urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Hispanitatea

2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Ondare Hispanikoaren hilabetea daukagu Ameriketako Estatu Batuetan. Duela mende erdi baino gehiago onartu zen ospakizun ofizial gisa, 1968an, astebetez lehendabizi, eta hilabetez 1988tik, Ronald Reaganek sinatuta. Hilabete koloretsua da, kultur ekitaldi ugari daude musikatik gastronomiara, eta, nolabait, AEBen ideia uniforme baten aurrean bizikidetzaren aldeko aldarria egiten da.

Hori guztia oso ondo dago, noski. Baina Hego Euskal Herriko giro hispanikotik aldi baterako urrundu gura izan duenarentzat, ageriko kontraesanak pizten dizkio. Eta beti da interesgarria kontraesanetan murgiltzea eta bateko eta besteko jarrerak ikustea. New York, Kalifornia, Texas edo Floridarekin alderatuta, Washingtonen eta inguruko eskualdeetan biztanle hispanoak ez dira asko, El Salvadorko komunitatea nabarmena izan arren zenbait auzunetan. Baina hiriburua, azken batean, mundu guztitik etorritako jendearen bilgune ere bada: gehiengo afro-amerikarraz gain, Afrikatik bertatik etorritako biztanleak ere milaka dira, Nigeriatik, esaterako; eta AEBetako etiopiarren komunitate handiena ere hemen dago.

Hala, gutxiengo hispanikoak herrialdeari egindako ekarpena ospatzeko hilabetea da hau. Kulturan, ekonomian eta, zelan ez, armadan, AEBetako ekitaldi gehienetan ohi denez, ezin ahaztu ekarpen militarra. Politikan ere, sarritan nabarmendu da boto hispanikoaren garrantzia, geroz eta ordezkari politiko gehiago direla eta hori guztia. Egia izanda ere, bi ñabardura beharko lirateke gutxienez: jatorri hispanikoa hori bera da, jatorria, iragana, ordezkari gehienentzat; lotsarik gabe eta harro aipatzen dute familia-ondarea, baina nagusiki Ameriketako Estatu Batuetan zentratutako politikariak dira, ingelesez espainolez baino hobeto mintzatzen direnak, hasi eskuinean Ted Cruzekin eta ezkerrean Alexandria Ocasio-Cortezeraino.

Gehiengo demokrata izanda ere, gutxiengo izaera hori galdu ahala eskuinetik ezkerrera mugitzen den biztanleria, iazko hauteskundeetan Floridan Joe Bidenek izandako ezustekoak erakutsi bezala. Eta bigarren: gutxiengo garrantzitsua bada ere, Washington bera da adibide herrialdeko politikari ez-zurietako asko ez direla latinoak, Afrikan edo Asian dute jatorria Ilhan Omarrek edo Pramila Jayapalek, esaterako.

Inork ebatzi beharko balu hispaniko/latino nortasuna, talde horretan sartuko gintuzkete ziur aski. Halaxe egiten dute Guatemalatik datozen maiekin, esaterako, eta halaxe izendatu dute hiriko lehen hispano «ofiziala» XVIII. mendean alkate izan zen Peter Casanave nafarra, itxuraz jatorria Pirinioen iparraldean izan arren. Baina gure hautua izanik, gida baimena edo eskolarako tramiteetan «ez-hispaniko» laukitxoa bete dugu.

Euskal Herrian hispanitate izenez «arrazaren» egun zaharra ikusten dugu mozorrotuta, Espainiako inperialismorik basatiena eta ospakizun militaristak torturaleku berdeetan. AEBetako leku gehienetan urriaren 12a ez da jaieguna, eta Washingtonen hilaren 11n dauka alabak jai eskolan, herri indigenen egunagatik. Asteon hainbat ikaskiderekin batera irten, eta kolonbiar jatorriko lagun batekin egin du etxeko bideko tarte bat. Biek dakite espainolez, Bilboko ikastolan erabateko murgiltze hispanikoa izan du alabak azken urteotan, eta nekez aurkituko duzu euskarazko hitzik iazko gelakideen WhatsApp taldean. Hemen, aldiz, ingeles hutsez joan dira biak tipi-tapa eskolatik irtendakoan. Inklusioaren hizkuntza da, markatugabea; normaltasunarena, hala nahi bada, espainola ez bezala.

Lehen ere esan dugu: ez da gauza bera «hable español» Bilbon esatea edo Washingtonen, «parlez français» Baionan edo Quebecen edo Louisianan esatea ez den legez. Guztiz kontrakoak dira, egia esan —egun, Estatuak ez du zertan inposatu eskolan espainola jipoi eta zigor bidez: guraso euskaldunek irribarretsu murgilduko dituzte hispanitatean espainolik ia ez dakiten seme-alabak Oñatin, Usurbilen, Azpeitian eta La Patrulla Canina ikustera eramango dituzten zinema-areto guztietan—.

Hispanitatearen jaia zapalkuntza eta ukazioarena da leku batean, eta erresistentzia indigena eta Mexikoren independentzia ospatzen du beste batean. Hegemonia daukazunean, zurea denean normala, ederra da ondare hispanikoa ospatzea, eta gutxiengo hispanikoari txera egitea. Urtean zehar Txinako Urte Berria edo Indiako Diwali edo St Patrickekin egiten duzun gisan, zure hizkuntzaren nagusitasunetik kudeatuz gutxiengoekiko errespetua eta dibertsitatearen ospakizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.