Sanantolinak Lekeition

Dei eginez hasiko dira sanantolinak

Gaur hasiko dira Lekeitioko sanantolinak, kuadrillen jaitsierarekin. Mugimendu feministak prest du erasoen aurkako jaietarako protokoloa. Parkeko gunean ekintza andana bat antolatu dute
Kuadrillen mozorro jaitsierarekin murgiltzen dira lekeitiarrak sanantolin jaietan.
Kuadrillen mozorro jaitsierarekin murgiltzen dira lekeitiarrak sanantolin jaietan. KIÑUKA

Uxue Gutierrez Lorenzo -

2018ko irailak 1
Festa giroa nabari da Lekeitioko kaleetan (Bizkaia), aurten inoiz baino ozenago. Herriaren kultura arrantzalea eta tradizioa omenduko dituzte hasiera-hasieratik. Antzina, gizonezkoei itsasoratze orduaren berri ematen zieten andreek iragarriko dute sanantolinen etorrera. 20:00etan piztuko dute suziria, udaletxeko plazan.

Herriko kuadrillak, ordea, ordubete lehenago murgilduko dira jaian. Bilera luzeen ostean adosturiko mozorroa soinean, herriko kaleetan barrena ibiliko dira ehunka herritar plazara bidean. Kuadrillen jaitsieraren 33. edizioa da aurtengoa, eta bertan izango dira Aiora de la Lama eta haren kuadrilla, zazpigarren urtez jarraian: «Lehen, gurasoekin parte hartzen genuen. Gero, lagun taldea osatu, eta kuadrillan mozorrotzen hasi ginen. Kizkurneren Alabak da gure kuadrilla». 26 kidek osatzen dute De la Lamaren lagun taldea, eta aurten hinduz mozorrotuko dira. Aitortu du ez dela lan erraza izaten hain talde handia ideia bakarraren bueltan ados jartzea, eta uda osoa ibili direla «mozorro irabazlearen bila».

Plazara heltzean banatzen dituzte mozorro irabazleari dagozkion sariak. Orotara, lau sari: umeena, nagusiena, berezia eta Kitto elkarteak ematen duena. Mozorroa, giroa eta originaltasuna saritu ohi dituzte. Aurten, Oihan Vega DJari egokitu zaio sariak banatzeko ardura.

Lekeition kuadrillen mozorro jaitsierak iragartzen du festen etorrera, baina bada herri guztietan topa daiteken elementua: txosnak. Portuaren ondoan daude txosnak Lekeition, parrandazalez gainezka irekiera ordutik gaueko ordu txikietaraino. Herriko txosna batzordeko kideek, ordea, orain bederatzi urte jai ereduaren inguruko hausnarketa jarri zuten martxan, festa eredua eraldatzeko asmoz.

Herriko guraso eta norbanakoekin harremanetan jartzea erabaki zuten zenbait gaztek, eta Aitziber Izagirrerekin egin zuten topo, besteak beste. Izagirre berehala bihurtu zen parkeko guneko talde motorreko kide: «Alkoholaren eta kontsumismoaren inguruan eraikitako jai ereduari buelta bat ematea da asmoa». Helburu horrekin sortu zen parkeko gunea, jai eskaintza «alternatiboz» hornitua. Urte osoan, 6 -10 kidez osatuta, talde motorrak kudeatzen du guneko egitaraua. Hala ere, herriko kolektibo askok laguntzen diete ekintzak dinamizatzen. Urteroko izarrak, hauexek: txokolate jatea, altxorraren bila eta piraguak. Bestalde, urtero egiten dute balorazioa, hutsuneak bete guran: «13-16 urte bitartean dugu hutsunerik handiena; oso zaila da egunerokoan gazte horiek bertaratzea, eta ekintza puntualetan bakarrik biltzen dira», azaldu du Izagirrek. Aurten ere askotariko ekintzak prestatu dituzte, ume, gazte eta helduentzat; kultura, sormena eta aisialdi alternatiboari bideraturiko eskaintza da: «Pertsonen arteko parekidetasuna, errespetua, kultur aniztasuna eta beste hainbat balio sustraitzeko espazio bat sortzea da asmoa».

Orratzak prest

Lekeitioko mugimendu feministak ere jai gunea baliatuko du erasoen aurkako aldarria hedatzeko. Azken urteetako ohiturari helduz, manifestazioa antolatu zuten bart. Helburu argia zuen: «Adierazi nahi dugu ez dugula eraso sexistarik onartuko jaietan. Jaiak denok gozatzeko espazioa dira», azaldu du Amaia Nicholsonek, Potxuak Martxan talde feministako kideak.

Jai gunea borrokarako espazio garrantzitsu gisa ikusten dute, eta arriskuen jakitun daude: «Sarritan, egunerokoan bizi izaten ditugu erasoak, baina jaietan areagotu egiten dira». Orain lau urte hasi ziren egoerari aurre egiteko autodefentsa tailerra antolatzen, jaien bezperako astean, «emakumeen arteko sarea osatu eta konplizeak topatzeko».

Ideia horri tiraka osatu dute aurtengo erasoen aurkako kanpaina. Herriaren arrantzale tradizioari jarraikiz, orratzak eta sarea izango dira aurtengo kanpainaren irudiak. Saregileek sareak egiteko erabiltzen duten jostorratz berezia oinarri harturik, bi helburu ditu kanpainak: «Batetik, emakumeen arteko harremanak sendotzea, eta, bestetik, eraso bat jasanez gero autodefentsarako sinbolo eta tresna gisa baliatzea orratza».

«Emon puntadia sariari, dzast erasotzailiari», zioen atzoko manifestazioko pankartak. Bertan banatu zituzten orratzak, eta aldean eramango dituzte gau eta egun.

Beste hainbat auzo, herri eta hiritan legez, prest daukate erasoen aurkako protokoloa. Erasoa jasandakoaren beharrizan eta nahien arabera egokitu dute, haren hitzak hartuz erabaki guztien oinarri gisa. «Erasoa jasandakoaren hitza ez da inoiz zalantzan jarriko, eta haren hitza ez da epaituko».

Erasoa jasandakoarekin hitz egitea da lehen urratsa, eta, ahal bada, erasotzailearengana ere bilduko dira, hura jai gunetik kanporatzeko. Erantzutea ezinbestekotzat jotzen du mugimendu feministak. Hori dela eta, hainbat mekanismo prestatuta dauzkate: musika etenaldiak, elkarretaratzeak... Eraso guztiak larriak direla argi utzi duten arren, erantzun desberdinak prestatu dituzte kasuan kasurako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna