SARI BANAKETA

2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Ohi bezala, Los Angelesko (AEB) Dolby antzokian izango da sariak emateko ekitaldia. Buruhauste franko ematen ari da aurtengoa. Audientziak jaitsiera handia izan du azken urteetan, eta horri buelta emateko zenbait neurri hartu nahi zituzten antolatzaileek. Alabaina, proposatutako garrantzitsuenak atzera bota behar izan dituzte, ez direlako sektorearen gustukoak izan.

Saririk ez publizitatean. Lau sari —argazki, muntaketa, film labur eta ile apaintze eta makillaje onenarenak— publizitate tarteetan emateko asmoa zuen Akademiak, ekitaldiaren iraupena murrizteko, baina, neurria iragarri eta astebetera, atzera bota zuen, haserre handia eragin zuelako proposamenak, tartean zinemagileen artean. Ekitaldia hiru ordutik jaisteko, irabazleek 90 segundo izango dituzte gehienez eskerrak emateko.

Herriak emandako Oscarrik ez. Film popularrenarentzako edo zinemetan arrakasta handiena izan duenarentzako Oscar saririk ere ez da izango. Sari hori sortzeko asmoan ere atzera egin behar izan du Hollywoodek, kritiken ondorioz. Besteak beste, Disneyk erositako sari gisa definitzen zuten askok. Kontua «sakonago aztertu» behar duela esan du Akademiak, eta, beraz, baliteke datorren urteren batean indarrean jartzea.

Aurkezlerik ez. Hogeita hamar urtean lehen aldiz, aurkezlerik ez du izango galak. Kevin Hart zen zeregin hori betetzekoa, baina haren iraganeko txio homofobo batzuk argitaratu ziren, eta komikoak atzera egin zuen. Aurkezlerik gabe, sariak banatzeaz arduratuko diren aktoreek gidatuko dute ikuskizuna, eta, ikusleak erakarri nahian, zinema industriarekin zerikusi gutxi duten pertsonak ere ariko dira hautagaiak aurkezten, tartean Serena Williams tenis jokalaria. Musikak ere tarte handia izango du ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.