Europako Batasunak badu Itun Berdea, hasierako neurri batzuk leunduta

Estatuek onartu egin dute 2050erako klima neutraltasuna lortzea, Poloniak azaldu arren ez dagoela «prestatua» helburu horiek erdiesteko

Aitor Manterola Garate.
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
«Egun handitzat» jo zuen asteazkena Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, Itun Berdea aurkeztu zuenean. Europan 2050erako klima neutraltasuna izatea du xede itun horrek, eta 2030erako isuriak erdira gutxitzea. Osteguna, ordea, ez zen hain egun handia izan, gobernuburuen bileran 28 estatuetatik hiruk —Poloniak, Hungariak eta Txekiar Errepublikak— uko egin ziotelako ituna onartzeari. Von der Leyenen nahiak itxura hobea hartu zuen atzo goizaldean, hala ere, 28 estatuek onartu baitzuten klima neutraltasunaren helburua, Poloniak azaldu arren ez dagoela «prestatua» horretarako. Ekainerako utzi dute herrialde horren jarrera aldatzea. Onartu dutena, ordea, ez da osotasunean asteazkenean Von der Leyenek iragarri zuena.

Energia nuklearraren erabilpena dago ezberdintasunen artean. Izan ere, estatuak libre izango dira «egokiak» iruditzen zaizkien energia iturriak eta teknologiak aukeratzeko Itun Berdea betetzeko. Aldaketa horren oinarrian, itunari hasieran betoa jarri zioten hiru herrialdeen nahia dago: energia nuklearra balekotzat jotzea. Hiru estatu horiek diru laguntzak eskatu zituzten erregai fosilen mendekotasun handiena duten herrialdeei laguntzeko, eta eskaera hori ere jasota dago akordioan. Von der Leyen «ulerkor» azaldu zen Poloniaren jarrerarekin, «onargarria» delako estatu batek denbora gehiago behar izatea hitzartutakoa betetzeko.

Klima larrialdiari buruzko Madrilgo goi bileran ez zen hainbesteko adostasunik atzo gauean. Arratsaldean zen bukatzekoa, baina luzatu egin zuten. «Akordio onik gabe ez dugu bukatuko»,esan zuen Andres Landerretchek, bilkurako Txileko presidentetzaren koordinatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.