KRITIKA. Antzerkia

Egia vs errealitatea

2021eko apirilaren 28a
00:00
Entzun

'Hoy puede ser mi gran noche'

Zuzendaritza eta dramaturgia: Andrea Jimenez, Noemi Rodriguez. Antzezleak: Noemi Rodriguez, Darlene Rodriguez. Lekua: Errenteriako Niessen Kulturgunea. Data: Apirilak 25.

En Vilo konpainia galiziarrak 1990eko hamarkadako urteetara jotzen du euskarri txikiko antzezlan honetan, bakarrizketako protagonistaren haurtzaroko ametsak eta frustrazioak errepasatu ahal izateko. Agertokian, atzeko zilarrezko koloreko gortinak garai hartako pop giro kitsch-a ekarri digu akordura, eta erdi aldean zintzilikaturiko pantailak aldi horretako telebistako programen zein familiaren benetako irudiak eskaini dizkigu. Oholtzan, Noemi Rodriguez aktoreak antzezlanaren pisu guztia eramaten du, izkina bateko teklatu baten atzean dagoen ahizparenlaguntzaz. Lehenbizikoak, bere haurtzaroaz gogoratzeaz batera, aro horretako pertsonaia guztiak antzeztu dizkigu, ahotsak aldatuz, gorputzak energiaz gaindi egiten diola, etengabeko hitz jario erabilita, bere istorio propioa kontatzen duen bitartean. Bigarrenak, berriz, musikaz hornitu du kontakizuna.

En Vilo taldeko bi ahizpek Galizian hain ohikoak diren berbenetako orkestra bateko musikaria zuten aita; gauzak horrela, Noemik aitortzen digu, haren ezpala izaki, hark gauzatu ez zuen ametsa betetzeko desioa jarauntsi duela; alegia,musikari esker famatua izate nahi hori. Era horretan, Bertin Osbornek aurkezten zuen talent show-ean izena eman, Madrileraino bidaiatu, eta Freddy Mercury imitatu zueneko porrota antzeztu digu Azucar Morenoren miresle sutsua zen haurrak. Autofikzioak elikatutako teatroan dagoela sentiarazi diote publikoari, eta publikoak konfiantza hori eskertu du, kontakizun horrekin pozik.

Ikuskizunak hasieratik festa baten itxura du. Hasi bezain pronto, publikoa badabil Sergio Dalmaren kanta ezagun bat abesten karaoke eran. Super Pop aldizkariaren unibertsoan gaudela ematen du, oroimenak zein kanta zatiek ez baitute bestelakorik adierazten. Eurovision txapelketaren oihartzunak etorri zaizkigu gogora egongelako telebistak transmititzen dituen Sabado Noche emanaldiaren usainarekin batera. Madonna, Michael Jackson, Lola Flores, Chabeli eta Ayrton Senna dira aletzen diren itzal handiko izenetako batzuk, besteak beste. Etxeko intimitatean gaudela ematen du.

Baina En Vilo taldearen ibilbidea ezagututa, telebistako kulturaren dibertimenduaz haratagoko beste zerbait espero genuen eta ez digute huts egin. Protagonistak, dagozkion rolak antzezteaz gain, haiengandik atera eta, publikoari zuzenduta, teatroari buruzko iruzkinak egiten ditu. Gainera, muturreko bi egoeratatik paseatzen da pertsonaia: pozik eta alai, euforia ikaragarria sentitzetik, porrotaren muinean egotera, haserre eta etsita. Mugimendu bikoitz horretan, publikoa eraman dute emozionalki alde batetik bestera, jolas batean antzera. Bizitza goitibehera bat bezalakoa dela adierazi digute, aipatuMercury eta Senna adibide hartuta, esaterako. Ikuskizunak aurrera egin ahala, edukiz aberastu da, eta oso zaila dena lortu dute konpainiakoek: itxura arin eta friboloa izatetik Braudillarden simulakroaren ideiarekin lerratzen direla adieraztera igarotzea, ikuslea errealitateari eta egiari buruz interpelatuz: zuek zer uste duzue? Ilusio-gezur honetan, zer dugu egiatiagoa antzerkia baino?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.