Galerarik gabe itxi zuen urtea BERRIA Taldeak

Laguntzak eta egunkari salmenta jaitsi arren, emaitza positiboa izan zuen iaz. Proiektuari eusteko, funtsezkoak dira BERRIAlagunak

Akziodunen batzarra egin zuen atzo BERRIA Taldeak, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Andoain
2016ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Galerarik gabe, irabazi txiki batekin amaitu zuen iazko urtea BERRIA Taldeak. Diru laguntzetan berriro ere jaitsiera pairatu zuen euskarazko egunkariak, eta kazeten salmenta jaisten ari da pixkanaka —BERRIAren kasuan leunagoa da galera, harpidedun sareari esker—. Hala ere, publizitatea igo egin zen %1, eta BERRIAlagunen ekarpena ere gero eta handiagoa da. Horri eskerrak ez du galerarik izan taldeak iaz. Komunitate hori sendotzea da erronka orain; horretarako, besteak beste, prest da BERRIAlagunen webgunea. Komunitatea biltzeko bitartekoa da.

Akziodunen batzarra egin zuen atzo BERRIA Taldeak. Proiektuaren egoera izan zuten hizpide: urtea nola amaitu zen iaz, aurtengo aurrekontua, eta aurrera begirako erronkak. Proiektua bera izan zuen hizpide Beatriz Zabalondok, taldearen lehendakariak: «Zailtasunen ezpatapean bizitzea egokitu zaigu beti, ez aparretan. Baina beti egin dugu aurrera, sinisten dugulako egiten dugun honetan».

Biak geratu ziren agerian iaz, proiektuaren garrantzia eta zailtasunak. Inoizko zabalkunderik handiena dauka BERRIAk: egunero 64.000 lagunek irakurtzen dute paperekoa, CIESen azken datuen arabera —Jaurlaritzaren inkestako datuen antzekoa—, eta Interneten etengabea da goraldia: 5,5 milioi bisita baino gehiago eduki zituen iaz BERRIAren webguneak. Ia hirutik bat, telefonoetatik. Gero eta pisu handiagoa du telefonoak.

Zailtasunak ere nabarmenak dira, baina. Egunkari salmentak behera doaz kioskoan, %9 inguru. BERRIAk harpidedunen bidez hedatzen dituenez egunkari gehienak, ordea, jaitsiera arinagoa da—harpidedunak %1 inguru ari dira jaisten—. Publizitatea da egunkariaren beste zutabe bat. Krisi urteetan etengabe jaitsi da, baina iaz %1 igo zen. «Geratu egin da beheranzko joera», nabarmendu du Iban Arregi kontseilari ordezkariak. Bilakaera ikusi beharko da.

Erakundeei deia

Diru laguntzetan jaitsierak izan dira berriro. Euskarazko hedabideei laguntzeko irizpideak aldatu egin ditu Jaurlaritzak, eta BERRIAri kalte egin dio: 210.00 euro gutxiago jaso zituen 2014an, eta beste 10.000 gutxiago iaz. Euskarazko hedabideen elkarteak, Hekimenek, gomendio batzuk egin dizkio gobernuari, baina ez ditu aintzat hartu. Zabalondok salatu du «epel» jokatzen dutela agintariek euskararekin eta euskarazko hedabideekin. «Apustu benetakoa» egiteko eskatu die, hortaz.

Jaitsieraren ondorioz, gero eta pisu txikiagoa dute diru laguntzek taldearen ekonomian: %16 eskas. Beste bide batzuk indartzea ezinbestekoa da, beraz, proiektuari eusteko. Kanpo zerbitzuek emaitza ona utzi zuten iaz: banaketak, komunikazio zerbitzuek... Kontuan hartzekoa da, gainera, langileen ahalegina: soldatak izoztuta daude 2008tik, nahiz iazko irabazien zati bat banatzea lortu zuten.

BERRIAlagunen ekarpena funtsezko da: haien laguntzarik gabe, galera handiak egingo zituen taldeak azken urteetan. «Haiek lagundu zuten proiektua sortzen, eta haiei esker gaude gaur egoera saneatuan», nabarmendu du Zabalondok. Ia 5.200 BERRIAlagun daude. Gehiago egitea da helburua, eta komunitateari indar handiagoa ematea, kideen parte hartzea bultzatuta. BERRIAlagunentzako webgunea da bitarteko bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.