Europako Parlamenturako hauteskundeak. Frantzia eta Espainia

Eskuin muturrak irabazi du Frantzian, eta bozak eskatu ditu Le Penek

Marine Le Pen BNko burua, atzo arratsean, Parisen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
mikel rodriguez
2019ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Emmanuel Macron Frantziako presidentearentzat kolpe gogorra izan dira atzoko emaitzak. Europako Parlamenturako hauteskundeak irabazteko helburua argi markatu zuen, EB Europako Batasun osoan elkartea sendotzeko olatu erreformista baten liderra izan nahi baitzuen, eta Frantzian bertan Jaka Horien krisi konpondu gabearen ondoren agintaldiak duen sostengua neurtuko baitzuen. Apustua galdu egin du, ordea, eskuin muturrak irabazi baitu, 2014an bezala.

Parte hartzea zazpi puntu hazi da —%48,3 atzo; %42,4 2014an—. Botoen %81 zenbatuta, BN Batasun Nazionalak %25ekin irabazi du, 2014an FN Fronte Nazionala izenarekin bezalatsu. Marine Le Pen BNko buruak ez zuen itxaron emaitza ofizialak jakin arte. Zundaketak argitaratu orduko, Macroni eskatu zion Asanblea Nazionala desegin eta hauteskundeetara deitzeko. «Zure ondorioak atera itzazu, presidente gisa duzun sinesgarritasuna zure politiken eta pertsonaren inguruko erreferendum gisa paratu baituzu».

Edouard Philippe lehen ministroak berehala erantzun zuen, errateko ez dutela orain arteko politika aldatuko. Bigarren izan da Errepublika Martxan, botoen %21,6rekin. Gainerakoan, daturik esanguratsuenak izan dira Europa Ekologia alderdi berdearen hazkundea —hirugarren indarra, botoen %12,8— eta bi alderdi tradizionalen hondoratzea —botoen %8,4 Errepublikanoek, eta %6 PS Alderdi Sozialistak—. Frantzia Intsumisoak %6,3 lortu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.