2019ko aurrekontuak. Luzapena

Inork irabazi ezean, gal beza besteak

2019rako aurrekontu proiektua erretiratuta, Jaurlaritzak eta oposizioko indar nagusiak elkarri egotzi diote akordiorik ezaren ardura. «Lasaitasun» mezua zabaldu du Azpiazuk
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun saliburua, atzo eguerdian eginiko agerraldian.
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun saliburua, atzo eguerdian eginiko agerraldian. DAVID AGUILAR / EFE

Jon O. Urain -

2018ko abenduak 14
23:58. Bi minutu falta dira gauerdia iristeko, eta, harekin, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak EH Bilduri emandako epemuga amaitzeko. Asteartean eman zion ultimatuma 2019ko aurrekontuen inguruan akordio bat lortzeko, eta, harrezkero Jaurlaritzak koalizioari proposamen gehiago aurkeztu badizkio ere, EH Bilduk ez ditu eskaintzok nahikotzat jotzen. 23:58an, Jaurlaritzaren oharra: «Abenduaren 13ko 00:00etan, Eusko Jaurlaritzak ez du erantzunik jaso EH Bilduko talde parlamentarioaren aldetik bere azken eskaintzari. Horrenbestez, 08:00etan ezohiko gobernu kontseilua egingo du. Jaurlaritzak lanean jarraituko du euskal gizartearen beharrei erantzuteko aurrekontuak luzatuta». Esan eta egin: Jaurlaritzak, atzo 08:00etan batzartu, eta 2018ko kontuak luzatzea erabaki zuen, datorren urterako proiektua erretiratuta.

Jaurlaritzak eta EH Bilduk asteak zeramatzaten negoziazioetan, baina, proiektua erretiratuta, erruak banatzeko eta pilota bestearen teilatura botatzeko eguna izan zen atzokoa; goizean goizetik aritu ziren horretan. Horren erakusle da atzo irrati ugaritan izandako agenda: Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea, Bizkaia irratian 08:30ean; hamar minutu geroago, Maddalen Iriarte EH Bilduko talde parlamentarioko bozeramailea Euskadi Irratian; 09:00etan, Andoni Ortuzar EAJko presidentea Radio Euskadin; 09:15ean, Nerea Kortajarena EH Bilduko parlamentaria Info7n; eta 09:30ean, Azpiazu Onda Vascan.

Eguerdian hedabideen aurrean eginiko agerraldi batean, gertatutakoaren balorazioa egin zuen Azpiazu sailburuak. «Lasaitasun» mezua bidaliz ekin zion: «Eusko Jaurlaritzak beharrezko mekanismoak ditu, juridikoak eta aurrekontuei dagozkienak, Euskadiko herritarren ongizatea eta Euskadiren garapen ekonomikoa bermatzen jarraitzeko». Hortik aurrera, EH Bilduren jarrera izan zuen kritiken jomugan: «errespetu faltaz» jokatzea egotzi zion: «EH Bilduk ez du inolako ardurarik erakutsi aurrekontuen lege proiektu osoaren aurrean. Beraz, EH Bildu arduratzen duena ez da aurrekontuen lege proiektuaren eraginak jasoko lituzkeen euskal gizarte osoa».

Negoziazio mahaian izandako desadostasunen inguruan, Azpiazuk uste du koalizioak «pentsiodunen zaindari» bilakatu nahi izan duela, baina EH Bilduri ohartarazi zion pentsiodunei eurei azaldu beharko diela «hauteskundeei begira egindako kalkuluaren ondorioz hamahiru hilabetean hilean ehun euro arteko igoera eta hurrengo hilean 50 baino gehiagokoa galarazi» diela. Era berean, azpimarratu zuen pentsioak «Madrilen» erabakitzen direla: «Norgehiagokak dagokien ligan jokatzen dira».

Jaurlaritzak asteazken arratsaldean egin zion azken proposamena EH Bilduri: pentsio apalenak osatzera bideratutako dirua —DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta dela medio— %7 igotzea 2019an, %6 2020an, eta 2021ean igoera izatea KPI kontsumorako prezioen indizea gehi %1. Eurotan, hilean 783 jasotzea datorren urtean (orain baino 51 euro gehiago) eta 830 2020an: «2021ean, hartzaileak 856ra iritsiko lirateke KPIa %2 haziz gero. Handiagoa balitz, kopuru hori gaindituko luke». EH Bildurentzat, «praktikan» aldaketarik gabeko eskaintza zen.

Azpiazuren antzera mintzatu zen Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria ere, eta «jarrera zintzoa» ez izatea leporatu zion EH Bilduri: «Jaurlaritzak ahalegin guztiak egin ditu. EH Bilduk ezetz erantzun zuen, zazpi bileraren eta bost proposamenen ostean, lehen eguneko erantzuna errepikatuz». Haren esanetan, Jaurlaritza «fede onez» aritu da negoziatzen: «Dezepzio bat izan da EH Bildurengan betiko ezker abertzalea aurkitzea».

Ortuzarrek koalizio subiranistaren bizkar utzi zituen aurrekontua ez onartzearen kalteak: «Milaka pentsiodun eta langile publikoren baldintza ekonomikoak ez dira hobetuko: hori da EH Bilduk aurrekontu hauek zapuztean egin duen eragiketa handia». Halaber, «pankartaren atzean eta zarataka, erakundeetan pertsonen arazoak konpontzen baino erosoago sentitzea» egotzi zion.

EH Bildu, «penatuta»

EH Bilduk arratsaldean egin zuen akordiorik ezari buruzko balorazioa azaltzeko agerraldia. Iriarte kexu agertu zen Jaurlaritzaren jokabideaz; «penatuta» hitz egin zuen: «Erabaki txarra hartu du herri honentzat, aukera erreala baitzegoen akordio bat egiteko eta milaka pertsonaren bizitzak hobetzeko». Iriartek zenbakietara jo zuen, EH Bilduren proposamena bideragarria zela defendatzeko: «858 euroko gutxieneko pentsioa bermatu nahi genuen 2019an, herritarrei legez tokatzen zaiena. Eta badakizue zenbat diru behar den 858 euroko gutxieneko pentsioa izateko 2019an? Hogei milioi. 11.800 milioiko aurrekontutik, hogei milioi. Erantzuna ezezkoa izan da».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak ere hartu zuen hitza, eta gogora ekarri zuen Jaurlaritza gutxiengoan dagoela Eusko Legebiltzarrean: «Gobernu ahul baten aurrean gaude. Osakidetzaren auzia, De Miguel auzia eta halako kontu ilunak ere baditu. Jendeari bizkarra eman diote, patronalari men egin, ultimatuma eman dute, eta atea itxi. Jendeari esan diote dirurik ez dagoela beren arazoak konpontzeko. Ez da egia». Horrez gain, jakinarazi zuen koalizioak ekinaldi legegileak eramango dituela Eusko Legebiltzarrera, aurrekontuen negoziazioan zehar mahai gainean jarri dituzten gaien inguruan: «Indar politiko bakoitzaren argazkia egingo da horrela. Agerian geratu da badagoela alternatiba: jendearen mesedetan egingo diren bestelako politikak praktikan jarriko dituena».

Eusko Legebiltzarrean, atzo ziren bozkatzekoak aurrekontu proiektuari aurkeztutako zuzenketa partzialak, eta gaur zortzi ziren egitekoak aurrekontuei behin betiko onespena emateko bilkura. Halakorik ez da izango, ordea. 2016-2020 legealdian, lehen aldia izango da Jaurlaritzak aurrekontuak luzatu beharko dituena, azken bi urteetan PPrekin adostu baititu. 2012an Urkullu Jaurlaritzako lehendakaritzara heldu zenetik, bigarren aldia izango da aurrekontuak luzatzen dituena; lehenbizikoa 2013an izan zen. Gerora, PSE-EErekin egin zuen aurrekontuen inguruko akordioa 2014an eta 2015ean, eta, 2016tik, sozialistekin gobernatzen du EAJk Jaurlaritzan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietan eta Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udaletan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna