KRITIKA. Musika

Bruckner eta hodiak

Robert Treviño, orkestra zuzentzen, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: Anton Brucknerren 5. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Apirilak 8.

Egoera berezi baten behar eta eskakizunetara moldatutako denboraldi honen hasieran, Euskadiko Orkestrak aditzera eman zuen bere programetan erromantizismoaren estratak esploratuko zituela. Bada, ostegunean Kursaalean aurkeztutako programak erdigunean jarri du erromantizismoaren handitasuna mugara eraman zuen konpositorea, maiz zuzenean entzuten ez diren bi sinfonia taulara ekarriz.

Anton Brucknerren 5. sinfoniak ez zion ihes egin konpositore austriarraren bizitza eta obra guztian gailendu zen irrika perfekzionistari. Grina horrek eta kritika ugari jaso izanak ekarri zioten bere sorkuntza guztiak behin eta berriro berrikusteko beharra. Lehen bertsiotik, soilik eskuizkribua geratzen da, eta Austriako orduko Kultura ministro Carl von Stremeyri eskainitako kopia; gerora egin ziren edizioetatik, ABUGA Urtext Edition/Benjammin-Gunnar Cohrs-ena erabili du Euskadiko Orkestrak. 1875 eta 1878 artean idatzi eta berridatzitako obra artatsua da bosgarren sinfonia, musikaren etengabeko jarioak eta isiluneek zein haustura harmonikoek sortutako tirabira teknika handiaz eta zorroztasunez integratzen duena.

Lehen mugimenduaren hasieratik sumatu zen Euskadiko Orkestrako haizeak trinko eta norabidez arituko zirela. Hala izan zen, esaterako, biolek eta biolontxeloek lehen gaia aurkeztu zutenean, baita hirugarren mugimenduaren bizitasunean, Treviñoren keinuek tempoan, tarteka, anabasa sortu bazuten ere.

Edonola ere, haizeak izan ziren gau-emanaldiaren protagonista, hala nola bigarren mugimenduan musika desagerrarazten duen koda lasaian. Finale-an, metalek ez zuten galdu obra osoan garatutako lana gorenera eramateko aukera, koralean zein fanfarrean Kursaala kolorez eta intentsitatez betez. San Floriango monasterioan eta Linzeko katedralean organista izan zen Buckner, eta haren ekoizpen sinfonikoetan instrumentu horren ezagutza sakonaren aztarnak ageri dira nonahi. Bosgarren honetan hoditeria sendoa eta bizia izan zen Euskadiko Orkestra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.