Joseba Azkarraga Etxagibel.

Sanchez eta esperantza

2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Psikologo eboluzionistek diote gizakiok badugula berezko isuri edo joera kognitiboa: nolabaiteko aurre-disposizioa geure buruak engainatzeko, espejismoak sortuz dugun botere handiaz. «Gauzak ondo joango zaizkigu, gauza handiak egin ditzakegulako», nolabait esatearren. Geneetan itsatsita ei daramagu, eta sentipen horrekin bat ez datozen datuak igortzen badizkigu errealitateak, kito errealitatea; datuok kogniziotik ezabatu, eta listo. Hots, egia baino nahiago dugu esperantza. Badu edertasunik. Eta garrantzitsua izan omen da espeziearen iraupena ziurtatzeko.

Baina, iraupenaren aldeko ezaugarria, badirudi gaur gure portaera negatiboki determinatzen duen aurre-programa sendoa dela. Esaterako, berezko joera kognitibo horrek balio liezaguke ulertzeko zergatik hondamendi ekologikoaren aurrean ez garen erreakzionatzen ari garaiz eta ganoraz: errazagoa zaigu arrautza guztiak aterabide teknologikoaren saskian jartzea, gure ahalmen prometeikoan mugagabe sinetsiz. Nahiz zientzialariak eurak diren ohartarazpen beldurgarrienen egile. Kito datuak, kito errealitatea. Ziur nago joera kognitibo primitibo hori nabarmen harrotu dela aurrerapenaren aroan, Ilustrazioaren bidez adinez txiki izateari (ustez) utzi genionetik eta, arrazoiaren eta zientziaren garapenari esker, horrenbeste handitu genuenetik munduan eragiteko ahalmena.

Denborak esango digu Sanchez buru duen egitasmoa zer den, esperantzarako isuri oinarririk gabea ala beste zerbait. Lehenbizikoa bada, Espainiako ezkerraren porrotak aro luzea irekiko die eskuinari eta eskuin muturrari. Urteetako eta urteetarako inboluzioa.

Espainiako ezkerrak ezin du hutsik egin, beraz. Baina itzelak dira oztopoak. Hasteko, CUPeko bozeramaileak kongresuan egokiro aipatu zuena: Europa eragozpen handia da politika ez-neoliberaletarako. Europatik etorri da neoliberalismoa konstituzioetan txertatzeko bulkada politiko-ekonomikoa. Galdera da zelan demontre gauzatuko den gobernu berriaren programa eta horrek eskatzen duen gastuaren handitzea (pentsioak, dependentzia, trantsizio energetikoa, eta abar, eta abar). Bide hori urratu nahi izanez gero, gaurko Europa inpugnatu behar litzateke, berreskuratuz hasierako Podemos hura (ez gaurkoa), eta berpiztuz Espainiako alderdi sozialistan duela hamarkadak erraustu zen nerbio kontra-hegemonikoa (eurak ez beste inor izan ziren Espainiako konstituzioan neoliberalismoa txertatu zutenak, gogoratu 135 artikulua).

Bigarren oztopoa da etortzear den krisi ekonomikoa. Finantza-sistema larri dabilela ez da inorentzat sekretua. Zorpetzea zeru goialdeetatik dabil (publiko eta pribatua), handik goitik txiki ikusteraino 2008ko eztanda finantzarioaren garaiko zenbakiak. Handitu egin da, aldi berean, finantza-sektoreak pilatutako arriskua.

Finantza-sistema diru publikoarekin erreskatatzeko estrategia agortu ostean, 2012tik aurrera martxan jarri zen dirua egiteko makina (moneta-hedapeneko politikak), hori ere aurrekontu publikoen kargura, eta badira seinaleak hori ere agortze bidean dela. Epe laburrera neurriok itxurak egiteko balio izan dute, baina erdi epera are lehertze beldurgarriagoaren atarian jarri gaituzte. Kontua ez da eztanda gertatuko den, ezpada noiz. 2020ak baditu zenbait txartel.

Noski, krisiaren inpaktua handia izango da berez belarrietaraino zorpetuta dagoen Espainiako Estatuan. Dagoeneko ezagutzen dugun amesgaiztoa (enpresen itxiera, kaleratze masiboak, langabezia gora, etxegabetzeak, beldurra eta haserrea...), baina kutsu oraindik dramatikoagoarekin. Bonba finantzarioa ezkerraren eskuetan lehertuz gero, politika aurrerakoietarako herritarren gogoa, baita fuksia koloreko ezkerreko egitasmoetarako gogoa bera ere, lozorroan gera daiteke gutxienez hamarraldi baterako.

Sakonago begiratuz gero, gutxiagok espero duen mamu are zantarragoa dugu aurrean: «2020ko Petrolioaren Krisi Handia» deitu dio energia kontuetan aditua den Antonio Turielek. Honezkero jakina da amaitzen hasia dela erregai fosilen aroa, hau da, globalizazioaren oinarri materiala. Eta amaitzear egon daiteke, gainera, azken urteotan AEBetako fracking-ak emandako kreditua eta horrek eragindako normaltasun sentsazioa (asko dira porrot egin duten enpresak). Hidrokarburo likidoen ekoizpena eskaritik behera gera liteke 2020an, eta, ondorioz, prezioek nabarmen egin dezakete gora.

Are, duela ez horrenbeste Nazioarteko Energiaren Agentziak zioen hurrengo sei urteetan (2019-2025) petrolioaren likido guztiek behera egingo zutela nabarmen (nabarmena baita, besteak beste, petrolio konpainiak azken urteotan egiten ari diren desinbertsioa). Zehatzago, 2025ean gaur baino %34 gutxiago izango dugula. Kolosala da zenbakia. Kontu egin orain arte beti hazi dela petrolioaren ekoizpena (likido guztiak). Petrolio konbentzionalak gailurra jo zuen 2005ean, eta horrek eragina izan zuen 2008ko leherketa ekonomiko-finantzarioan, baina ez zen izan petrolioaren likidoek behera egin zutelako, baizik eta behar beste hazi ez zirelako. Beraz, aurreikuspenak zuzenak balira (baita jaitsiera balitz ere soilik aurreikusitakoaren erdia), jada berehalakoa da historiako energia jaitsierarik garrantzitsuena. Askok espero dute krisi ekonomikoa, seguruenera Sanchezen gobernuak ere bai, baina ez krisi ekonomiko hori.

Litekeena da, beraz, Espainian desegonkortasun ekonomiko, sozial eta politikoa disparatzea epe labur samarrean, eta eskuinak, aukera ez galtzeaz gain, herritar beldurtu eta atsekabetuak gogotik xaxatuko ditu. Nago subiranismoak ere jokaleku horretan pentsatu eta birkokatu behar lukeela bere egitasmoa.

Mende honetan biziko dugun destinoa da: gora begiratuz gero, sabaia jota dugu hondakinekin, eta behera begiratuz gero, lurzorua agortze bidean dugu, gero eta baliabide gutxiagorekin. Azken bi mendeotako aurrerapen ekonomiko eta sozialak ekarri gaitu lurzoru agortua eta sabai betea ezaugarri dituen mundura. Gauzak horrela, hobe genuke esperantzarako dugun berezko joera kognitiboa uztartuko bagenu errealismorik gordinenarekin. Baita aldaketa erradikalak eragiteko prestutasun kontra-hegemonikoarekin ere. Logika kontra-hegemonikoaren indartzea baita esperantza ganoraz funtsatu dezakeen bakarra. Eta kondizio on samarretan irauteko premisa funtsezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.