Tortura argira, erakundeen zigiluarekin

Bihar aurkeztuko dute Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ikerketa. EAEko arartekoa «kezkatuta» agertu da Espainiako egoerarekin

Hodei Iruretagoiena.
2016ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Bihar aurkeztuko dituzte Eusko Jaurlaritzak bultzatuta torturari buruz aditu talde batek egindako ikerketaren azken emaitzak. Bihar, Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Egunaren biharamunean. Orain bi urte jakinarazi zuten 1960 eta 2013. urteen artean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren tortura salaketak ikertzeko asmoa, eta otsailerako 5.000 bat kasu jasoak zituztela adierazi zuten.

Paco Etxeberria auzi medikua aritu da lan hori zuzentzen, eta hura izango da, Bake eta Bizikidetza idazkari Jonan Fernandezekin batera, ondorioak aurkeztuko dituena. EHUren udako ikastaroen barruko kongresu batean izango da hori, 10:00etatik aurrera. Aurrez, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkorekak eta EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak zabalduko dute kongresua. Etxeberriaz eta Fernandezez gain, parte hartuko dute, besteak beste, EAEko Kriminologia Institutuko Carlos Martin Beristainek eta EHUko Zigor Zuzenbideko katedradun Jon Mirena Landak. Mundu mailako kargudun garrantzitsu batek ere hartuko du hitza: Juan Ernesto Mendez NBEko Torturaren aurkako kontalari bereziak.

EAEko arartekoaren agiria

Asteartean eta asteazkenean ere jarraituko du kongresuak. Egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek. Iñigo Iruin abokatua, esaterako, tortura kasuetako auzi judizialetan salaketa frogatzeko zailtasunez arituko da; Manuel Ollo Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakaslea, tortura delituen preskribatzeaz; Jorge Aldekoa Ertzaintzako burua, prebentzio mekanismoez; hainbat psikologo eta psikiatra, Istanbulgo protokoloaz; torturaren aurkako aktibismoaz, besteak beste, Euskal Memoriako Eugenio Etxebeste eta Giza Eskubideen Behatokiko Iratxe Urizar...

Manuel Lezertua EAEko arartekoak ere parte hartuko du jardunaldietan: Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren jurisprudentziaz arituko da. Atzo, gaurko Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Egunaren harira, agiri bat ere atera zuen EAEko arartekoak. «Kezka» agertu zuen torturaren prebentziorako Espainian dagoen egoeragatik: «Zuzenbide estatu batean, guztiz beharrezkoa da tortura boterearen erabileratik desagerraraztea».

Besteak beste, Lezertuak gogora ekarri ditu Nazio Batuen Erakundeak eta Europako Kontseiluak Espainiari buruz egindako txostenak. Horietan aipatzen da, esaterako, inkomunikazio erregimenak zer dakarren: «Opakutasun gune horrek tortura, tratu txarra eta gehiegikeriak errazten ditu, eta prebentzioa eta ikerketa zaildu. Gainera, zenbaitetan, tratu krudel, anker edo lotsarazlea eragiten du».

Prebentzioan jarri du arreta arartekoak, eta hainbat alderdi nabarmendu ditu: salaketa asko ikertzeko tramiterik egin gabe artxibatu izana, «arrazoirik gabeko atzerapenak», indultuak eta «sariak»... Lezertua: «Ezinbestez, agerian jarri behar dira, berriro ere, gure berme sistemak egiaz dituen gabeziak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.