Steilasek «hezkuntza sistema publiko-pribatua» amaitzeko eskatu du

Sindikatuak 'Euskal eskola publikoaren etorkizunean lanean' izeneko jardunaldiak egingo ditu hilaren 28an, Donostian

Steilasen agerraldia, atzo goizean, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Hezkuntza eragileak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan eragina izango duen hezkuntza legera eta aurrez lortu nahi duten hitzarmenera begira daude. Steilasek prentsaurrekoa eman zuen atzo Bilbon, haien iritzia jakinarazteko. «Publifikazio prozesu progresiboaren» aldeko apustua berretsi zuten. Haien hitzetan, «urteak» daramatzate hezkuntza sistemako «egiturazko arazoak» salatzen, eta uste dute egungo «sistema publiko-pribatuak» erantzukizuna duela horretan: «Behin eta berriro esan dugu egun dugun sistema publiko-pribatu duala gure gizartearen estratifikaziorako eta segregaziorako tresna bat dela».

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak 2022ra aurreratu zuen hezkuntza hitzarmena lortzeko epea. Sindikatuak eskatu du akordioaren datari baino garrantzi handiagoa emateko hura lortzeko moduari: «Prozesu horrek benetan parte hartzailea izan beharko du, eta, alderdi politikoez gain, hezkuntza komunitatea ere barne izan beharko du. Presa eta interes politikoetatik aldendu beharko du, parte hartzea eta etekina erreala izan daitezen». Beste eskaera bat ere egin dute: «Gaurko gatazka konpondu nahi badugu, dugun hezkuntza sistema publiko-pribatua amaitu beharko da».

Sindikatuaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak EH Bildu du hitzarmenerako bidelagun, «EH Bilduk ere momentu berean hezkuntza akordioaren beharra baieztatu baitzuen aurkeztutako hezkuntza proposamenean». Azaldu dutenez, «balizko akordio horren» lehen zertzeladak komunikabideen bidez jaso dituzte: deszentralizazioa, udalaren garrantzia, ikastetxeen autonomia eta bi sareen egungo titulartasunak —publiko eta pribatua— bere horretan mantentzea. Steilas «oso arduratuta» dago, ez baitu uste neurri horiek egungo egoera konpontzeko balio dutenik.

Saioak eskola publikoaz

Steilasek jardunaldi batzuk ere aurkeztu ditu. Hilaren 28an egingo dituzte, Donostiako Kursaalean, Euskal eskola publikoaren etorkizunean lanean izenburupean. Besteak beste, EHIGEko Lurdes Imazek eta Heizeko Iñigo Salaberriak eskola publikoko guraso eta zuzendarien ikuspegia bilduko dute, eta Xabier Diez i Rodriguez USTEC sindikatuko kideak Kataluniako esperientziaren berri emango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.