Errepide zabala Txinako autoentzat

Oraindik merkatu kuota txikia badute ere, Txinako auto markek egindako ibilgailu gero eta gehiago ikusten dira Euskal Herriko errepideetan. Europakoak eta Hego Koreakoak dira Hego Euskal Herrian gehien saltzen diren markak: Peugeot, Kia eta Hyundairenak, hurrenez hurren. Alabaina, hilabetero gero eta auto gehiago saltzen dituzte Txinako markek; datuak ikustea besterik ez dago: 2022an, Txinako 254 auto matrikulatu ziren Hegoaldean —salmenten %0,9—, eta, aurtengo lehen zortzi hilabeteetan, jada 720 saldu dituzte —salmenten %3,5—, ANFAC Espainiako Auto eta Kamioi Fabrikatzaileen Elkartearen datuen arabera.
Ikusi gehiago: Auto elektrikoen prezio lehia abian da
Batez ere MG markak ekarri du hazkunde hori, Hego Euskal Herrian matrikulatu diren Txinako 720 autoetatik 692 baitziren MGrenak, %96. 2021eko azaroan hasi ziren Hego Euskal Herrian saltzen, eta jada bost kontzesionario dituzte. Gasteizen dago horietako bat, Armentian, eta bertako kudeatzaileak, Oscar Uzkianok, uste du Txinako markak azkar ari direla ezartzen Hegoaldean «kalitatea eta prezioa kontuan hartuta onenak» direlako.
Ekoizpen kostu txikiagoak
Amaierako prezioa da kontsumitzaileen erabakia gehien baldintzatzen duen aldagaia. Eta, horretan, merkatuko nagusiak dira Txinako markak, prezio merkeenak eskaintzen baitituzte. Uzkianoren arabera, Europan gehien saltzen diren marka gehienek 20.000 eurotik beherako auto bat saltzen zuten lehen, baina, dioenez, ia gehienek merkatu hori utzi dute, Daciak izan ezik.
MG hutsune hori betetzera etorri dela esan du Uzkianok: «Dacia baten antzeko prezioa duen produktu batekin etorri da MG, baina kalitate eta teknologia askoz hobeago batekin».
Bezeroen nahiak ere aldatu egin direla uste du Uzkianok. Haren hitzetan, erosteko garaian, lehen jendeak kontuan hartzen zuen zer irudi proiektatzen zuen auto bakoitzak gizartean, baina iritzi dio gaur egun garrantzia galdu duela alderdi horrek: «Ekonomian gertatzen ari diren aldaketak direla eta, jende askok eraman eta ekarriko duen auto bat nahi du, eta ez du nahi edo ezin du diru asko inbertitu horretan».
«Prezio merke» horien atzean ekoizten den lekua dago nagusiki: Txina. Autoaren pieza guztiak Txinan ekoizteak ekoizpen kostuak asko murrizten dituela uste du Uzkianok. Lehenik eta behin, eskulana merkeagoa delako Txinan oraindik; bestalde, pieza gehienen hornidura nahiko ziurtatua dutelako, txipena gehienbat. Prozesadoreen hornidura falta handia izan zen pandemiaren ostean autogintzaren industrian, eta inbutu efektu luzea sortu zuen horrek; baina fabrikak herrialdean bertan izanda, pieza horien hornidura ziurtatua du Txinak.
Irabazi marjinak murrizteak ere lagundu du prezioak merkatzen, Uzkianoren arabera: «Fabrikatzaileak hamar irabazi beharrean bat irabazten badu, eta kontzesionarioak hamar irabazi beharrean bat irabazten badu, oso produktu agresiboa lortu dezakezu. Hori jasangarria da ekoizpen bolumen handia baduzu».
Eta hori da, hain zuzen ere, lortzen ari direna, etengabe handitzen ari baitira salmentak eta saltokiak, eta «luzerako» etorri direla ziur da Uzkiano.
Elektrifikazioaren bidean
Hego Euskal Herriko merkatua ez da erraza auto elektrikoentzat. Europa ibilgailu pertsonalaren elektrifikazioan aurrerapausoak ematen ari bada ere, herrialdez herrialde asko aldatzen da guztiz elektrikoak diren autoen ehunekoa. Norvegia da, argi eta garbi, auto elektriko gehien saltzen den herrialdea. 2022an, esaterako, matrikulatutako autoen %80 elektrikoak ziren. Europa Iparraldeko herrialdeak ditu atzetik, eta zerrendaren amaieran periferiako herrialdeak daude, Espainia, Italia eta Polonia, adibidez.
Euskal Herria ere ez da guztiz merkatu ona auto elektrikoentzat, ez baitute matrikulazioen %7 gainditzen 2023an. Azpiegiturak dira arazo nagusia; izan ere, Europa Iparraldean ohikoa da garaje propioa duten familia bakarreko etxebizitzetan bizitzea, baina Euskal Herrian blokeetan bizi dira biztanle gehienak, eta gehienek ez du aparkaleku pribaturik. Horrek asko zailtzen du gauez autoa kargatzea.
Hego Euskal Herrian oraindik auto elektriko gutxi matrikulatzen badira ere, Uzkianok dio MGk merkatu horri gero eta garrantzi handiagoa eman nahi diola, eta ziurtatu du saltzen dituzten hamar autotik lau elektrikoak direla. Hala ere, ANFACen azken matrikulazio txostenak bestelako datu bat erakusten du: 2023ko urtarriletik abuztura Espainian matrikulatutako MGren autoen %15 izan dira guztiz elektrikoak.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.