Nafarroan, eskola publiko eta itunpekoetan, igo egin da euskarazko eredua

D ereduak izan du sare publikoan igoerarik handiena; 132 eskari berri. Antzinen, Allon eta Erriberrin euskarazko lerroa izango dute

Mendoza eta Perez Elortza, artxiboko irudi batean. J. MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2017ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Iruñerrian eta Nafarroa hegoaldean, eta sare publiko eta pribatuan. Euskarazko hezkuntza ereduak gora egin duela baieztatu du Nafarroako Hezkuntza Departamentuak. Datuak aztertuta, 6.100 aurrematrikula egin dira, eta horietatik 1.873 euskarazko D ereduan. Gainera, D eredua hazi da gehien sare publikoan; 132 aurrematrikula berri jaso dituzte. Nafarroako ikastolek ere gora egin dute, 461 eskaera jasota: iaz, 452 jaso zituzten. Matrikulazio kanpainari hainbat taldek trabak jarri nahi izan dizkioten arren «normaltasun osoz» egin dela adierazi zuen atzo Jose Luis Mendoza Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak. Agerraldia egin zuen Roberto Perez Elortza Hezkuntza Departamentuko zuzendariarekin, aurrematrikulazioaren datuak azaltzeko.

Hezkuntza Departamentuak jaso dituen aurrematrikula guztien %60,64 sare publikoan egin dira, eta %39,36, itunpeko ikastetxeetan. Horren harira, sare publikoan egindako matrikulazioek %3,52 egin dute gora, eta itunpekoetako aurrematrikulazioa iaz baino gutxiago hazi da: %2,91 egin du gora. Era berean, Mendozak azaldu du eskaera egin duten familia guztien %98,4k lekua lortu dutela euren lehenengo aukeran.

Euskarazko lerroa Nafarroa hegoaldeko eremu ez-euskaldunean zabalduko dutela azaldu dute Mendozak eta Perez Elortzak; zehazki, Antzin, Allo eta Erriberriko ikastetxeetan D eredua hautatzeko aukera izango dute gurasoek.

Zortzi aukera

D eredua ezartzeko, beharrezkoak dira zortzi eskaera, eta Antzinen zazpi eskaera jaso dituzte, etaAllon, sei. Hala ere, Perez Elortzak uste du beharrezkoa dela euskarazko lerroa landa eremuko bi ikastetxe horietara zabaltzea: «Eremu horietako familien eskariengatik eta eskola horien iraupena bermatzeko neurri gisa ulertu behar da».

Perez Elortzak baieztatu du Erriberrin ere D eredua jarriko dutela; zortzi aurrematrikula jaso dituzte han. Guztira, eremu ez-euskaldunean dauden zortzi ikastetxe publikotan euskarazko hezkuntza hautatu ahal izango dute gurasoek: Antzin, Allo, Caparroso, Lodosa, Noain, Erriberri, Tafalla eta Zudairin. D eredurako 134 aurrematrikula jaso dituzte eremu ez-euskaldunean: 84 sare publikoan, eta 50 itunpekoetan. Perez Elortzak esan du iaz euskarazko lerroa zabaldu zen ikastetxeetan egonkortu egin dela eskaera.

PAI ereduari buruzko datuak ere jakinarazi dituzte Mendozak eta Perez Elortzak: sei ikastetxek eskatu dute 2017-2018ko ikasturterako programan sartzea: lau sare publikoan eta bi itunpekoan. Ikastetxe bakar batek ere ez du eskatu programatik ateratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.