Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Historia

2022ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Beti esan dut gaur egungo egoera ulertzeko beharrezkoa dela historiara atzera begiratzea. Historiako klaseak asko gustatu zaizkit hezkuntzako etapa guztietan. Eskola horien inguruan hausnarketa eginez, emakumeen falta handia sumatu nuen feminismoa nire barnean piztu zenean. Emakume gutxi agertzen dira historiako liburuetan; erregina batzuk eta Margaret Thatcher gogora etorri zaizkit orain. Bestela, historiako liburuetan gizonak dira protagonistak.

Liburu horiekin, gerren inguruan ikasi nuen batez ere. Horietan, guduen emaitzen eta lortutako asmakuntzen inguruan hitz egiten zuten, baina gutxitan irakurri izan dut gerra horiek jasan zituzten pertsonen bizipenak. Azken egunotako albisteetan, Ukrainako gerra ikusten ari gara. Gizonek gudu zelaian geratzeko deia jaso dute, eta bitartean emakumeek beren herritik ihes egin dute. Ez doaz bakarrik, umeen zaintza haien ardura da. Herriaren etorkizuna herritik kanpo zainduko dute. Ukrainako emakume asko oraindik gerraren menpe geratu dira eta haien etorkizuna airean dago. Asko heriotzaren beldur izango dira, baina sexu erasoen biktima ere izan daitezke.

Gerra aldarrikapenak gizonek egin dituzte. Gaur egun, Ukrainan, Sirian edota Yemenen bizi diren gerra egoerak gizonek sortu dituzte. Putinekin hitz egiten saiatu diren guztiak ere, gizonezkoak izan dira. Horrekin ez dut esan nahi emakume guztiak gerren aurka gaudela, baina gerra patriarkatuaren parte dela esan daiteke arazorik gabe.

Gaur Martxoaren 8a dugu eta emakumeen historia ezagutzeko telesail berezi bat gomendatu nahi dizuet: Culottées (Filmin). Animaziozko telesail bat da; hartan, 30 emakumeren istorioak ezagutzeko aukera izango dugu. Besteak beste, Leymah Gbowee bakearen aldeko aktibistaren bizitza ezagutuko dugu. Harekin batera, emakumeen eskubideen alde lan egin duten emakumeen bizipenak ikusiko ditugu, 3-4 minutuko kapituluetan. Lanak emakumeok historian eduki dugun presentzia murritza argi erakusten du. Historiako pasarte garrantzitsuenetan zaintza lanetan egon gara eta bestelako aurkikuntzei edo lanei garrantzia kendu zaie. Historiarekin kritiko izan gaitezke, modu horretan orainaldia hobeto ulertzeaz gain, etorkizun hobea sortzeko aukera izan dezakegulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.