Nahia Diaz de Corcuera. Gurutze Gorriko arduraduna

«Ez da baliabiderik egokiena asti gehiago behar dutenentzat»

BERRIA.
Samara Velte.
2018ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Gurutze Gorriak 1.600 pertsonari eman die arreta ekainetik, Nahia Diaz de Corcuera iheslari eta migratzaileentzako arduradunaren arabera: «Iazko zifra osoaren bikoitza espero dugu aurten».

Nondik etorri da igoera hau?

Jatorrizko herrialdeetako egoeragatik izango dela imajinatzen dut. Egoera ez da erraza; beraz, itsasoa bare dagoenean baliatzen dute Europara gurutzatu eta bizitza hobea bilatzeko.

Ez al duzue sumatu Italiako migrazio politikak aldatu izanaren eragina?

Hori ere izan daiteke. Europara Italiatik sartu ezin dutenek, bada, beste bide batzuk bilatzen dituzte. Eta Alborango itsasoa izan daiteke horietako bat.

Nolakoa izaten da prozedura? Gurutze Gorriarengana jotzen dute Algecirasen, edo alderantziz?

Andaluziako Gurutze Gorriak bakarrik ez, beste erakunde batzuek ere antolatzen dituzte bidaiak, eta batzuk euren kabuz ere iristen dira hona. Guk arreta ematen diegu gure atea jotzen duten guztiei. Sortu ditugun baliabideak igaroan eta nolabait Poliziarenean «fitxatuta» daudenentzat dira; haien nortasuna egiaztatzen duen agiri bat behar dute gure larrialdiko baliabideak erabiltzeko.

Migratzaileekin egoten diren boluntario batzuek salatu dute haietako batzuei Ipar Euskal Herrirako muga igaro nahi duten galdetu ere egin gabe ekarri dituztela, eta batzuk Andaluziara itzuli direla gero. Zer gertatu da kasu horietan?

Gurutze Gorriko kideek euren etorkizunerako asmoei buruz galdetzen diete. Batzuek hona etorri nahi dute babes sareak dauzkatelako, eta horiei bidaia errazten zaie. Haiek erabakitzen dute beti helmuga. Zer gertatzen da? Bidean beste batzuekin jartzen direla harremanetan, eta batzuetan berriz atzera egiten dutela bidaian.

Nola daude aterpeak zuen eskumeneko eremuan?

Dispositiboak [aterpeak] dauzkagu Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Irunen; denera, 177 lagunentzako tokia. Gaur-gaurkoz, esan dezakegu egoera kontrolpean dagoela, plaza hutsak dauzkagula. Hala ere, astero aztertzen dugu, sortzen diren beharren arabera hartzeko erabakiak.

Zerbitzu berberak dira toki guztietan?

Bai, erkidego mailako erantzuna da. Horrek esan nahi du Bilbora autobus bat iristen bada eta han tokirik ez badago, behar horietara hoberen egokituko den baliabidera bideratuko dela.

Aterpeetan gaua pasatzen dute, 20:00etatik 08:00etara. Baina Zorroagan, adibidez, ez dago dutxarik.

Dispositiboan ez badago, erraztu egiten da. Zerbitzua berbera da: gosaria, bazkaria, afaria, dutxarako espazioa eta telefonoak kargatzeko tokia eta wifia hartzekoa...

Bost egunez gera daitezke.

Aterpea bidaian jarraitu nahi dutenentzat dago pentsatuta; horregatik, saiatzen gara hiru eguneko egonaldiak izan daitezen, baina ezohiko egoeretan balorazioa egiten da, eta bost eguneko arreta ematen zaie.

Eta bost egun baino gehiago geratu nahi badute?

Baloratu egin behar da. Egia da, bestalde, akaso ez dela baliabide egokiena denbora gehiago behar dutenentzat; larrialdietarako eta iragaitzazko baliabidea da. Arreta handiagoa behar badute, bestelako baliabideak aztertu beharko dira.

Kasu horietarako, koordinatuta zaudete beste erakundeekin?

Astero biltzen gara Eusko Jaurlaritzarekin eta inplikatutako udalekin. Uste dugu oso positiboa dela instituzioekin dugun koordinazioa; egoera guztietan ari gara lankidetzan, eta ez dago behar berezirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.