Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Ito beharrean

Jorunn Myklebust Syversenen bigarren film luzea da Disco. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'Disco'

Zuzendaria: Jorunn Myklebust Syversen. Herrialdea: Norvegia. Iraupena: 94 minutu.

Mirjam dugu Disco filmaren protagonista. 19 urteko dantzaria da Mirjam, eta zazpi aldiz irabazi du disco estiloko munduko dantza txapelketa. Haren familiarekin batera, argi, ke makina eta disco musikaz beteriko eliza ebanjeliko baten partaide da, eta dantza entseguekin batera Mirjamen egunak betetzen ditu horrek.

Burbuila batean bizi da Mirjam; erlijioa, jainkoa eta fedea ardatz dituena. Burbuila horren erregina dela pentsa dezakegu hasiera batean: elizako abeslari nagusia da, belaunaldi berriek haren pausuak jarraitu nahi dituzte, eta dantza txapelketa guztiak irabazten ditu. Baina bere gorputza hitzekin komunikatu ezin duena adierazten hasiko da: «ezin dut gehiago, ihes egin beharra daukat».

Estetikoki eta kanpotik begiratuta perfektua dirudien mundua aurkezten digu Jorunn Myklebust Syversen zuzendari norvegiarrak. Dena da polita eta alaia, denak du dantza txapelketetako purpurina eta kolorea. Planoek, lokalizazioek, pertsonaiek. Eta horrek oraindik eta aztoragarriagoak bihurtzen ditu sekta kutsua duten talde hauek, ilunagoak. Bertatik ihes egiteak zailagoa dirudi, eta protagonistak aurkitzen duen irtenbidea —ezaugarri desberdinak dituen baina beldurgarriagoa eta hertsiagoa dirudien beste talde erlijioso batera batzea—, ia ulergarria egiten zaigu.

Plano irekiak, Norvegiako laku eta paisaia zoragarrien lasaitasuna, elizako eszenen muntaketa geldoa, eta dantza txapelketen erritmo bizia. Itogarria da Mirjam gaztearen egoera, eta zuzendariak kontraesanezkoak diruditen baliabideak erabilita lortzen du arnas falta hori transmititzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.