Puigdemont telematikoki inbestitzeko erreforma mantendu du Mahaiak

Torrentek NBEn salatuko ditu Madrilen «esku hartze ilegitimoak». Gorenak ez du baztertzen presidente zenari sedizioa leporatzea

Igor Susaeta.
2018ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Presidentetza Legea aldatuz, Carles Puigdemont telematikoki presidente inbestitzea du helburu JxC Junts Per Catalunyak. Presidente ohiaren zerrendak legea erreformatzeko proposamena aurkeztu zuen Kataluniako Parlamentuko Mahaian, joan den otsailaren 9an. Erreformari eustea erabaki zuen Mahaiak, atzo.

Bide batez, Puigdemontek botoa delegatzen jarraitu ahal izatea onartu zuen. Ciutadansek eta PPCk horren kontrako helegitea jarri zuten, baina Mahaiak atzera bota zuen. Parlamentuan egin dituzten azken bi osoko bilkuretan botoa delegatu ahal izan du Generalitateko presidente kargugabetuak. Espainiako Gobernuak esan izan du ez duela horren kontra egingo, baina Ciutadansi iruditzen zaio erabakia Auzitegi Konstituzionalean inpugnatu daitekeela. Antoni Comin Belgikara erbesteratutako diputatua Puigdemonten egoera berean dago, baina ERCk ez du eskatu, oraingoz, hark botoa delegatu ahal izatea.

Hurrengo osoko bilkura hilaren 25ean egingo dute parlamentuan, baina horretan ez dute Presidentetza Legea aldatzeaz eztabaidatuko eta bozkatuko. Erreformari buruzko txosten bat eskatu dio Mahaiak Estatutu Bermeen Kontseiluari, eta hurrengo astean hori jaso ondoren, talde parlamentarioek bi egun edukiko dituzte lege proiektuari zuzenketak egiteko. Ondoren egingo lukete legea aldatzeko saioa. Kataluniako Legebiltzarrak maiatzaren 22ra arteko epea du presidentea hautatu eta gobernua osatzeko.

Bestalde, Roger Torrent NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkariekin biltzekoa da gaur eta bihar, Genevan (Suitza). Kataluniako Parlamentuko presidentearen helburua da diputatuen eskubide politikoak defendatzea, eta Espainiako Estatuaren «esku hartze ilegitimoak» salatzea.

Salatuko du, besteak beste, Josep Rull, Joaquin Forn eta Raul Romevaren egoera. Matxinada eta diru publikoaren erabilera okerra egozten die Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak hirurei, eta atzo auzipetze autoaren berri eman zien. Madrilen «bide orria» jarraitzen ari zela egotzi zion Rullek Llarenari.

Llarenak ez, Goreneko apelazio aretoak kritikatu du Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegia (Alemania), Puigdemonten aurkako euroaginduan matxinada ukatzeagatik. Atzo kaleratutako autoaren arabera, ez dute baztertzen sedizioagatik eskatzea Puigdemonten Espainiaratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.