Jon-Mirena Landa Gorostiza.

Giza eskubideen kultura arriskuan!

2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Hauteskundeak ate-joka ditugula, aspaldiko partez dena hankaz gora jar daitekeelakoan dabil leloa. Hankaz gora zeintzuk eta orain arte politikan izan diren akordio Ā«ukiezinakĀ» daude eta, batez ere, Espainiako Estatuaren lurralde-egituraketarekin zerikusia daukaten gaiak: hots, Katalunia ez ezik, Euskadi edota Nafarroa (ez lehen bezala, baina oraindik ere) eztabaidaren erdi-erdian egonik.

Lurraldetasunaren eztabaidan ohikoa da konstituzionalismoaz hitz egitea. Konstituzio oro, ordea, jakina denez, lurraldetasunaz haratago doa eta, areago, bere sakoneko nortasuna beste alorretan datza: hiritar guztien funtsezko eskubideak bermatzean, hain zuzen ere. Zuzenbide-Estatu Demokratikoa izatekotan, funtsezko eskubideek, beste hitzetan giza eskubideek, beste ezeren aurretik, berebiziko garrantzia eduki behar dute, eguneroko elkarbizitzari bizkarrezurra emateraino, bai eskubide politiko, zibil, ekonomiko, sozial edota kulturalen alorrean; bai eta, era berean, beste herrialdeekiko begirune, elkarlan, elkartasun, bake edota planeta osoaren zaintza antolatzerakoan. Beste era batera esanda: eskubideen bitartez ez da bakarrik bermatu behar, norberaren askatasun-esparru indibidualik eta horren mugak (adierazpen-askatasuna; erlijio-askatasuna; ideologia-askatasuna, eta abar), baizik eta eskubideez berdintasunean gozatzeko baldintzak, hala nola, sozioekonomikoak (lan-eskubidea, lan egiteko baldintza egokiak, etxebizitza duina, gizarte-segurantza, hezkuntza, osasuna, eta abar) zein planeta mailakoak (ingurumen osasuntsua, jasangarria, denontzakoa).

Konstituzio demokratiko orok halako plana ahalbidetu beharko luke, denek gutxieneko eskubideak eta gutxieneko bitalak eduki ditzaten. Denek. Ez bakarrik estatu batekoek; ez bakarrik etnia batekoek; ez bakarrik gizonek; ez bakarrik dirudunek; ez bakarrik heterosexualek; ez bakarrik ideologia nagusi jakin batekoek; ez bakarrik erlijio batekoek edota erlijiorik gabekoek; ez bakarrik egungo belaunaldikoek; eta abar. Hau da, Nazio Batuetako 2030 Agendak berak garbi asko adierazten duen moduan: inor ez dadila atzean geldi! Izan ere, eskubide-eskaintza unibertsalean, berdintasunean oinarrituta, zilegitasuna topatu beharra baitago, elkarbizitza antolatzeko orduan. Eta horretan Giza Eskubideen Kultura halako ongarri fruitu-emaile bezain eragingarri suertatu da historikoki, ezbairik gabe.

Begira dezagun atzera. Pixkanaka, baina gelditu gabe, etengabean, zirimiri gisa, azkeneko 200 urteetan ontzen joan da egun ezagutzen dugun eskubide-kultura unibertsala: Frantziako iraultzarekin batera hasi zen eta gero nazioarteko komunitatea antolatzeko modura ere iragan zen. Nazioarteko egitarau zehatza, jada berdintasunaren (alegia, emakumeen lekua bermatzen duen) printzipio jatorrari helduta, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren eskutik (1948) etorri zen. 1966ko Nazioarteko Itunek beste zedarri bat ezarri zuten, giza eskubideen kulturaren aro berri bat inauguratuz. Harrezkeroztik, etengabeak izan dira aurrerako jauziak: hala nola, garrantzitsuenetariko batzuk aipatzearren, arrazakeriaren aurkako hitzarmena (1965), emakumeen aurkako diskriminazioari buruzkoa (1979), torturaren aurkakoa (1984), haurren eskubideen ituna (1989), langile etorkinen eskubideei buruzkoa (1990), pertsona desgaituen hitzarmena (2006), edota behartutako desagertuena (2006). Hitzarmenak, askotan esaten denaren aurka, ez dira aldarrikapen hutsa, indarrik gabekoak: horrek sustatzen du halako kultura, nazioartetik tokiko-estatuko jurisdikzioetara ere heltzen bukatzen dena. Edozelan ere, kultura horrek halako armiarma-sare bat sortu du, eskubide-egoerari buruzko bertsio alternatibo bat ematen duena. Bertsio hori, autoritatez jantzia, fidagarria, sinesgarria, estatuen bertsio ofizialak auzitan jartzen ditu askotan, horren bitartez gizarte zibilak borroka aurrera eramateko bide berriak irekiz. Izan ere, informazioa boterea da-eta. Beraz, edozein estaturen informazio-monopolioa apurturik, zuzenbide justuago baten aldeko bidea ireki egin zen giza eskubideen nazioarteko estandarren bitartez.

Nazioarteko giza eskubideek ez dute dena konpontzen, ez. Ez dute gehienetan indarrik hainbat injustizia zehatz iraultzeko. Baina badute bai indarra, aldaketa prestatzeko, eragiteko. Zeren eta aldaketa instituzionala, sakona, epe luzekoa, ez baitator zerutik, bat-batean, ipuinetan bezala. Benetako gure munduan aldaketak denboraz eta kemenez eragin behar dira. Eta horretan, dudarik ez, giza eskubideen kultura bide-lagun eduki dugu, eta egun oraindik ere badugu.

Baina aitortu beharra dago, lehenengo aldiz Bigarren Mundu Gerratik hona, giza eskubideen kultura auzitan ari dela jartzen. Mundu osoan ez ezik, Espainiako Estatuan ere bai. Auzitan, gainera, kultura horren bihotzera erasoa zuzentzen: alegia, berdintasun printzipiora. Etorkin, emakume, gutxiengo nazional edota etniko, LGTB edota ezberdin diren beste edozein talderen kontra jotzen dute eskuin muturretik batik bat. Batzuetan hitz gordinekin, beste batzuetan zeharkako eran, baina helburu berberaz.

Urteetan lortutakoa oso azkar gal genezake. Garaiz gabiltza, ordea: kontzientzia har dezagun!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.