Koronabirusa Txinan. Olatz Urkia. Kazetaria

«Biztanleria osoa txertatu baino lehen kendu dira neurriak»

Txinak kutsaturik gabeko estrategia alboratu du, herritarren protesten ondotik. Urkiak azaldu duenez, omikron aldaerak beste egoera batera eraman du herrialdea, kasuen ugaritzea ezin izan delako gelditu.

GORKA RUBIO / FOKU.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Txinatik irten gabe egon da azken hiru urteetan Olatz Urkia kazetaria (Donostia, 1986). Pekinen bizi da 2016tik, korrespontsal lanetan aritzen da EITBrentzat, eta BERRIAren kolaboratzaile ere bada. Txinan harrapatu zuen pandemiaren hasierak, eta bertatik bertara ezagutu du COVID-19ari aurre egiteko asmoz gobernuak ezarri zuen kutsaturik gabeko politika. Ez du esku hutsik bidaiatu Euskal Herrira: El Búho de Ravel eleberria (Txalaparta) aurkeztu berri du. BERRIArekin Txinaren estrategia aldaketaz mintzatu da; «bat-batean» kendu ditu Pekinek ahalik eta herritar gutxien kutsatzeko ezarriak zituen neurri zurrunak, eta gorakada izan du positibo kopuruak.

Kasuek gora egin dute, baina zalantza asko eragin dituzte gobernuaren datu ofizialek.

Egia da orain, testak egiten ez dituztenez, ezin dela lehen bezain ondo kontrolatu zenbat kutsatze dauden. Kutsatu diren askok etxean pasatzen dute gaitza. Ez dago datu horren zehatzik.

Hildakoei dagokienez, zalantza sortzen du neurriak kendu direnetik gutxi handitu dela heriotza kopurua, baina gobernuak esan du ez duela datuak ezkutatzeko asmorik. Azaldu du COVID-19akhildakoen zerrendan sartzen dituztela bakarrik arnas sistemaren arazoengatik hil direnak. Hil diren horiek beste gaixotasun batzuk baldin bazituzten, eta COVID-19ak gaitz horrek okerrera egitea eragin badu, horiek ez dituzte kontuan hartzen.

Hedabide batzuek jaso dituzten lekukotza batzuen arabera, zenbait ospitalek gainezka egin dute neurriak arindu direnetik. Izan al duzu halakoen berri?

Ikusten dudana da hemengo hedabideek ematen duten ikuspegia eta hangoek ematen dutena oso desberdinak direla. Hemen, titulu dramatikoak egin dira: Erabateko kaosa Txinan. Eta, handik, lagun batek kontatu dit beste lagun bat eraman zuela COVID-19agatik ospitalera, koronabirusari aurre egiteko bereziki prestatu duten horietako batera, eta ez zegoela inolaz ere gainezka eginda. Kontatzen dute jendea kutsatu dela, baina gaixotasuna etxean pasatu dutela; omikrona denez, sintomak ez direla horren larriak.

Baina adituek esaten dute milioi bat pertsona hilko dela Txinan COVIDagatik. Kopuruak beldurra ematen du, baina kontuan hartzen badugu Txinak 1.400 milioi biztanle dituela, bada, herritarren %0,07 da. Iruditzen zait hemen pixka bat puztu egin dela dena. Hala ere, ikusteko dago egoerak okerrera egingo duen.

Zer gertatuko den ikusteko dagoela diozu txinatarren Urteberri egunaren ospakizunengatik?

Bertako adituek esaten dute lehenengo oldea hiririk handienetan espero dela, eta bigarren olde bat Urteberri txinatarra heltzen denean. Jendea bere jaioterrira itzultzen denez, birusa eramango duelako landa eremuetara. Arazo handiagoak sor litezke landa eremuetan, osasun zerbitzuak askoz ere mugatuagoak direlako.

Aditu batzuek garrantzia aitortu diote txertaketa azkartzeari.

Kontuan izan behar da 80 urtetik gorakoen %40k ez daukatela txertoa jarrita. Ez dute txertatu nahi izan, eta gobernuak ez ditu behartu. Baliteke hori harrigarria izatea jendearentzat. Askok pentsatzen dute Alderdi Komunistak nahi duena egiten duela herritarrekin. Zergatik ez zituen txertatzera behartuko? Bada, ez ditu behartu.

Orain arte, hori izan da kutsaturik gabeko estrategia mantentzeko argudio nagusia: 80 urtetik gorakoak babestu behar zirela. Baina protestek bultzatu dute aldaketa, eta neurriak kendu dira biztanleria osoa txertatu baino lehen. Orain ikusi beharko da bilakaera zein den.

Herritarren mobilizazioak ezustekoa izan dira?

Uste dut han ez dela izan hemen besteko sorpresa. Hemen, zabaldua dago txinatarrek sekula ere protesta egiten ez duten ideia, baina ez da zehatza. Txinan protestak egiten dira. Agian bakanagoak dira, eta berehala isilarazten dira zentsuraren bidez, eta atzerrian ere ez zaie arreta handirik jartzen, esaterako, hiri ezagun batean gertatzen ez badira. Azkenaldi honetakoak hainbat hiritan izan dira aldi berean. Deigarria izan zen, halaber, alderdiaren eta Xi Jinpingen [Txinako presidentearen] aurkako kritikak izan zirela. Hori ez da ohikoa.

Pekinen, protesta egitea legez kanpokoa da, eta, manifestazio batean parte hartzeko, ausardia bikoitza behar da hemen behar denaren aldean, ondorioak askoz ere larriagoak izan daitezke eta.

Protestak gertatu ziren Xik bere agintea luzatu eta hilabetera. Badute loturarik batak bestearekin?

Kontua da pandemiaren hasieran jendeak murrizketak onartu zituela gaixotasunari beldurra ziolako, eta ikusi zelako neurriak eraginkorrak zirela. Baina omikron iristean, eta ikusi denean beste herrialde batzuetan normalbizi zirela, neke pandemikoa areagotuz joan da. Gainera, neurriak are gehiago zorroztu dituzte, ezinezkoa zelako kutsatzeak geldiaraztea.

Jendeak itxaropena zuen Alderdi Komunistaren kongresuan. Uste genuen Xi Jinpingek orduan iragarriko zuela kutsaturik gabeko estrategiaren amaiera. Baina ez zen hala gertatu. Horren ostean, neke handi bat nabaritzen zen. Jendearen kezka zen beste bizpahiru urte eman beharko zituela egoera berean. Urumqin, Xinjiang probintziako hiriburuan, gertatu zen sutea izan zen kalera irteteko azken bultzada. Konfinamenduaren ondorioz, suhiltzaileak berandu iritsi ziren sua itzaltzera, eta hamar pertsona hil ziren.

Txinara itzultzean, printzipioz, ez duzu berrogeialdia egin beharko. Atzerriko bidaietan neurri hori kentzeak zer ekarriko du?

Ni bezala, beste asko ez dira Txinatik irten hiru urte hauetan. Bagenuen sentsazioa Txina beste mundu paralelo batean zegoela, eta oso bakartuta egon garela. Mugetako neurri zorrotzengatik oso hegaldi gutxi izan dira, eta Txinan sartutako aldi bakoitzeko hiru asteko berrogeialdia egin behar zen hotel batean. Uste genuen agian Txinatik irteten baginen ezin izango ginela itzuli. Batzuei gertatu zaie atzerrian COVIDarekin kutsatu eta gero itzuli ezinda geratzea. Denok oso pozik gaude neurri hori eten delako.

Hiru urtez gobernuak lortu du ekonomiari eustea, aurreko urteetako hazkundearekin ez bada ere. Kutsaturik gabeko estrategia baztertuta, ekonomia suspertzeak izango du lehentasuna?

Bai. Li Keqiang lehen ministroak azken hilabeteetan esan du egoera ezin zela mantendu, ekonomia kolpe gogorregia jasaten ari zela. Irudikatu zure auzoa bakartzen dutela. Bi hilabete pasatu behar dituzu konfinatuta. Horrek esan nahi du tarte horretan ezin zarela etxetik irten, eta ezin zarela lanera joan. Jende askok lana galdu du, eta lana galdu ez dutenek ez dute soldata jaso bi hilabetez.

Lortu da egoera hain okerra ez izatea pandemiaren hasierako neurri zorrotzengatik. Olde bat iristen zenean, bi edo hiru astez dena blokeatzen zen arren, gero normaltasunera itzultzen ginelako. Horrela mantendu da gutxi gorabehera jarduera. Orain, espero da egoera berri honekin egora normalizatzen joatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.