Venezuela. Mario Isea. Venezuelak Espainian duen enbaxadorea

«Ez dute indarrik estatu kolpe bat babesteko»

Maduroren gobernuak eutsi egingo diola uste du Iseak, herritar gehienek eta militarrek harekin jarraitzen dutelako; dioenez, gatazka konpontzeko irtenbide bakarra elkarrizketa da.

MARTA JARA.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Mario Isea Bohorquez enbaxadoreak (Maracaibo, 1951) kezkaz dakusa Espainiatik Venezuelan gertatzen dena. Urteak daramatzagobernu bolivartarrarentzat lanean, eta egoera ez zaio berria, baina uste du garaia dela bi aldeak hizketan hasteko. Ofizioz ingeniari kimikoa da, eta PSUVko kide da sorreratik. Bi aldiz izan da legebiltzarkide. 1999ko konstituzioa idatzi zuen taldean aritu zen, eta, besteak beste, estatuaren PDVSA petrolio enpresako presidentearen aholkulari izan da, baita Etxebizitzaren Banku Nazionaleko presidente ere. 2013tik da enbaxadore Espainian.

Zer gerta liteke Venezuelan?

Aspaldian martxan dago esku hartzea; ez da berria. Hainbat modutan saiatzen ari dira, baina ez dute lortu armada eurekin jartzea; ez dute lortu herria matxinatzea. Oposizioa higatua dago, ez du sinesgarritasunik, ez du proiektu zintzorik herriaren alde; soilik nahi desesperatu bat du boterea lortzeko, transnazionalei eta inperialismo estatubatuarrari emateko. Zer gertatuko den? Elkarrizketarik ez badago, tentsioak jarraituko du, baina hortik aurrera, ez dakit.

Armadako buruzagiak Madurorekin daude. Zure ustez, oposizioak espero zuen halakorik?

Ez dakit zer kalkulurekin ibili diren, baina uste dut espero zutela nazioartean horrelako mugimendu bat sortuta armadan halako beldur bat eragingo zutela, eta beren alde jarriko zirela asko, baina ez dute armada ezagutzen, eta herria ere ez. Venezuelanaliantza zibiko-militarra dago, uniformedun herria eta uniformerik gabeko herria batera, konstituzioa defendatzen. Gogora dezagun 2002an estatu-kolpe saiakera bat egon zela, baina gero konturatu ziren ez zutela troparik. Orainere itxura egin dute, egon dira aldarrikapenak, sarjentu batenak, jeneral erretiratu batenak... Baina txispa lortzeko saiakerak dira, ganora gabeak, alferrikakoak. Estatu kolpe bat babesteko ez dute indarrik, ez Venezuelan eta ezta Venezuelatik kanpo ere.

Atzerritik irits liteke esku hartze militarrik?

Ez dut uste. Venezuelarren arbuioa ez ezik, latinoamerikarren arbuioa ere badu atzerriko esku hartzeak. Maduro boteretik ateratzea nahi duten herri askok ere ez dute onartzen kanpoko esku hartzea. Latinoamerikan zailduak gaude horrenbeste esku hartzerekin, eta ez dira ongi atera. Venezuela barruan, berriz, manifestazioak masiboak izan dira, baina Maduroren alde, ez oposizioaren alde, eurek ikusi nahi duten bezala, eta jendearen nahikoa babesik ez dute.

Madurorekin hitz egin duzu? Zer dio?

Zuhurtzia eskatu digu enbaxadoreoi, eta lasaitasuna. Sendo dago. Nik azaldu nion nire leialtasuna, eta nik bezala baita besteek ere.

Nola interpretatu behar da Donald Trumpek Juan Guaidoren izendapena onartzea?

Zalaparta egiteaz gain, ez dakit zerbait gehiago gerta litekeen. Boterea indarrez kentzeko pertsonaia bat fabrikatu dute: Guaido. Baina 2000tik egon den gatazkari errepasoa eginez gero, ikusten da liderrak desagertuz doazela; erre egiten dituzte, eta berriak sortzen. Bere garaian, Pedro Carmona Estangak ere bere burua presidente izendatu zuen, eta, ordutik, desagertuz joan dira Corina Machado, Henrique Capriles, Enrique Mendoza... Zerrenda luzea da. Garaiko txotxongiloa da gobernu paralelo bat dagoela islatzeko.

Trumpekin batera doaz AEE, Europako Batasuna... Antolatutako mugimendua, diozuenez.

Guaidok bere burua presidentetzat jo bezain laster deitu zuten AEEko Amerikako Estatuen Erakundeko bilera egitera. Ez da kasualitatea. Baina ez dute nahikoa babesik lortu, besteak beste Mexiko eta Uruguai kontra agertu direlako. Bi herrialde horiek eskatzen ari dira elkarrizketa egon dadila, eta ekintza politiko baketsuak. GL Lima Taldearekin batera ari da AEE, baina GL desprestigiaturik dago. Ez da egia Latinoamerikako herrialde gehienak Maduroren kontra daudela. Eta EBk berak jakingo du zertan ari den; moldatuz joan da iritzia.

Ultimatuma emateraino. Zortzi eguneko epea jarri du EBk Madurok bozetara dei dezan.

EBn, eztabaida gaiztotuta dago bozak ez onartzea erabaki zutenetik, 2018an. EBk bere oinarrian dituen balioak praktikan jarriko balitu, AEBetatik eta Limako Taldetik urrun, irtenbide baketsua aurkitzeko baliagarria izango litzateke. EBk jarreraz aldatu behar du, gogoeta sakona egin beharko luke, hauteskunde «libreak» egitea eskatu beharrean.

Pedro Sanchezen gobernua izan da EBk hartutako erabakiaren bultzatzailea. Ari zara Espainiako Gobernuarekin hizketan?

Bueno, uste dut Sanchezek presioak jasan dituela. Hasieran, bozen emaitzak onartu gabe ere, ez zegoen prest Guaido onartzeko.

Txina eta Errusiaren babesa duzue.

Oso garrantzitsua da hori. Latinoamerikan ere herri garrantzitsuak daude gurekin, Kuba, Bolivia, Nikaragua, Mexiko, Uruguai... Eta herri horiekin batera, munduko milioika herritar daude gure alde.

Bozak ez dira berriz egingo.

Nola onartu, ba, estatu kolpea eman nahi dutenen eskaera? Zer dira hauteskunde libreak? 2004tik nazioarteak aitortua duen hauteskunde sistema seguru bat daukagu, baina ekonomia bahimendua dugu, finantzena, isunak... Mehatxatu gaituzte, eraso mediatiko globala jasaten ari gara, presio diplomatikoa, instituzioen desprestigio kanpaina... Errespetatu egin beharko gintuzkete. Errespetatu Batzar Konstituziogilearen alde 9.000.000 pertsonak bozkatu izana, eta presidentetzarako bozetan 6.000.000k baino gehiagok; Madurok bere lehen bozetako emaitzak hobetu zituen, nahiz eta oposizioaren zati handienak abstentzioaren alde egin zuen. Zertaz ari gara orduan? Venezuelan beti egon dira boz libreak, baina, chavismoak irabazten dituenez, ez dituzte onartu nahi. Capriles bi aldiz atera zen gobernadore, eta beti onartu dugu, edo Zulian, opositoreek irabazi izan dutenean.

Legebiltzarreko 2015eko hauteskundeetan, ordea, irabazi egin zuten, eta, diotenez, horren ondorio da egungo egoera, ez zenituztelako onartu emaitzok.

2015ekoa beste argudio bat besterik ez da, gatazka Chavez gobernura iritsi zenetik baitaukagu, eta ez da egia Asanblea Nazionalaren garaipena ez genuenik onartu.Maduro botako zutela esan zuten berehala, legeak egin beharrean, gobernuarekin kolaboratu beharrean. Ez dezagun ahatz exekutiboak gobernatzen duela, ez legebiltzarrak. Trikimailu guztiak erabili dituzte Maduro botatzeko, baina ez dituzte inoiz bete konstituzioaren horretarako aukerak.

Ez dirudi oso legezkoa Guaido egiten ari denak.

Inork plaza batean bere burua presidentetzat jotzen badu, esango didazu legezkoa den. Jaka Horietako bat Eiffel dorrera igo eta bere burua Frantziako presidente aldarrikatzea bezala da.

Zein da irtenbidea bi aldeen artean ez badago adostasunik?

Beti esan izan dugu elkarrizketarako prest gaudela. Esperantza dugu elkarrizketa bideratzekoa, herrialde askorekin dugun harremanari esker, mundu osoko herritar asko eta askori esker, NBEri esker... Egoera konpontzeko egin daitekeen gauzarik eraginkorrenanazioarteko bahimendua kentzea da. Bahimendua kenduta, egoera honetatik ateratzeko herri handi bat daukagu, zeinak heziketa duen, osasun zerbitzuak ziurtatuak dituen, eta etxebizitza duin bat ere bai. Venezuelan ez dago etxegabetzerik.

Eta goserik?

Hori ere ez. Bahimenduak bahimendu, elikagai eta botikak banatzeko sarea dugu, nahiz eta askotan hornidurarik gabe uzten gaituzten trakzio kontrabandoaren edota pilaketen bidez. Baina lortzen dugu oinarrizkoak etxe guztietara sartzea. Oposizioak dioen krisi humanitarioaren mailan egongo bagina, honezkero herriak gobernua bota zuen. Noski arazoak daudela, baina zilegitasun osoz bizitza hobe baten bila Venezuelatik doazen gehienek heziketa bat dute, pasaporte bat, gobernu bolivartarra horretaz arduratu delako. Ez dira txalupetan ateratzen. Bide batez, esan nahi dut gustatuko litzaidakeela herri hartzaileek ondo tratatzea herria uztea erabakitzen duten venezuelarrak, guk etortzen direnekin beti egin izan dugun bezala. Ekintza xenofoboak jasan dituzte askok, eta onartezina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.