urtzi urkizu
BASQUEWOOD

Pikaza eta Aberasturi

2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Maria Cristina hotelaren sarreran topatu nuen atzo Lara Izagirre gidoilari, ekoizle eta zinemagilea, pozez zoratzen, Nora euskarazko filma oso harrera ona izaten ari delako. Zein ederrak diren halako uneak, ikusten duzuneanestreinaldia zorion iturri dela —aintzat hartu sortzaileak bost urte eta arima utzi dituela proiektuan—. Xarma bereziko pelikula da, gainera, Nora. Ane Pikazak beldurrez betetako gazte baten rola jokatzen du: road trip-a barne bidaia bilakatzen zaio, bidean pertsonaia desberdinak topatuz. Koaderno bidaian marrazkiak zizelkatuz. Izagirreren aurreko pelikulan —Un otoño sin Berlin—, makina bat sari eraman zituen Irene Escolar aktore protagonistak. Ezinezkoa da jakitea Pikazak halako aitortzak jasoko dituen, baina argi dagoena zera da, deskubrimendu atsegina izango dela ikus-entzule askorentzat. Zenbait gaztek beren burua islatuta ikusiko dute Noraren pertsonaian, bidenabar. Eskertzekoa da oso emakumezko eskuz idatzi eta emakumezko begiz zuzendutako euskarazko pelikulak egotea: gutxi dira, eta gehiago behar ditu euskal zinemak.

Nora-n, Norak horoskopoak bidaltzen ditu argitalpen baterako. Gogoan dut Euskaldunon Egunkaria-n Uxue Agirrek idazten zituela horoskopoak. Hari buruz galdetuta, Izaskun Basterretxea lankide ohiak kontatu zidan mendian bakartuta bizi zen sorgin bat zela Agirre.

Kostaldean, itsaslabar batzuen ondoan bizi dira Akelarre filmeko sorginak. Pikazak bezala, Amaia Aberasturi aktoreak ezustekoa emango die ikus-entzule askori. Argiztapen aldetik fin, atmosfera berezia sortzen dute Akelarre-n. Baina ahulegia da gidoia, eta Aberasturiren lana da pelikulak duen osagarririk onena. «Ez dugu nahi beste berorik...» eskala kromatikoan kantatzen, inkisidorea limurtu eta pantaila sorgintzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.