Elkarlana eta auzolana oinarri

Gaur hasiko da Bilboko urteko asterik luzeenaren 40. aldia. 29 konpartsa, zazpi gune eta ehunka konpartsakide arituko dira Bizkaiko hiriburuko kaleak girotzen datozen egunetan. Morea, berdea, laranja... Kolore eta estilo askotako egiturak atondu dituzte Marijaiari harrera egiteko. Ekintzen artean, berrehundik gora kontzertu izango dira.
Margo eta pintura pote artean, txosnak muntatzen ari dira konpartsakideak.
Margo eta pintura pote artean, txosnak muntatzen ari dira konpartsakideak. MARISOL RAMIREZ/FOKU

Uxue Gutierrez Lorenzo -

2018ko abuztuak 18
Feminismoa, okupazioa, ekologismoa, euskara, auzo bizitza... Bilboko Areatza aldarrikapenez betetzen da urteko asterik luzeenean. Altuera, forma eta kolore guztietako txosnak aurki daitezke gaurtik eta hurrengo igandera bitartean. Konpartsakideek aste luzea izan dute aurre-prestaketan ere, aldamioen egitura, panel eta kable artean murgilduta. Lan handia egin ondoren, gaur hasiko da festa. Izan ere, brotxak eta arrabolak garagardo iturri eta edalontziekin nahasten dira; soilik elkarlanaz aurrera atera daitekeen anabasa. Bizkaiko hiriburua auzolanean oinarritutako jaiak izateagatik da ezaguna, eta aurten 40. aldia izango dute jaiek. Zortzi dira Aste Nagusia sortu zenetik bizirik dirauten konpartsak, eta bederatzi, berriz, hiria festaz betetzen duten egunak.

Konpartsa historikoetako bat da Bizizaleak ekologista, eta lau hamarkadako borroka ekologistari keinu egin nahi izan diote aurten: «40 urte hauetako borroka guztien irudiz josi dugu txosna; margotu beharrean, kartelak itsatsi ditugu», azaldu du Bizizaleak konpartsako Zaloa Arasek. Kopartsaren historia osoan izandako jantzi guztiak ere eskegi dituzte, urte hau berezia izango baita. Dozenaka konpartsakide pasatu dira egunero kartelak itsatsi, iturgintza ikastaroak egin edota idazkari lanetan aritzera. Askotariko egitekoak ezkutatzen dira txosna baten atzean. Konpartsakideek lekukoa eman diete elkarri, goiz, arratsalde eta gau.

28 txosna antolatzea ere ez da lan makala izaten, zazpi gunetan banatzen baitira. Arriaga antzokiaren atzean dago Pa... Ya! Otxarkoaga auzoko konpartsa, Kaskagorri eta Kaixorekin batera. Atzealde gunea osatzen dute hirurek. Euren auzoa irudikatu dute txosnako paneletan: «Otxarkoagakoak gara, eta hori argi utzi nahi dugu. Zer-nolako auzoa nahi dugun irudikatu dugu, zeren alde gauden eta zeren kontra, Otxarkoagako plazan kokatuta», azaldu du Garazi Gallo konpartsako kideak. Auzo euskalduna, bizia eta borrokalaria nahi dute, telebistan saltzen den irudiaren kontra.

Kulturgunea osatzen duten konpartsen artean dago, aldiz, Altxaporru. Irune Zabala joan den urtetik da haren kide: «Nik ez dakit ezer mekanotuboak muntatzeaz; lan horretan galduta ibili naiz, eta ikasi behar izan dut», aitortu du brotxa eskuan. Zailtasunak zailtasun, Mexikoko garezurrak izan dituzte inspirazio iturri, eta txosnak zutik dirau.

Borroka feministak ere berebiziko indarra hartu du aurten, eta ondo dakite hori Mamiki konpartsa feministako emakumeek. Urteak daramatzate borrokan, modak moda. Punk estiloko hizkiekin idatzitako Gora borroka feminista erraldoia, atzealdea arrosa eta beltz kolorez duela, jarrera borrokatzailearen adierazle.

Mugimendu feministako kideek ondo ezagutzen dute taldearen indarra: «Gu feministak gara, eta hau ez da moda bat. Hau bizimodu bat da, borroka bat», adierazi du Lorea Ureta Mamiki konpartsako kideak. Berak hemezortzi urte daramatza konpartsan, eta ondo ezagutzen ditu jaiak eta borroka feminista. Horregatik, ilusio bereziz bizitzen ditu muntaketa egunak.

Desoreken oholtza

Oholtza gainean ere, borrokak badirau. Ehunka musika talde igoko dira atzo azken ukituak jasotzen ari ziren txosnen tauletara. Txosnetan, eta baita Bilboko Udalak dituen beste agertokietara ere. Konpartsek eta udalak antolatutako kontzertuetan ia 1.000 musikari igoko dira oholtzara, eta horietatik %80 izango dira gizonezkoak, eta %20 emakumezkoak. Bereizketa horrek bere horretan iraungo du disko jartzaileen kasuan, eta denera egongo diren 19 DJen kasuan %79 gizonezkoak izango dira.

Baina alde hori areagotu egiten da udalak prestatu dituen disko jartzaileen emanaldietan, horietan ez baita emakumerik igoko taula gainera. Berdintasunera gehien gerturatuko diren emanaldiak, hala ere, bertso saioak izango dira, udalaren eta konpartsek antolatutako saioen artean %54,2 izango direlako gizonak, eta %45,8 emakumeak.

Betaurreko moreak kendu, eta euskararenak jarriz gero, beste datu batzuk azaleratuko lirateke. Datu absolutuak kontuan hartuz gero, Aste Nagusian taula gainera igoko diren 227 taldeetatik %25ek kantatuko dute euskaraz, %41,5ek gazteleraz, eta %16k ingelesez. Euskarazko eta gaztelerazko taldeen arteko oreka handiagoa da konpartsek antolatutako zuzeneko emanaldietan, %32,4 izango direlako euskaraz, eta %39,5 gazteleraz. Baina begirada udalaren egitaraura zuzenduko balitz, datuak bestelakoak lirateke. Izan ere, programazio ofizialeko 83 kontzertuetatik %12 besterik ez dira euskaraz izango, eta %45,3, berriz, gazteleraz. Euskara baino ingeles gehiago entzungo da, gainera, udalak programatutako kontzertuetan: %14,7.

Zenbaketa hori kalean eskainiko diren ikuskizunetara bideratuz gero, ordea, oreka handiagoa topatu ahal izango da. Denera 24 kaleko antzerki, malabar ikuskizun edo dantza emanaldi eskainiko dira Aste Nagusiak iraun bitartean, eta horietatik gehienak euskaraz gozatu ahal izango dira: %41,7. Gazteleraz mintzatuko dira %20,8, eta hitzik gabekoak %37,5 izango dira.

Berriz ere konpartsen eta udalaren arteko bereizketa eginez gero, hitzik gabeko emanaldiak gailentzen dira programazio ofizialean (%47), eta gaztelerazkoak nabarmenduko dira, ostera, hitzak dituzten emanaldien %29etan. Euskarazkoak ikuskizunen %23,6 izango dira.

Konpartsek antolatutako emanaldien %85,7 euskaraz izango dira, eta gainerako denak mutuak. Hizkuntza horiek izango ditu, beraz, aurtengo Aste Nagusiak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna