Euskara doan ikastea bermatuko duen lege bat

Alfonso Rios
2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Azken urteetan, euskaltegiak doakoak izateko proposamena Eusko Jaurlaritzaren koalizioaren programan egon da (EAJ eta PSE), baita EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdien programetan ere, baina oraindik ez da praktikara eraman. EH Bilduren lege proposamenaren tramitazioa hasi da duela gutxi; oraindik mugak eta kontraesan arriskutsuak dauzkan hasierako testuak aukera ireki du eskubide berria zehaztu eta hau praktikan jartzen hasteko bidean aurrera egiteko.

Euskadiko CCOOk legebiltzarreko prozesu honi hasiera ematea eskertu eta aprobetxatu nahi du; lau ekarpen egin genituen otsailean, zuzenketa epea itxita talde parlamentario batzuek ere bere egin zituztenak.

Atentzioa ematen digu, seigarren artikuluan, «euskara jakiteko eskubidea bermatzeko proposamena» deritzon horretan honako hau ezartzeak: «Ikasleek, euskaran eta gazteleran, B2 maila ziurtatu beharko dute DBH titulua eskuratzeko».

Xedapen horrek errebaliden hezkuntza filosofiaren norabidea hartzen du, eta eskubide bat, euskara ikasteko eskubidea hain zuzen, ikasle askorentzat ondorio larriak izan ditzakeen derrigortasun bihurtzen du, oinarrizko hezkuntza titulurik gabe gera daitezkeelako.

Antza, hobe da, azkenean, euskara doan ikasteko eskubidearen konkistan zentratzea, derrigortasun arriskutsu hori baimenik eskatu gabe sartzea baino. Hala ere, era positiboan baloratzen dugu (Elkarrekin Podemosen zuzenketa) orain araudizkoa besterik ez dena (47/2012 Dekretua) lege mailara igarotzea, eta ikasketak euskaraz egiteagatik euskararen ezagutza azterketa eta titulu bidez aitortu behar ez izatea, dagoeneko milaka gaztek egiten dutena.

EH Bilduren proposamenaren funtsari dagokionez (9. art), doakotasuna B2 mailara iritsi arte bermatzea planteatzen da. Hau aurrerapausoa da, dudarik gabe, baina gure ustez motz geratzen da. Har ditzagun erreferentziatzat euskal sektore publikoko profil linguistikoa duten 90.000 lanpostuak: horien %50 inguruk C1 maila (EGA) ezarria du. Legebiltzarreko aurreko eztabaidetan EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek hala defendatu dute, eta egokia litzateke lege berri honetan euskara ikastearen doakotasunaC1 maila arte bermatzea. Gainera, beharrezkoa da, administrazioaren aldetik C2 profila duten lanpostuen gehiegizko eskaera birplanteatzea. Eskatzen den maila honek askotan gainditu egiten baitu euskaltegian gaur egun lan egiteko eskatzen den maila. Atentzioa ematen du eskakizun hori filologia-linguistika arloekin lotuta ez dauden lanpostuetan egiteak.

Aparteko aipamena merezi du EAJren eta PSEren zuzenketak, gehienezko maila B2 arte mugatzeaz gain, doakotasuna eskuratzeko baldintza gehigarriak ezartzeagatik: 1) maila bakoitza gainditzeko gehienezko ordu kupoa; 2) matrikula aurrez ordaintzea (900 euroraino ikasturteko euskaltegietan); 3) bestelako laguntza edo diru-laguntzarik ez jasotzea; eta 4) maila bakoitzeko ebaluazioa gainditu dela ziurtatzea. Dudarik gabe, gaur egungo egoerarekin alderatuta aurrerapena da, baina hizkuntza eskolen ereduari jarraikiz (72,36 euro ikasturteko) euskara oztopo ekonomikorik gabe ikasteko eskubide unibertsaletik aldentzen da.

Dena den, matrikularen kostua ez da jende askok aurkitzen duen oztopo bakarra, eta segur aski ezta nagusia ere. Euskara ikasteak ordu asko eskatzen ditu beste hizkuntzekiko duen alde linguistikoa dela eta (katalanarekin edo galegoarekin gertatzen ez den moduan). Heldu askok ez du hainbesteko denborarik, familia edo lan kargak direla eta. Eta horrek klase zein genero arrakalak eragiten ditu euskal gizartearen barruan. Horregatik, Euskadiko CCOOk euskara ikasteko liberazio eta murrizketa programa sektore pribatura zabaltzea proposatzen dugu, etengabeko prestakuntzari lotuta, sektore publikoan daudenen aukeren antzera.

Azkenik, administrazio publikoetako langileen euskara ikasteko eskubideari dagokion artikuluan (11 art.) liberazio sistemaren disfuntzioa dagoela ezarri dugu. IVAP (baita HABE, Hobetuz edo Lanbide euren ikasleekin) liberazioen kostu osoa hartu beharko lukete bere gain (eta ez era partzialean), karga hori udaletan edo, bere kasuan, euskara ikasi nahi duten langileen enpresetan egotea ekiditeko.

Aukera aprobetxatu nahi dugu. Legea atzerapen handiarekin dator; orain arte ez zaizkie bere hizkuntza ikasi nahi zuten herritarrei behar zituzten erraztasunak eman. Baina, hobe berandu egitea, ez egitea baino; beraz, egin dezagun benetan, sakontasunez landu dezagun euskara doan ikasteko eskubide berria, horma astunak bota eta elkarbizitza plurala hobetzeko zubiak eraikiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.