Lerde berdea

Jokin Bergara - Soziologoa

2019ko martxoak 14
Lerdea dariola, ordenagailuaren aurrean estasi unean, klimaxaren gorenean, hala irudikatzen dut bere azken burtsa operazioan pare bat milioi poltsikoratu dituen auskalo nongo broker hori. Bere finantza operazioak azken boladan nahikoa asegarriak ez eta merkatu eremu berria probatu du gaur, aldaketa klimatikoarena.

Munduko estatistika bankuaren datuak argiak dira, karbono isuriak erregulatzeko baimenak esleitzen hasi zirenetik, salerosketek ez dute etenik izan. 2005. urtean lehen eta bigarren mailako merkatuetan egindako diru trukeek 10.000 milioi dolarreko negozio bolumena lortu zuten (espekulazioaren bidez, batik bat). 2011. urtean kopuru hori 176.000 milioikoa izatera iritsi zen. Gizaki kapitalzalearen ahalmen miresgarriak, planetaren birikak kez betetzen dituzten karbono isuriak balio-sormenaren makinerian sartzea lortu du, finantza hipertrofiaren giharrak puzten jarrai dezan. Anabolizante gehiago, mesedez.

Krisi klimatikoarekin eta geure gizarteentzat dakartzan erronka historiko-sozialarekin ere diru-jolasa egin daiteke. Berotze globalaren aurkako neurritzat hartu baziren ere karbono-isurketa mugatuetarako baimenak, alde batetik bestera saldu eta erosten aritzeak frogatu du isurketetan ez duela apenas eraginik izan; bai, ordea, diru pilaketa handiak posible egiten duen makina-erreminta ongi olioztatzeko. Paradoxa argigarria, helburu ekologikoen betetze maila hutsaren hurrengoa bada ere, finantza-eragileek altxor iturri agorrezina topatu dute. Billete berdeak, nazioarteko merkatuetako azken pagotxa.

Dena da balioan jargarri, baita naturaren beraren suntsipena ere, erronka klimatikoak negozio berdeari ateak zabaldu dizkio, finantza transakzioen agindupean antolatzen eta egituratzen den gizartean. Ez da ekonomia politikoan edo gizarteen portaera psikosoziologikoetan gehiegi arakatu beharrik, ingurugiroaren zaintza eta diru-merkatuen balio sortzaile logika uztargarriak ez direla konturatzeko. Metabolismo biofisikoaren gaitasun erreala kontu bat baita eta bere gainean eraikitzen dugun fikzioa, bestea. Green economy-aren mozorroa jantzi du krisi klimatikoa, berotze globala eta egiteko modu kapitalista nahasiko dituen tramankulu finantzarioak. Sakoneko eta egiturazko kritika oro xurgatzeko modu bat finean, gizarte berde atseginak eta hipertrofia finantzarioaren fikzioak adeitsu elkarbizi daitezkeeneko falazia.

Ez dakit egunotan Donostian Change the Change lelopean bildu direnen artean (klima aldaketari buruzko nazioarteko konferentzia) egiazko apustu sozioekonomiko eta politiko sendorik irudikatuko den, trantsizio ekosozialaren erronkari adarretatik helduz behingoz. Zaila egiten da halakorik egongo denik pentsatzea, tartean Iberdrolako presidentea eta bestelako elite finantzarioen ordezkariak badaude euren erakundeen interesen araberako planteamenduak egiten, ekonomia berdeagotzearen eta BPG-aren hazkuntza jasangarriago bilakatzearen inguruan (Green growth strategy gisa definitu zena 2011. urtean ELGA antolakundean). Green economy-a gozoki erakargarriegia da aldaketa klimatikoaren erronkak kudeatzeko modu bezala. Mozorro berde atsegina dela jakinagatik, ez daude uko egiteko moduan, eraginkorregi suertatu da, bai erroko kritikak saihesteko orduan eta baita krisi klimatikoaren aurrean ekiten ari direneko itxura egiteko garaian.

Elkarrizketa zintzorako baldintzak jarri behar dira, ez dirudi gure herriko erakunde eta boteregune nagusiek erronkari tamaina hartzeko ariketa egin dutenik, ebidentzia zientifikoek ozenago ezin dute oihukatu. Hegoaldeko lur lehorrek bizigarri izateari uzten diotenean egongo diren migrazio mugimendu masiboak, suteak, elikadura eta hidratazio arazoak, baliabideen jabe egiteko talde sozial ezberdinen arteko liskarrak, klaseen arteko banaketa geroz eta nabarmenagoak, faxismoak... hori guztia datorrela usaindu liteke, ibilgailu elektrikoetan geure ingeniari talentudun trebeenak jartzea ezin da arnasa luzeko estrategia soziopolitiko baten itxaropen iturria izan. Teknozientzia eta geoingeniaritza ahalguztidunak ez gaitu salbatuko oraingoan, egungo harreman molde ekonomiko, sozial eta politikoen erroko eraldaketa batek laguntzen ez badu.

Ekonomia politikoaren kritika klasikoak zioen ezin zela egiteko modu kapitalista gizarteen berezko ekinbide naturaltzat jo; gizarte industrial modernoen testuinguru soziohistoriko zehatzean jaiotako gizarte eta ekonomia egitura mota bat besterik ez zela. Bada, gaurko ekologia politikoak esango digu, kapitalismoa naturalizatu ezin zen eran, ezin dugula natura kapitalizatzen utzi. Change the Change interesgarria izan daiteke, trantsizio energetikoaz, erregai fosilen agortzeaz edo puntako teknologiaren azken berrikuntzen gainean aritzeko. Ordea, Zubietan jaiotzen dabilen kezko mamu kutsagarria agurtzera pasatzen denean, nabari da sakoneko planteamendu zintzoetatik urrun gaudela, kezka antzeztuaren usaina dario. Interes berde gehiegi, green finantza transakzioen eta karbono isurketen negozio bolumenaren itzal luzeak gaiari ertz deserosoetatik heltzea oztopatzen du.

Nola jokatzen du herri batek baliabide falta nabariaren aurrean? Zein modutan berma dezakegu justizia sozial orekatua baldintza horietan? Zein egitura politiko erabil dezakegu kaltea ahalik txikiena izan dadin? Nola banatu aberastasun apurra? Agian ildo honetan arakatzen duten galderak dira erantzun efektiboak irudikatzen lagun diezazkiguketenak, herri, auzo eta eskualde mailan landu beharrekoak, neurri lokalean erabakiko baita herri klaseen baliabideen produkzio eta banaketaren norabidea, ez Paris, Katowice edo Donostian. Kolapsora iritsi diren herrien esperientzia historikoetatik ikasgaiak ateraz prestatu beharko dugu lurzoru soziopolitiko eta kultural egokia, metabolismoa lehertzen denerako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna