Agur iraultzaileari

Bihotzeko arazoek «behartuta», pilota profesionala uztea erabaki du Juan Martinez de Irujok. Omenaldia egingo diote ekainaren 24an, Iruñean, Labrit pilotalekuan

Naiara Elola.
Iruñea
2017ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
«Ezin dut pilotalekuan lehiatzen jarraitu. Osasuna da lehentasuna. Ez naiz gehiago zuriz jantziko» Hitz horiekin jakinarazi zuen Juan Martinez de Irujok atzo, Iruñeko Labrit pilotalekuko kantxan egindako agerraldian, erretiroa hartuko duela. Pilota munduan iraultzaile izan den aurrelariakagur esan behar izan du, bihotzeko arazoen ondorioz. Iazko uztailean topatu zioten bihotzeko gaitza, Aspeko ohiko osasun kontrol batean. Ordutik mediku askorenean ibili den arren, onena pilota uztea dela erabaki du.

Pilotari osoa izan da beti Irujo. Ibilbide aberatsa izan du, eta miretsia izan da bai kantxa barruan eta baita kanpoan ere. Horren adierazle dira atzo pilotaria babestera Labritera joan ziren 300 lagun inguruak. Pilota tradizionala eraldatu eta jokatzeko beste modu bat posible zela frogatu zuen kirolariak esan du agur. Fernando Bidarte Aspe enpresako buruaren irudiko, «txapeldunen artean txapelduna da Juan [Irujo]». 2003an profesional moduan jokatzen hasi zenetik atzo arte, Aspeko kide izan da Iberokoa. Orotara, 938 partida jokatu ditu profesional moduan: horietatik 570 irabazi ditu, eta 368 galdu. Bere ibilbide osoan hamahiru txapel jantzi ditu, eta bi aldiz irabazi ditu urte bereko hirurak.

Urte luzea jokatu ezinik

«Oraintxe, dauzkadan txapel guztiak emango nituzke jokatzen jarraitzearen truke», adierazi zuen Irujok, triste. Urtebete baino gehiago darama pilota partidarik jokatu gabe: iragan apiriletik, hain zuzen ere. Hala ere, egoeraren berri uztailaren 13an eman zuen. Orduan adierazi zuen jendaurrean bihotzeko arazoak zituela eta jokatzeari utziko ziola behin-behinean. Ordutik oso une zailak igarotzea tokatu zaiola aitortu zuen. Medikuz mediku ibili da arazoari irtenbide bat bilatu eta kantxara itzultzeko asmoz. Baina ez da posible izan. Egoera barneratzea «oso zaila» egin zaiola azaldu zuen: «Beti izan dut pilotalekura itzultzeko esperantza, baina, proben emaitzak jasotzen nituen bakoitzean, esperantza txikituz joan da».

Irujok ez zuen zehaztu nahi izan zer gaixotasun daukan. Hala ere, nabarmendu zuenez, aurrera egiteko ezinbestekoa izan da senide, enpresa, mediku, adiskide eta gainontzeko pilotarien laguntza. Aspeko pilotari asko Iberokoa babesten izan ziren Labriten—Asegarcekorik ez zen egon—. Besteak beste, Merino anaiak, Iker Irribarria, Jokin Altuna eta Aitor Zubieta. Abel Barriola hainbestetan haren bikote izandakoa ere—binakako txapeldun izan ziren 2014an— ekitaldian izan zen. Irujok pilotari eginiko ekarpena nabarmendu zuen hark.

Behin pilota profesionala utzita, etorkizunean dauka arreta jarrita Juan Martinez de Irujok: «Eskuzko pilotarekin harremanetan egon nahi dut aurrerantzean ere. Pilotalekua nire etxea izango da orain ere». Hala, Fernando Goñi, Patxi Eugi eta Peio Martinez de Eulate pilotari ohiekin batera —hirurak Labriten ziren—, duela urte batzuk abian jarritako Elkar Pelota proiektuan zentratuko da orain. Haur eta gazteei pilota eskolak ematen dizkiete, Imarkoainen (Nafarroa).

Irujok Aspen izan duen garrantzia goratu zuen Bidartek: «Zure mailako beste pilotaririk ez da izan gurean». Ildo beretik mintzatu zen Iñaxio Errandonea zuzendari komertziala ere: «Nabarmendu nahi dut plazera izan dela, Juan [Martinez de Irujo], zurekin lanean aritzea». Gaineratu zuenez, heldu den ekainaren 24an, San Joan egunez, omenaldi jaialdia antolatu dute Iruñeko Labrit pilotalekuan. Oraindik erabat zehaztu gabe dago partida nagusiazeinek jokatuko duten, baina, Errandoneak aurreratu zuenez, Iker Irribarriak edo Jokin Altunak jokatuko dute, eta beste aurkaria Joseba Ezkurdia izango da. Hala, merezitako aitortza egingo diote pilotakada azkar bezain zitalen bidez horrenbeste zale aulkitik altxarazi dituen pilotariari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.