Ikusezinak ikusarazteko

Leire Errandonea eta Armelle Etchenique
2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Ezbairik gabe, iazko Martxoaren 8ak nehoiz ikusi gabeko irudiak utzi zizkigun. Euskal Herrian, milaka emaztek egin genuen bat grebarekin eta egun guzian zehar, herri eta hirietako karrikak bete genituen. Donostian, Irun?ean, Baionan... Gelditu egin ginen, plazetan hainbertzetan ukatu lekua berreskuratzeko. Gure aldarrikapenei leku egiteko. Mundua gelditzeko.

Urte bat berantago, berriz ere egin digute gelditzeko deia. Grebarako deia. Eta honekin batera, bigarren greba deialdia izanik ere, bizilagunek, lankideek, kazetariek bati baino gehiagori eginen ziguten joan den urteko galdera bera. Zorioneko galdera: zergatik? Bada, sinpleki, ikusezina den hori ikusarazteko geldituko gara heldu den astean, berriz ere.

Hain zuzen, grebaren zergatiaz galdeturik, Martxoaren 8koa «bizitzari eusten dioten lanen» greba dela erran zuen, berriki, Iraitz Agirre ikerlariak, elkarrizketa batean. Horixe da gakoa. Gure jendartean, sistema kapitalistaren mesedetan, bi motatako lanak bereizten dira: produktiboak eta erreproduktiboak; lansari bat dakartenak dira lehenak, espazio publikoari lotu zaizkionak. Bertzeak, berriz, ordain ekonomikorik gabeak oro har, arlo pribatukotzat jo izan direnak, itzalpean atxikirikoak. Bistan denez, lan erreproduktibo horiek emazteon gain ezarri ditu sistema patriarkalak historian zehar, gaur egun arte, eta espazio publikoko eginbeharrekin konparatuz, gutietsiak izan dira. Logikoa delako, iduriz, dependentzia egoeran diren jendeez okupatzea, haurrak hazi zein heztea edo etxeko eginbeharrak bakar-bakarrik kudeatzea, trukean inolako errekonozimendurik nahiz babesik izan gabe. Zaintzak ez omen du baliorik, eta, beraz, mota honetako lanengatik lansaria jasotzen dutenek ere —haietarik gehien-gehienak, nola ez, emakumeak— baldintza arras prekarioak jasan behar izaten dituzte. Gainera, prekaritate-egoera are bortitzago bilakatzen da emakume migratzaileen kasuan. Baina, hori omen da logikoa, naturala; edo logikoa dela sinetsarazten digute, bederen, sistema kapitalista heteropatriarkal honetan.

Sistemak, eskura dituen tresna guziak baliatuz, zaintza lanen ardura emazteon gain du ezartzen, zeharka. Emakume izateagatik bakarrik, beti ondokoak begiratu behar ditugula irakatsi digu, horregatik nehoiz aitormenik ukan gabe eta herritarren bertze erdiak baino eskubide gutiagorekin, ahal bada. Isil, ikusezin, baina langile izatea nahi dute, zaintza-lanak ez daitezen kapitalaren xedeak betetzeko traba bilaka.

Alta, dogma hori, eskema hori jendarteko desoreken atxikitzeko gezurra baino ez da. Zaintza-lanak, bizitzari eusteko baitezpadakoak diren ber, ez dira bigarrenmailakotzat hartzen ahal, ezta lan horietaz arduratzen direnak ere. Nahi ala ez, denek behar izan baitugu zaintza gure bizitzan zehar. Beraz, batetik, ezin dugu denak hunkitzen gaituen ardura bat emakumeon ardurapean utzi, eta, bertzetik, zaintza-lana inposaturiko pribatutasunetik atera behar dugu, gainerako lanen hein berean ezarri, oraindik ere hain usu gertatzen diren zapalkuntzak behin betiko desagerrarazteko gisan.

Hori dela eta, grebalari feministok zaintza auzi politikoa dela aldarrikatzen dugu, hots, instituzioek eta herritar guziok elkarrekin kudeatu beharrekoa. Izan ere, herritar guziek bertzeek gu zaintzeko eskubidea dugun momentutik beretik, denon betebeharra da bertzeen zaintza kudeatzen laguntzea. Baina, zainduak izateko eskubide hori manera bidezko eta ez-zapaltzailean gauzatzeko, sistema kapitalistaren dogmetatik askatu behar dugu baitezpada. Bertzenaz, berez jendarte guziari dagozkion ardurak emazteon bizkarretan ematen dituzten bitartean, herritarren erdiaren ongizatea kolokan geldituko da, bertze erdiarenaren eta interes ekonomikoen mesedetan.

Horrengatik guziagatik da hain garrantzitsua, Martxoaren 8an, emakume bakoitzak bere ahalen arabera, grebarekin bat egitea, baita Ipar Euskal Herrian ere. Hain luzaz, itzalpean eta ikusezin egon den arazo bat plazetara eraman behar dugu. Kontziente gara, Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroan greba deialdiak ez duela ukan Euskal Herriko gainerako eremuetan bezainbertzeko hedapenik, baina, justuki, horrexegatik da hain baliotsua emakumeon presentzia indartzea aldarrikapen hitzordu honetan. Behin eta berriz erran dugun bezala, denbora gehiegi egon dira emakumeon zapalkuntza eta gutiespena isilean. Hortaz, betiere norbere mugen eta indarguneen kontzientziarekin, Martxoaren 8an Baionako karrikak betetzeko deia zabaltzen dugu, egin diezaiegun guk ere greba bizitzari eusten dioten lanei. Feminismoaren aldarrikapenen oihartzunak Euskal Herri osoainarros dezala. Eman dezagun gure alea bidezko euskal jendartea eraikitzeko bidean. Behingoz, bortxaz ikusezin izan garenak atera gaitezen argitara.

Gora borroka feminista ! Bizitzak erdigunera !
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.