Albistea entzun

COP26

500 milioi dolar Kongoko basoei eusteko

Kongoko Errepublika Demokratikoa izan da basoak babesteko hitzarmena sinatu dutenetako bat, baina ekologistek salatu dute azken urteetan legez kanpoko baimenak eman dituela egurra ustiatzeko.
Kongoko Basoko eskualdeko baso bat, erreta.
Kongoko Basoko eskualdeko baso bat, erreta. OSKAR EPELDE Tamaina handiagoan ikusi

Oskar Epelde -

2021eko azaroak 3 - Kinshasa

Kongoko Errepublika Demokratikoak klima larrialdiaren aurka egiteko konpromisoa hartu du. 122 milioi hektarea baso ditu herrialdeak, eta horiek gai dira berotegi efektua leuntzeko, atmosferara isuritako karbono dioxidoa xurgatuz. Aintziren azpian bildutako zohikatzak 30 gigatona karbono dioxido pilatzen ditu, mundu guztiak bi urtean isurtzen dituen gasen pare. Horrez gain, Kongoko Errepublika Demokratikoak biltzen ditu Afrikako ur-gezen %52, eta argindarra sortzeko gaitasun itzela du. Natur baliabide horiek babesteko konpromisoa hartu zuen herenegun gauean COP26aren goi bileran. Helburu horrekin, hitzeman du isuriak %21 gutxituko dituela, eta basoen %63,5 babestuko; baina, horretarako, 20.000 milioi dolar behar ditu. «Munduari oxigenoa emateko natur baliabideak era iraunkorrean kudea daitezen kongoarrek jasan behar duten sufrimendua ordaindu egin behar da. Milioika dira natur baliabide horien aberastasunetik bizi direnak», esan zuen Sama Lukonde lehen ministroak.

Gobernuak eta gizarte zibilak ezinbesteko erronka dute baliabideen ustiaketa eta plangintza sustatzeko, baina, Parisko Hitzarmenaz geroztik, herri aberatsenek munduko birikak babesteko esleitutako funtsak ez dira nahikoak izan. Tshopo probintziako Basoko barrutian, adibidez, argindarra dutenak ez dira %8ra iristen. Egurra edo ikatza behar dute janaria prestatzeko, eta erretako lurretan egiten den nekazaritza da bizibide nagusia. Populazioa haziz doan neurrian, basoez arduratuko den instituzio bat sortu ezean eta energiaren arazoari irtenbide bat aurkitu ezean, deforestazioa zabalduz joango da. Kongok bere esku du klima larrialdia erregulatzea, baina finantza baliabideak eskatzen ditu, legedia bete dadin eta biztanleek basoen zaintza berma dezaten, ordaindua izateko beharra eta eskubidea duela esanez, kontuan hartuta isurien ardura duten estatuek eskura dituztela bitarteko horiek.

Geroari begiratzeko ordua

Datozen bost urteetarako, CAFI Afrika Erdialdeko Basoen Aldeko Ekimenerako 500 milioi dolarreko funtsa sortzea proposatu dute iparraldeko estatuek. Kongoko ordezkaritza, baina, ez da erabat ados agertu. «Erabili dituzten hitzetan hipokrisia nabari zen. Finean, esan dute orain badituztela 500 milioi, eta bost urte barru ikusiko dela zer gertatzen den», zioen herrialdeko ordezkaritzako kide batek.

Kongon mehatxu handia da deforestazioa. Basoko eskualdean, esaterako, Kongo ibaiaren alde batean, palmondoak landatu dituzte kopuru izugarrietan, eta basoa suntsitu dute, bertakoen eskubideak zapalduz, eta Europako Batasunaren garapenerako laguntzekin. Ibaiaren beste aldean, hamaika enpresa dabiltza etengabeko zur-esportazioan. Horietako batek, Txinako FODECOk, 2018an lortu zuen ustiaketa baimena, baina Norvegia eta Frantziako gobernuek salatu zuten esleipen hura legez kanpokoa zela. Salaketak zuhaitz mozketak gelditu beharrean, azkartu egin zituen. Orain, inguru berean Txinako beste enpresa baten bederatzi draga daude, meatzaritza azterketak egiteko baimenarekin, ustez ustiapen betean, Antoinette N'samba meategien ministroak baimena eten arren.

Akordioa atzeratu duen desadostasun nagusia egur ustiaketarako baimen berrien gaineko moratoria kendu nahiak eragin du, nahiz eta Kinshasako gobernuak zura erauzteko baimenak eman dituen moratoria indarrean egon den artean ere. CODELT Legezkotasunez eta Gardentasunez Ingurumena Babesteko Batzordeak salatu egin ditu Claude Nyamugabo ministro ohiak iaz emandako 22 baimen. «Legez kontrakoak dira, ez moratoria urratu zutelako bakarrik, baita legeak finkatzen dituen baldintzei eta gehienezko azalerei jaramonik egin gabe esleitu zirelako ere», dio Augustin Mpoyik, CODELTeko adituetako batek.

Salaketa publikoaren ondoren, urriaren 18ko ministroen kontseiluan, Felix Tshisekedi presidenteak ustiaketa baimen guztiak aztertu eta ikuskatzeko auditoriak agindu zituen. «Zalantzazkoak» indargabetu beharra zegoela esan zuen, eta horietatik sei aipatu zituen, guztiak Nyamugabo ministro ohiak emandakoak. Tshisekediren esanetan, «neurrigabeko azalera» dute guztiek. Baina Mpoyik dio beste hamaseiak ere legez kanpokoak direla. Greenpeacek arrazoia eman dio. «Ditugun frogek erakusten dute gobernua ez dela basoa babesteko neurriak hartzen ari, basoa babesteaz hizketan baizik. Ekintzak eta hitzak ez dira gauza bera», azaldu du Tall Harrisek, Greenpeaceko Afrikarako bozeramaileak. Haren iritziz, nazioarteak ez lioke ezer eman behar basoa babesten duela esanez ia Frantziaren tamainako azalerako zur-ustiapen industrialaren esku utzi duenari.

Gobernuak erabakia du ustiaketa berrien gaineko moratoria kentzea. Eve Bazaiba presidenteorde eta Ingurumen eta Garapen Iraunkorrerako ministroak egin du dagoeneko eskaera ofiziala, eta gobernuak emana dio lehen baiezkoa. «Errepublikaren engaiamendua ez da basoa babesteko bakarrik, baita baliabideen kudeaketa eraginkorra egiteko ere», esan du estatuburuak. Gizarte zibilak ere moratoria kentzea txalotu du, sinetsiz hori dela nazioartea diru funtsa handitzera bultzatzeko bidea. CODELT eta beste eragile batzuk, berriz, aurka azaldu dira, ez dielako kontsultatu.

Mpoyiren esanetan, moratoria kentzeko, bete beharreko hutsune bat dago, hitzarmenean duela 16 urte jasotako hirugarren baldintza: programazio geografikoa. Baldintza hori betetzeko dagoela gogorarazi dio CODELTek Kongoko lehen ministroari. «Esleipen prozesuaren gardentasuna bermatuko duen legedia sortzea da bigarren baldintza, eta bete da, baina programazio geografikoarena gobernuaren kontua da. Zerbait egin aurretik planifikatu egin behar da», esan du Mpoyik.

Basoen ustiaketan hainbat ministeriok hartzen dute parte, eta horiek ematen dituzten baimenek gatazkak sortzen dituzte tokian tokiko komunitateetan ere. «Orain arte bezala esleipenak kontrolik gabe ematen jarraitzen badute, ustiaketa jardueraren ikuskaritzarako aurrekonturik ez badago eta esleipen prozesuan gardentasunik eta koherentziatik ez dagoen bitartean, moratoria kentzea egundoko mehatxua da», ohartarazi du Mpoyik.

Irizpide horiek bermatzeko heldu da akordioa. Moratoria ez da kenduko programazio geografikoaren baldintza betetzen ez den artean, eta hori CAFIk finantzatu beharko du. Adostutako asmo-agiriak Kongoko biztanleen garapen sozioekonomikoa eta basoen kontserbazioa lerrokatzen ditu. Aurreko bost urteetarako mila milioi dolar eskatu baziren, 200 milioi kapitalizatu ziren CAFIrekin, eta, arrakala horren erruz, basoei egindako presioa handituz joan da. Deforestazioak eragindako isuriak ezin izan dira murriztu. Tokian tokiko komunitateek eta gobernuz kanpoko erakundeek ez dute sarbiderik izan finantzaketan. Kongoko eragileen engaiamendua benetakoa baldin bada, aldebiko akordioen bidez osatu beharko dira arazoa konpontzeko behar diren aurrekontuak. «Eskoziara ekarri duten mezua urtez urte landu dute, nahiz eta COP26ra eraman duten proposamenak ez duen ezer berririk», kritikatu du Kongoko ekintzaile Julian Mathek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MARCO SANTOPADRE

«Itsasoan hiltzen direnak dira larrialdia, ez bizirik iristen direnak»

Marco Santopadre

Ekintzailearen esanetan, «bisa politika bidegabeen biktima» izaten jarraitzen dute oraindik ere joan-etorriak libre eta seguru egiteko eskubidea behar luketen milaka pertsonak.
Italiako Polizia hilik aurkitutako zortzi migratzaileen gorpuak daramatzan ontziaren zain. / ©Concetta Rizzo, EFE

Kostazainek 42 pertsona erreskatatu dituzte Lampedusatik gertu

Arantxa Elizegi Egilegor

Zortzi lagun hilik atera dituzte ontzitik. Erreskatatutako migratzaileen esanetan, hotzez hil ziren. Beste bi desagertutzat jo dituzte.

Montanako zeruan ikusi duten ustezko globo espioia. ©BERRIA

AEBek Txinako ustezko globo espioi bat atzeman dute beren aire eremuan

Berria

Txinak «ez espekulatzeko» eskatu du, baina gertakariak korapilatu egin dezake igandetik aurrera Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria Txinara egitekoa den bi eguneko bisita.

Ukrainako armadako soldaduak, atzo, Kramatorsken, goizaldean Errusiak jaurtitako misilek eragindako hondakinen artean. ©SERGEI XESTAK / EFE

Bruselak ohartarazi dio Ukrainari EBko kide izateko bidea luzea dela

Igor Susaeta

Europako Batzordearen arabera, ez da «esprint bat» talde komunitarioan sartzeko prozesua, «maratoi bat baizik». Kievek berretsi du 2024ko abendurako egon nahi duela batasunean sartzeko prest

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...