EB osorako tasa digitala gehiago urardotu dute Frantziak eta Alemaniak

Multinazional handien Internet bidezko publizitate salmenta soilik zergapetzea proposatu dute, baina ez dute nahiko babesik lortu
Mario Centeno Eurotaldeko burua, asteleheneko bileran.
Mario Centeno Eurotaldeko burua, asteleheneko bileran. OLIVIER HOSLET / EFE

Iker Aranburu -

2018ko abenduak 5
Gau osoa irauten duten bilerak, proposamen urardotuak eta inoiz betetzen ez diren azken epeak. Europako Batasunak bere ohiturei eutsi die finantza ministroen bilera bikoitzean. Emaitzak apalak izan dira: EBko kideek ez dute adostasunik lortu Google tasa bat ezartzeko plataforma digitalei, baina proiektua ez dute guztiz lurperatu. Euroaren erreformari dagokionez, ESM erreskate funtsaren moldaketa txikiak onartu dituzte.

Gau luze baten ondoren, indar handirik gabe iritsi ziren atzo EBko finantza ministro gehienak Ekofinen bilerara. Enpresa teknologikoei zergak ordainarazteko proposamen berritzaileak egiteko indarrik gabe, esan nahi baita. Izan ere, ahultasun zantzu handirik ez zuten erakutsi Google tasa blokeatu nahi dutenek, Irlandak eta Eskandinaviako herrialdeek batik bat. Bi argudio dituzte: tasa batek ez duela zentzurik mundu osoan ezartzen ez bada, eta irabaziak zergapetu beharrean salmentak zergapetuta galerak dituzten enpresei kalte egingo dietela.

Hori ikusita, Frantziak eta Alemaniak proposamen bigunago bat aurkeztu zuten: Interneteko zerbitzuen artean, publizitatea soilik zergapetzea. Tasatik kanpo geratuko lirateke, berriz, datuen salmenta eta bitartekaritza zerbitzuak zergapetzeko aukera. Europako Batzordearen hasierako proposamenean oinarrituta, Austriako lehendakaritzak nahi zuen beren salmenten %3ko tasa bat ordaintzea Internet bidez negozio egiten duten multinazional handiek —munduan 750 milioitik gora eta EBn 50 milioitik gora fakturatzen dutenek—. Urtean 5.000 milioi bilduko lirateke horrela.

Alemaniaren eta Frantziaren proposamen berriarekin, Googlek eta Facebookek bai ordaindu beharko lukete zerbait, baina ezer gutxi, aldiz, Amazonek, Applek eta Spotifyk.

Eskaintza horrek ez du oraindik aurrera egin, baina Berlinek eta Parisek azken ahalegina egin nahi dute. Martxora arteko epea eman diote Europar Kontseiluari tasa onar dezan. 2021ko urtarrilaren 1ean jarriko litzateke indarrean, baldin eta ordurako OCDEren barruan tasa globalago bat ezartzeko akordiorik ez badago.

Zerga kontuetan EBk erabakiak aho batez hartu behar dituenez, oso litekeena da ezerezean geratzea Alemaniaren eta Frantziaren saioa. Horrek ez du esan nahi EBko kideek ezin dutela beren kabuz enpresa digitalik zergapetu. Ekofinen porrota ikusita, zerga hori ezartzeko asmoekin jarraitzen duela azaldu zuen Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroak. Bitartekaritza eta datuen salmenta ere zergapetu nahi ditu Madrilek.

Hemeretzi orduko bilera

Astearteko bilerara nekatuta iristearen arrazoi nagusia izan zen asteleheneko bilerak astearte goizera arte iraun zuela. Euroguneko ministroek ia hemeretzi ordu behar izan zituzten beren eremuko krisien aurkako tresneria berritzeko. Bidean jarraitzen du banku batasunaren mahaiari falta zaion hankak —gordailuen berme bateratua—, Alemaniak ez baitu nahi. Horregatik, maila txikiagoko kontuei heldu diete. Adostu dute bankuen berregituraketarako funtsak ESM erreskate funtsari larrialdiko maileguak eskatu ahal izango dizkiola. Halaber, ESMren diruak baliatu ahal izango dituzte krisi oso zehatzak pairatzen dituzten estatuek ere.

Eurogunerako aurrekontu berezia ere mahai gainean izan zen. Emmanuel Macronen proposamena —aurrekontu handi bat, batez ere hegoaldekoei laguntzeko— aspaldi lurperatua dago, baina «konbergentzia eta lehiakortasuna» sustatzeko aurrekontu txiki bat sortzeko eztabaidak aurrera jarraitzen du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna