Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Fokuak gerizpean

2016ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Oroimen kolektiboak modu xelebrean jokatzen du zenbait sarirekin; kasurako, Hollywoodeko Oscar sariekin. Gehienok gomutatzen dugu, modu okerrean, Pedro Almodovar zinemagilea urre-koloreko estatuatxoa jasotzen Mujeres al borde de un ataque de nervios filmarengatik. Aurten antzeko zerbait gerta daiteke sari nagusiarekin. Hautagaien artean faborito argi baten eza, The Revenant fenomeno gisa, eta Iñarrituk zuzendari onenaren saria irabazi izanaren ondorioz, etorkizunean pelikula onenaren Oscarraren irabazle gisa gogoratuko dugu.

Ezer gutxi inporta du Spotlight film apartak —primerako zinema eraginkor, formal eta borobilak— modu bidezkoan The Revenant pelikulari —nire aburuz, erabateko iruzurra— saria kendu izana. Thomas McCarthyren filma bere itxurazko diskrezioaren biktima izango da Iñarrituren tramankulu itxuratiaren aurrean. Fokua itzalean geratuko da.

Eta berriz eztabaida zaharra. Posible ote da urteko film onenaren atzean zuzendari onena ez egotea? Askok ezetz diote. Baina zuzendariek dituzten zeregin eta deliberamendu anitzak ezagututa, ulergarria izan daiteke primeran zuzendutako film batek askotan aparteko emaitzarik ez lortzea. Askotan ikusi ditugu, adibidez, aparteko zuzendaritzarik gabeko izugarrizko istorioak, pelikularen osotasuna balio duten gidoi distiratsu horiek, zuzendariaren nolabaiteko joera gainditzen dutenak.

Hau esanda, eta jakinda film luzeak ikuslearen oroimenean iltzatzeko faktore ugari direla eraginkorrak, uste dut oraingoan pelikula eta zuzendari onenaren sariek izenburu bera partekatu behar zutela. Bada, Iñarrituren neurrigabeko anbizioak aurkikuntza harrigarriak lortzeko duen gaitasuna ontzat hartuta, bere filma egundoko hutsegitea da: ikusleak ezin baitu bideo joko itzel horren protagonistarekin bat egin.

Ostera, Spotlight neurritsuak bere asmo eta helburuan asmatzen du osoki: istorio on bat modu zehatz eta eraginkorrean kontatzen digu. Eta gainera —atzo Alberto Barandiaran kazetariak egunkari honetan argi utzi zuen bezala—, premiazkoa da benetan. Egun, betidanik hala ezagutu dugun moduan, fokuak ikuskizunei zuzenduta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.