Hizkuntza gutxituetako hedabideen topaketa bat egingo dute Altsasun

Hilaren 20an izango da jardunaldia. Mexikotik, Galestik eta Irlandatik etorriko dira hizlariak

Yazmin Novelo Radio Yuuyum irrati maiako kidea izango da topaketako hizlarietako bat. CUAUTÉMOC MORENO / EFE.
urtzi urkizu
2018ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Txikiak Handi egitasmoko kideek eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak hedabideen inguruko topaketa berezi bat antolatu dute hilaren 20rako Altsasun (Nafarroa). Hain zuzen ere, Nafarroa Oinez-en bezperan egingo dute jardunaldia.

Unai Arellano Txikiak Handi egitasmoko arduradunak azaldu du zergatik antolatu duten komunikabideen inguruko topaketa bat hezkuntzarekin lotutako jaialdi baten ekitaldien barnean. «Ikastoletan ditugun helburuen artean euskararen normalizazioa daukagu. Euskararen normalizazioan, hezkuntzak asko egin du, eta egin dezake, baina hortik at komunikabideen lana ere garrantzitsua da hizkuntza gutxituen normalizaziorako».

Arellanok iragarri du Euskal Herriko komunikabideen eta atzerriko hainbat herrialdetako hedabideen kasuen berri emango dutela jardunaldian. Hasteko, Johan Haggmanek emango du hitzaldia —finlandiarra da, eta hizkuntza gutxituen inguruan hamar urtez egin du lan Europako Batzordean—. «Urteetan egon da hizkuntza gutxituen batzordean, eta batez ere Europan dagoen egoeraz hitz egingo du. Europako komunikabideen egoerak hizkuntza gutxituengan zer eragin duen aztertuko du».

Bestalde, Euskal hedabideak: iragana, oraina eta geroa atalean mintzatuko dira Idurre Eskisabel kazetari eta EHUko irakaslea eta Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko kazetaria. «Eskisabelen bitartez euskarazko hedabideen egoera kokatu nahi dugu, eta etorkizuneko erronkak zein diren jakin. Lakastak Euskalerria Irratiko esperientzia kontatuko du, eredu on bat baita irrati hori».

Topaketaren bigarren partean beste herrialde batzuetako «eredu on batzuk» ekartzen saiatu direla nabarmendu du antolatzaileak: Yazmin Novelok Yucatango Radio Yuuyum irratiaren —maia hizkuntzan emititzen du— berri emango du —Garabide elkartearen eskutik Euskal Herrian da—; Elin Haf Gruffyd Jones irakaslea Galesko komunikabideen inguruan ariko da; eta azkeneko hizlaria Ronan Mac Con Iomaire izango da, RTE Irlandako irrati-telebista kate publikoko gaelera arduraduna. Bukatzeko, eztabaida irekia egingo dute denen artean.

Aipatutako hizlari horiek guztiek Txikiak handi manifestua sinatuko dute Nafarroa Oinez jaian.Testuak hala dio: «Mundua anitza da; hizkuntzak altxor kulturalak dira, eta horrek aniztasuna eta aberastasuna ematen die munduko herrialdeei; eta hizkuntzak herrien eta pertsonen identitaterako eta garapenerako funtsezko tresnak dira». Manifestuaren sinatzaileek konpromisoa hartzen dute hizkuntzen normalizazioan lanean segitzeko eta zubiak eraikitzeko.

Topaketara joateko izena eman daiteke txikiakhandi.eus webgunean. «Ikusi dugu topaketarekin aukera ona dela Nafarroa Oinez-i beste jite bat emateko, eta ausartu egin gara», azaldu du Arellanok. «Maila handiko hizlariak lortu ditugunez, ahalik eta jende gehiena etortzea nahiko genuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.