Bietigheim 33 Super Amara Bera Bera 27

Gaurkoa da erronka

Bera Berak lehen zatian baino ezin izan dio eutsi Bietigheimi, eta ez du Txapeldunen Liga jokatuko. Indar fisikoa erabakigarria izan da
Bera Berak iragan astean Gijonen jokatutako partidako irudi bat.
Bera Berak iragan astean Gijonen jokatutako partidako irudi bat. BERRIA

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko irailak 9
Bietigheim. Viser, Eckerle, Salamkha, Rozemalen (2), Lauenroth (1), Ivancon,Loerper (5), Van der Heijden (5), Schulze (3), Kudlazc, Gñpc. Maodzomavocois (4), Viser (5), Woller (4), Gustin (4), Malestein eta Braun.

Super Amara Bera Bera. Castellanos. Sans, Da Silva (2), Menendez (1), Berasategi, Etxeberria, (3), Arrojeria, Karsten (6), Cardoso (7), Ardrius (6), Teres (1) Ezkurdia (1), Camejo, Arruda (1)..

Markagailua bost minututik behin. 2-0; 5-2; 8-6; 10-8; 14-12; 17-15—atsedenaldia—21-15; 22-17; 26-19; 28-22; 30-23 eta 33-27.

Epaileak. Opava eta Valek (Txekia). Bi minutuz, ondorengo jokalari hauek kanporatu zituzten: Bietigheimeko Van der Hejden eta Bera Berako Sans eta Camejo.

Txapeldunen Ligako multzokako fasea jokatzeko ametsa amaitu da Super Amara Bera Berarentzat. Alemaniako Bietigheim taldeak iratzarri du amets horretatik, atzo 33-27 irabazi baitzion. Imanol Alvarezen jokalariek lehen zati txukuna jokatu zuten, hasieran erasoan kostata aritu baziren ere. Baina, bigarren zatiaren hastapenean, alemaniarrek 4-0eko partziala sartu zuten, eta sei golen errenta lortu: 21-15. Hor jarri zitzaion Bera Berari partida maldan gora, eta ez zen iraultzeko gai izan.

Gipuzkoarrak jakitun zeuden zaila zela atzoko partida irabaztea, Bietigheim talde indartsuagoa eta sendoagoa baita fisikoki. Imanol Alvarezek berak esan zuen Txapeldunen Liga jokatzeko osatutako taldea dela. Argi zeukaten irabazi beharreko partida gaurkoa zela. Hala, atzo ondo egindakoak baliatu, eta taldearen izaera lehiakorra bidelagun, Italiako Salernori irabaztea dute erronka (16:00). Saria ez da Txapeldunen Liga jokatzea bezain handia eta distiratsua, baina bai erakargarria, eta, ziurrenik, egokia Bera Beraren mailarentzat: EHF Kopako hirugarren kanporaketarako sailkatzea. Hala, azaroan heldu beharko dio txapelketa horri. Galtzen badu, berriz, hilabete honetan bertan lehiatu beharko da, bigarren kanporaketan.

Partida duina jokatu zuen Bera Berak. Baina, oraindik ere, batez ere fisikoki, koska bat falta zaio Txapeldunen Liga jokatzen duten taldeen mailara ailegatzeko. Alde hori defentsan zein erasoan nabari da, eta, atzo, gakoetako bat izan zen.

Lehen zatian Imanol Alvarezen taldeak ondo eutsi zion Bietigheimi. Aurreneko hamar minutuetan nahi eta ezin aritu zen erasoan, eta alemaniarrek lau golen errenta lortu zuten: 6-2 (10. min). Baina gipuzkoarren entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen orduan. Hortik aurrera, partida orekatu egin zen. Golek ematen duten konfiantza baliatuz, ausardia eta lasaitasun handiagoarekin jokatzen hasi zen Bera Bera erasoan. Sei metroko barneraketen bidez lortu zituen gol asko. Errenta gol batera murriztea ere lortu zuen: 13-12 (24. min).

Baina alemaniarrek ez zuten ezusterik nahi, eta bigarren zati hasieran azeleragailua zapaldu, eta, lau kontraeraso bizkorri esker, sei golera handitu zuten aldea: 21-15 (35. min). Bera Berak sinesten jarraitu zuen. Baina nekea gero eta handiagoa zen, eta gero eta zailago egin zitzaion Alemaniako taldearen defentsan zuloak topatzea, baita haien jokalari garaien barneraketei eta urrutiko jaurtiketei eustea ere. Zortzi golen abantaila ere izan zuten: 31-23.

Hortik aurrera, Bera Berako jokalariek bazekiten ia ezinezkoa zutela irabaztea, eta, apur bat bada ere, indarrak gorde zituzten gaurko partidarako. Bera Berako Cardoso izan zen golegile onena. Zazpi gol sartu zituen; hiru, penaltiz.

Multzoko beste norgehiagokan, Lublinek 28-17 irabazi zion Salernori. Zaleen babesa baliatuz, etxekoek aise irabazi zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna