euskaldun baino erdaldunago delako duela berrehun bat urte» (Koldo Mitxelena). Beste alde batetik, orduko euskaldunak euskaratik eta euskaraz bizi ziren. Euskara zuten beren munduaren neurri: Wittgensteinen harako hura gurera egokituz, diogun euskaldun haien hizkuntzaren mugak haien munduaren mugak zirela. Beraz, Euskal Herri hura ez zen gaurkoa baino euskaldunago euskaldun gehiago zegoelako bakarrik, haien euskalduntasunean euskara bera zen mintzo, euskararen ahotik ziren mintzo inolako mirabetasunik gabe; aldiz, gaurko euskaldunen batez bestekoan euskalduntasunak ez dauka nortasun beregainik.

Nolanahi ere, Zabalok arrazoi du puntu honetan: euskalduntasun hura ez zen nazionala, diglosikoa zen (ez dezagun ahantzi, funtsean, gaur oraindik ez dugula diglosiaren arazoa gainditu),eta euskalduntasun etnokulturalak (oro har, gaur ere bai) bizi zituela. Bestela esateko, gizarte nazional modernoa ate joka zetorren giro hartan espainiera zuten aurrerapenaren eta kultura idatzi nazionalaren hizkuntza Euskal Herriaren alde honetan.Euskalduntasun hura etnikoa (aurrenazionala) zen, baina horrek ez du desegiten haien euskalduntasun asebetegarria, nahiz eta ahozko kulturan oinarritua egon eta nazio kontzientziarik ez izan. Bi egoera horietatik zein aukeratu, bat aukeratzekotan? Orduko euskalduntasun etnokultural sustraitua eta bizi-bizia, hala nortasun euskaldunik gabeko gaurko herri abertzale (?) asimilatua? Nazio etnokultural trinkotu batetik abiatuta nazio politiko aske bat (estatua) eraiki dezakezu (Finlandia); aitzitik, nazio politiko ustez abertzale baina linguistikoki asimilatu batetik abiatuta jadanik berandu zabiltza jatorrizko euskal nazio identitatearen ezpaleko estatua eraikitzeko (Irlanda).

Aniztasunaren auziak ere ukitu du nire jakin-mina:

«Aniztasuna aurkitzen dugu munduan eta Euskal Herrian, orain eta lehen. Hori da Eusko Ikaskuntzak kongresu hau prestatzeko azken hiru urteetan antolatu dituen hainbat saio eta mintegitan atera den baieztapena».

Munduaren aniztasunari buruzko nire iritzia besterik da, eta ez dut uste iritzi soil bat denik gai hauetan dakitenek diotena egia baldin bada behintzat. Batetik, egungo munduaren martxa ikusita, hizkuntza aniztasuna amildegian behera doa halako totalitarismo linguistiko-kultural baten zulora, eta, diotenez, abiada ikaragarrian gainera (azken albistea oraindik orain egunkari honetan bertan: «hizkuntza guztien %95etik gora arriskuan daude»). Bestetik, Euskal Herriaren aniztasunaren kontua daukagu: egia esan, nazio zapalduetan sortzen den aniztasun linguistikoa gainbegiratzea biziki adierazgarria da gure diskurtsoaren noraeza zenbaterainokoa den ikusteko.

Horrenbestez, nazio zapalduetako aniztasunaren zergatia zertan ote datza? Klaus Zimmermannen erantzuna hauxe duzu: «Gaur egun besterik uste den arren, komunitateen komunikazioa bi eletan edo gehiagotan egitea [iraganean nazio inperialisten] aldetik eragindako hedapen, behartze eta inposizio politiken ondorioa da». Beste era batean esatera, zure nazioa beste nazio inperialista batek menderatu eta zatitu badizu, gutxienez ele eta kultur bitasuna izango duzu; edota bi estatu izan badira zure nazioa erdibitu dutenak, hiru hizkuntza, kultura eta identitate izango dituzu (horixe da euskaldunon kasua); eta gehiago badira nazio okupatzaileak, are handiago izango da hizkuntza, kultura eta identitate aniztasuna (Kurdistanen kasua, adibidez).

Horra zorioneko aniztasunaren bertsio bat, eta bertsio horixe da oroz gain euskaldunoi interesatzen zaiguna; badugu garaia, garaia dugunez, ustez aberasten gaituen aniztasunaren atzean dagoen engainuaz eta zapalkuntzaz jabetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.