Katalunia. Mobilizazioak

HASERREAK DEITUTA

Manifestazio erraldoia egin dute Bartzelonan politikari kartzelatuen aurkako epaia arbuiatzeko, aske utz ditzatela galdegiteko, eta Madrili errepresioa amai dezala eskatzeko. ANC antolatzailearen arabera, instituzioek egin behar dituzte proposamen politikoak «kalearen deiadarrari» erantzuteko.

Askatasuna lelopean ehunka milaka herritar elkartu ziren, atzo, Bartzelonan. Irudian, manifestazioaren burua.  JESUS DIGES / EFE.
Igor Susaeta.
Bartzelona
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Gatazkari irtenbide bat emateko, esertzeko eta hitz egiteko eskatzen diote Kataluniako independentistek Espainiako Gobernuari. Baina iparralderantz ere begiratzen dute, eta EB Europako Batasuneko instituzioek gertatzen ari denari heldu beharko lioketela uste dute. Horregatik, duela bi urte Espainiako Estatuaren errepresioa hasi zenetik prozesuarekin lotuta Bartzelonan egin izan diren manifestazio masiboetan ez da harritzekoa izan ingelesez idatzitako pankartak ikustea. Marina etorbidean atzo egindakoan ere baziren horietako batzuk, batik bat nazioarteko medioen arreta piztea helburu dutenak. Horietako batek nahiko ondo laburbiltzen du atzoko mobilizazioaren zioa. Injustizia legedi bihurtzen denean, erresistentzia obligazio bat bihurtzen da. Omnium Culturalen laguntzarekin, ANC Biltzar Nazional Katalanak deitu zuen buruzagi subiranisten kontrako epaia kalean arbuiatzera, horiek aske utz ditzatela aldarrikatzera, baina, finean, estatuaren errepresioak eragindako injustizia sentipenak mobilizatu zituen herritarrak atzo ere, Askatasuna lelopean. Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, 350.000 inguru izan ziren.

Marcel Mauri Omniumeko presidenteordeak salatu zuen Udaltzaingoak jakinarazitako kopurua «onartezina» eta «lotsagarria» dela, eta azalpenak eskatuko dituztela jakinarazi zuen. Gogorarazi zuen 2017ko azaroan lehen kartzelatzeak gertatu eta gero leku berean egindako manifestazioaren ondoren 750.000 bat pertsona bildu zirela esan zuela Udaltzaingoak. Injustizia sentipena kopuruei dagokienez ere, hortaz.

Eta sentipen hori areagotzen ari da. Diadan, joan den irailaren 11n, herritarrek aurreikusten zuten buruzagi subiranistei ezarriko zizkieten zigorrak gogorrak izango zirela, baina, molde horretako mobilizazioetan gertatu ohi izan den bezala, jai giroan bildu ziren Espainia plazan. Atzo ere irribarretsu ageri ziren, eta, adibidez, casteller-en erakustaldiak txalotu zituzten, txarangekin mugitu ziren «salto egiten ez duena, espainol hutsa!» oihukatzen zuten bitartean, eta Bella Ciao une honetako matxinatu askoren ereserki bihurtutakoarekin dantzatu ziren. Baina Espainiako Poliziaren pare bat helikoptero Marina etorbidearen gainean agertu ziren bakoitzean, txistu hotsa gailendu zen, eta, deiadarka, mezu argia bidali zioten Poliziari eta Guardia Zibilari: «Okupazio indarrak kanpora!». Une horretan bertan, Via Laietanatik igarotzen ari ziren gazteen zorroak miatzen ari ziren Poliziaren agenteak. Gero, gauean, istilu batzuk izan ziren, eta mossoak eta poliziak manifestariei oldartu zitzaizkien.

Baina atzo protesta egin zuten herritarrak ez daude soilik estatuarekin haserre. Nahikoa da errepresioarekin, eta Preso politikoak askatu irakur zitekeen pankartetan, baina Kataluniako alderdi subiranistei «batasuna» eskatzen zieten oihuak dezenteko protagonismoa hartu zuen. Manifestazioaren buruan joan beharrean, metro batzuk atzerago joan ziren JxC Junts Per Catalunyako eta ERC Esquerra Republicanako buruzagiak. Elkarrekin, bai, baina ez nahastuta. Mobilizazioa hasi aurretik mintzatu ziren. Quim Torra Generalitateko presidenteak asteon Generalitateko bazkideek erakutsitako «batasuna» aldarrikatu zuen, hain zuzen, eta «herritarrek nahi bezain urrun» iritsiko direla. Roger Torrent (ERC) Kataluniako Parlamentuko presidentearen esanetan, «atzerapausorik» ez dute emango.

Elisenda Paluzie ANCko presidenteak, ordea, belarrietatik tira egin zien, berriro, amaierako ekitaldian, eta adierazi zuen instituzioek «kalearen deiadarrari» erantzuteko proposamen politikoak egin behar dituztela, eta horiek «une historikoak behar duen mailakoak» behar dutela.

Manifestazioak asmo «inklusiboa» zuela nabarmendu zuten antolatzaileek, baina Catalunya En Comuk ez zuen, alderdi gisa, mobilizazioarekin bat egin, nahiz eta asteon bertan Bartzelonako Udalak onartu duen sententzia arbuiatzen duen eta kartzelatuak askatzeko eskatzen duen ebazpen bat, Comukoen botoekin.

Sant Boi de Llobregateko Enriquetarentzat (65 urte), Kataluniako une politikoa «independentziatik haratago» doa. «Demokraziaz ari gara. Eta errepublika bat nahi dugu demokrazia bat eduki ahal izateko». Iruditzen zaio «herritarren protestek» alderdiak «gainditu» dituztela. Ana (26) Bellcaire d'Empordakoaren iritziz, «errepresioa zenbat eta handiagoa, orduan eta independentista gehiago». Eta argitu du ez duela «esateagatik esaten», baizik eta «gertuko kasuak» ezagutzen dituelako. Marta manifestazioko boluntarioetako bat (Bartzelona, 33), ordea, kritiko mintzo da. Pentsatzen du sententzia kaleratu zuten egunean Prat aireportuan egindako mobilizazio ereduari eutsi behar zaiola. «Katalanok apur bat bipolarrak gara. 08:00etatik 16:00etara lan egiten dugu, eta hortik aurrera iraultza egiten dugu». Pausoak «pixkanaka» ematearen aldekoa da, baina uste du, aldi berean, aurreko asteko istiluek lehenago gertatu behar zutela. «Adarra jotzen ari zaizkigu». Xavier (68) Sant Boi de Llobregatekoarentzat, atzokoaren moduko mobilizazio batek ez dio «minik egiten» estatuari. «Aurreko asteko istiluek, ordea, bai».

Kontramanifestazio bat

Manifestazioa hasi baino minutu batzuk lehenago, 40 bat pertsonek segurtasun lerroa gainditu zuten, eta kontramanifestazio moduko bat egin zuten. Independentzia, askatasuna idatzia zuen pankarta baten atzean jarri ziren, eta lelo hori bera oihukatu zuten. Ni naiz ANC leloa zuten kamisetak zeramatzaten jantzita. Antolatzaileek gelditzeko esan zieten, baina aurrera jarraitu zuten. ANCko iturriek adierazi zioten BERRIAri ez zekitela nortzuk ziren.

[youtube]https://youtu.be/0q_4dqzjQAE[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.