Eta zuek, gizonak?

2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Virginie Despentesen King Kong teoriaren euskarazko itzulpena irakurtzen ari naizela gertatu da. «Ikusten, nahiko banu, oraintxe leher niezaioke ipurdia urrixa honi». Delako «urrixa» hori ez naiz ni, ezagun bat baizik. Sare sozialetan salatu du lehengo egunean etxera zihoala (ortziralean, gaueko hamaikak pasatxo) 18 bat urteko mutil kuadrilla bateko mukizu bati aditu ziola perla hori, gainerakoak irriz urratzen ziren bitartean. Beldurtuta, ozpinduta etxeratu zen.

Bat. «Ikusten». Ez zaie kuadrillako guziei ari, gizonezko guziei ari zaie. «Hoy follo, mañana juicio» bezalako kamisetak. Piropoak. «Mozkor zegoenez erraza izan zen nire etxera eramatea». Nagore Laffagerena gertatu zenean «berak bazekien zertara zioan» bezalakoak. Bortxaketaren kulturak normalizatzen du emakumeen kontrako indarkeria sexuala. Esparru sinboliko horretan eraikitzen da maskulinitate hegemonikoa eta gizonezkoen arteko anaitasuna.

Bi. «Nahiko banu, oraintxe». Baina trankil, orain ez dut nahi. Horrekin, bere burua salatu du mutilak. Sinesmen politiko eraikia da gizonezkoen desira gizona bera baino boteretsuagoa delako ideia. Maiz erraten da prostituzioari esker dagoela bortxaketa gutxiago gizartean. Azken berrien arabera, Nafarroan, egunean 2.000 bat «zerbitzu sexualen» eskaria dago. Aipatu sinesmenaren arabera, Nafarroan putarik egonen ez balitz, 2.000 gizon hauek bortxaketan ibiliko lirateke egunero. Laura Torres filosofoak dioen bezala, ez dago putetxe batera joatea baino gauza arrazionalagorik: gure 2.000 nafar hauek ongi neurtu beharko dute zein ordutan doazen, zein aitzakia bilatzen duten, eskaintza zabalaren artean hautatu, etab.

Hiru. «Leher niezaioke ipurdia». Ez du erran, ez, larrutan eginen nioke edo «me la follaría» bat. Mina eginen dizut, sufriarazi. Ez da berria pornografiak gero eta irudi umiliagarriagoak, bortitzagoak, gordinagoak erabiltzen dituela, eta hezkuntza afektibo-sexual integral baten faltan, huraxe dela gazteen sexualitate eskola. Bestalde, bortizkeria latzenarekin identifikatu ohi dugu bortxaketa. Baina zer gertatzen da «intentsitate baxuko» bortxaketekin? Emakumeok gure buruan ederki identifikaturik dugu paraje isolatu batean edo etxeko atarian agertzen zaigun ezezagunak egin diezagukeena, txikitatik ohartarazi gaituzte horretaz. Baina zer gertatzen da lagunekin, ezagunekin, bikotekidearekin berarekin, etxea bezalako leku ustez seguru batean gertatzen denean «nik nahi nuen, baina ez horrela» gisako egoera bat? Datuen arabera, eraso sexualen %85 inguru biktimaren ezagunek eginak dira: familiako norbaitek, bikotekideak edo bikotekide ohiak, lagun batek, inguruko norbaitek edo ordu batzuk lehenago ezagututakoren batek.

Lau. «Urrixa honi». Delako «urrixa» ez naiz ni, baina ni ere banaiz. Delako «urrixa» emazteki guziak gara. 60ko hamarkadako feminista erradikalei zor diegu emakumeen kontrako indarkeriari egiturazko izaera eman izana. Susan Brownmillerrek ederki adierazi zuen: bortxaketa gizonen beldurrarazte prozesuaren parte da eta emakume guztiak dira horren biktima, ez soilik bortxatuak. Bortxaketaren mamuaren beldur, gure janzkera, gure ibiltzeko manera zaindu behar izaten dugu, etxera bueltatzeko bidea ongi pentsatu, «etxean, ongi» bezalako mezuak bidali. To, hortxe duk pribilegio maskulinoetako bat («pribilegiatua, ni? Zuek doan sartzen zarete diskoteketan!» erraten dutenendako).

Gai honek sortu didan ezinegonak «iturrietara» jotzea eskatu dit. «Zer iruditzen zaizue?». 19-20 urteren bueltan dabiltzan ikasleen bisaiari erreparatzen ari naiz. Mutilek badakite haiek franko dutela errateko (eta egiteko) kontu honetan, baina ez dela erraza diote, segun «kuadrillako hori» nor den, gai izanen liratekeela zerbait errateko, edo ez. Nesken erreakzioak lur jota utzi nau: beldurra. Eta aitorpena beldurrez bizi direla. Bakarrak onartu du bera etxera trankil aski gaten dela goizaldeko ordu txikitan, eskubidea duelako trankil etxeratzeko. Gainerakoen ustez, axolagabe hutsa. Nazio Batuen Droga eta Delituen Bulegoaren arabera, munduko erailketen %78,7ren biktimak gizonezkoak dira. Baina gu gara beldurrez bizi.

Virginie Despentesek kontzertuetara gaten, auto-stop egiten, gauaz ateratzen jarraitu zuen bortxatua izan ondoren. Ideia potenteak botatzen ditu bere liburuan, granada bat bailiran: lehenengoa, ez, bortxaketa ez da emakume bati gerta dakiokeen gauzarik okerrena, kontrakoa saldu badigute ere; bigarrena, eta honekin lotua, «biktima» izateko bertze eredu bat erreibindikatzea, bigarren biktimizazio bat ekiditeko. Bortxaketa pairatu dutenak etxean giltzapetu, beren buruaren kontra indarkeria erabili edo betiko markaturik gelditu behar direlako ideiak alde batera utzi. Galde diezaiotela manadaren biktimari...

Bistan denez, gu ari gara gure bidea egiten, tresnak geureganatzen eta sortzen gertatzen zaiguna konprenitzeko eta hainbat egoerari aurre egiteko. Beldurrik gabe bizitzeko. Eta zuek, gizonak? Whatsappean txiste bati gorazarre egitea. Zure laguna ostatu batean babosokeritan ari dela zuk deus ez egitea. Bortxaketa salaketa baten aitzinean emakumearen hitza zalantzan jartzea sistematikoki. Horiek guziak dira bortxaketaren kulturaren adreilua eta porlana. Manadak sortzeko lehengaia. Mutikoak, lan ederra duzue aitzinetik. Gibelatu ezin den lana, hil ala bizikoa baita guretako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.