Eurokopa. E multzoa

Horia urretzea, urruneko ametsa

Janne Anderssonen eskutik, hazten segitu nahi du Suediak. Eskandinaviako taldeak final-laurdenak jokatu zituen 2018ko Munduko Txapelketan, eta ezustekoa ematea du xede oraingoan ere. Txapelketako talderik zaharrena duen arren, multzo eraberritua du. Alexander Isak Realeko jokalaria du erasoko erreferentzia.

Alexander Isak, baloia kendu nahian Andre Calisirri, Suedia-Armenia lagunartekoan, ekainaren 5ean. JANERIK HENRIKSSON/ EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Sekula egindako Eurokoparik onena» egin nahi du Suediak, haren entrenatzaile Janne Andersonnen esanetan. Selekzio horiak 1992an ezarri zuen orain arteko langa, Danimarkan jokatutako txapelketan final-aurrekoak jokatuta, baina orduz geroztik maila apalean aritu da. Andersson teknikariak kargua hartu ondoko lanak, ordea, piztu du esperantzarik: 2018ko Munduko Txapelketan final-laurdenetan aritu ziren suediarrak.

Orduko lanak berritzearen peskizan ariko dira oraingoan ere, baina beren mugak ezagutuz jokatuko dute horiek, Alexandra Jonsson (Skanör och Falsterbo, Suedia, 1993) kazetariaren iritzira: «Eurokopako garaikurra lortzea amets urruna da oraindik». Bere herrialdeko selekzioaren jarraipen betean dago Jonsson, eta esan du talde gisa lan ona egin dezaketela: «Ondo ikusten ditut. Batasun handia duen taldea da, eta 2018an ere hala izan zen. Hori gakoa izan zen orduko lorpenak erdiesteko. Lagunak dira».

Munduko Txapelketa hartako oihartzunak sarri entzuten dira Suedian, eta futbolarien arteko batasunari aldagai garrantzitsu bat gehitu behar zaio aurten: «Kalitatea. Lehen baino handiagoa dutela uste dut: Alexander Isakek, Dejan Kulusevskik eta Robin Quaisonek, esaterako, sekulako sasoia osatu dute beren taldeetan». Kulusevski ez da ariko lehen partidetan; hark eta Mattias Svanbergek positibo eman dute koronabirusean.

Arlo teknikoan jauzi bat egin duen taldea da Suedia, baina oraindik koska bat falta zaio onentsuenen parera ailegatzeko. Hala esan du Jonssonek: «Finalaz-eta hitz egitea gehitxo da oraindik; lan handia du egiteko». Aitzitik, final-laurdenetarako sailkatzeko lanak izango dituztela ere aurreikusi du kazetariak, eta esan du «lan onak batzea» dela orain hiru urteko langara heltzeko modu bakarra. Zaleak ere jabetuta daude horretaz, eta ez dute exijentzia handirik. Jonssonen arabera, multzoen fasea gainditzea da taldeari ezartzen zaion helburu argi bakarra: «Hortik aurrera, Cholo Simeonek esaten duen moduan, partidaz partida joan behar du taldeak. Txapelketak jarriko du dagokion lekuan».

Izan ere, multzoko aurkari nagusia, Espainia, ondo baino hobeto ezagutzen du berriemaile suediarrak. Vigon (Galizia) bizi da, eta Espainiako futbolaren inguruan ardazten du bere jardunaren zatirik handiena: «Hasiera batean, hura da multzoko talderik indartsuena».

Multzo eraberritu bat

Batez besteko adinari erreparatuta, Suedia da Eurokopan ari diren 24 taldeetatik zaharrena (29,2 urte), baina horrek ez du esan nahi jokalari beteranoenekin ariko direnik. Taldeak eraberritze prozesu bat izan du azken urteetan, eta horren adibide nagusia herrialdeko izarraren hutsunea da: Zlatan Ibrahimovic etxean geratu da, min hartuta. Isak Realeko aurrelariak hartu du haren lekukoa. Suediarrek esperantza handiak dituzte harengan, eta susmo horiek berretsi egin ditu Jonssonek, donostiarren «partida guztiak» ikusi dituenez gero: «Isakek jo eta ma utzi ditu egunotan selekzioaren ibilerak segitzen ari diren kazetariak. Jakin bazekiten ondo ari zela, baina entrenamenduetan txundituta geratu dira».

Aurrelari txuri-urdina erasoko erreferentzia bilakatu da, baina, oro har, azken urteetan estilo aldaketa bat gertatu da Suedian. Jokoa antolatzeko modua aldatu, eta kontrarioaren atera gehiago egin dute. Hala uste du Jonssonek ere: «Historikoki, defentsako lerroa izan da Suediaren indargunea. Orain, erasoa da. Lau jokalari bikain ditugu aurrean». Haien artean dago Jordan Larsson, Spartak Moskuko aurrelaria. Abizenak ez du engainatzen: Henrik Larssonen semea da.

Kontrara, Suediak zelaiaren goialdean aurkitu duena falta du behean: sendotasuna. Anderssonek ezin izan ditu deialdian sartu ohiko atzelari asko, lesioengatik, eta atzeko lerroa ia hutsetik eraiki behar izan du: «[Ludwig] Augustinsson berreskuratu du azken orduan, eta gaitz erdi». Europako liga nagusietan jokatu duten futbolarietako bat da Augustinsson. Alemaniako Werder Bremenen aritu da; taldea mailaz jaitsi arren, «lan ona» egin du.

Arlo guztiak batuta, Suedia ziurgabetasunaren taldea da. Zaila da nola moldatuko den aurreikustea; itxaropen printzak erakutsi ditu azken boladan, baina asko gabe kanporatua izateko arriskua du: «Multzoa gainditu dezala estreina, nahikoa zaila badu-eta, eta gero gerokoak». Ondoren, horia urretzeko urratsak egin nahi ditu: «Etorkizunean, zergatik ez? Orain jarri behar ditu oinarriak».

Espainia: Grazia baino lehen, grazia

Polonia: Artillariari segika doaz

Eslovakia: Eskasena, agidanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.