Hirugarrenez ere, loria

Arnaud Demarek hirugarrenez irabazi du aurtengo Giroan, esprintean berriz. Romain Bardet (DSM) ez da atera, gaixorik zegoelako

Hirugarrenez ere, loria.
Aitor Manterola Garate.
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Loriak bakarra izaten du bere lurraldean. Edo bakarra azaltzen da haren esparruan. Irabazlea beti da seguru. Italiako Giroko hamahirugarren etapan, Arnaud Demare (FDJ) egin zen atzo ohore horren jabe, hirugarrenez aurten, eta zortzigarrenez denera—2020an irabazi zituen horietako lau—. Esprintean azkarrena izan zelako. Hark zeharkatu zuen beste inork baino azkarrago Cuneoko helmuga marra, 150 kilometro osatu ondoren. Loriak bazuen eguneroko maitalea, baina horrek ez du esan nahi beste ziklista loriatsu batzuk ere izan ez zirenik eguneko jardunean.

Izan baitziren. Lau hauek: Nicolas Prodhomme (AG2R), Pascal Eenkhoorn (Jumbo), Julius Van den Berg (Education First) eta Mirco Maestri (Kometa). San Remotik abiatu eta berehala erakutsi zieten bizkarra atzekoei, Filippo Tagliani (Drone Hopper) ere han zela. Gero, baina, ia azkenera arte, laukotea aritu zen ihesean. Ematen zuen, ematen zuen... Iritsi behar zuten helmugara. Baina tropelak jan zituen 700 metro falta zirela. Aurretik, Van den Berg saiatu zen loriaren maitale bakan izaten, azkeneko kilometroaren barruan, baina ez zioten utzi beste hirurek. Segituan utzi zituen atzean tropelak, Maestri izan ezik. Azken saialdia. Zergatik ez. Baina ez. Esprinterrek podiumeko koska gorenean egon nahi zuten, eta ziztu batean jo zuten helmugarantz. Iheslariek ez zuten irabazi. Baina loriatsuak izan ziren haiek ere.

Sailkapen nagusiari dagokionez, Romain Bardetek (DSM) etapa utzi zuen, gaixorik zegoelako. Laugarrena zen sailkapenean. Orain, postu bat gora egin dute Mikel Landak eta Pello Bilbaok (Bahrain): seigarren eta bederatzigarren dira. Juanpe Lopezek (Trek) eusten dio lehen postuari.

Gaur, hamalaugarren etapa izango da. 147 kilometro Santena eta Torinoren artean. Menditsua: helmugatik zortzi kilometrora igoko dute Maddalena gaina (2. mailakoa). Aurretik maila bereko beste hiru mendate igoko dituzte, eta 3. mailako bat.

Burgosen, Matilde Vitillo

Burgosko Itzuliko bigarren etapan, MatildeVitillok (BePink) irabazi zuen, esprintean, Aguilar de Campoon. Jennifer Ducuara (Colombia) da lider orain, eta Lotte Kopecky (SD Worx) bigarren, sei segundora. Ane Santesteban (BikeExchange) 27.a da, bigarrenaren denbora berean. Gaur, hirugarren etapa dute, 112 kilometrokoa. Ojo Guareña gainean bukatuko da (3. maila).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.